Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak taldeen ordezkariek eta Sumar Mugimendua taldekoek bilera egin dute gaur, aztertzeko ea posible izango duten ezkerreko espazio horretan hautagaitza bakarra adostea. Baina Sumarrek ezustea eman du, Alba Garcia (Bilbo, 1988) proposatu baitu Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigai gisa. Iazko hauteskundeetan, Garcia Elkarrekin Podemoseko zerrendako hirugarrena izan zen Bilboko Udalerako, baina ez zuen lortu eserlekurik. Podemosek esan du Garciak «lan kontratua» duela Podemos Euskadirekin, eta «harriduraz» hartu du Sumarren proposamena.
Espainian Yolanda Diaz eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Lander Martinez buru dituen koalizioak, ordea, hautagai egoki gisa azaldu du Garcia, haren «konpromiso feminista» dela eta. Garcia, halaber, «arrazakeriaren aurkako jardueran» aritu dela nabarmendu du Sumarrek. Izan ere, ogibidez psikologoa den politikari hori SOS Arrazakeriaren bozeramailea izan zen Bizkaian. Azken urteotan, Elkarrekin Podemosen hauteskunde kanpainetan lan egin du, eta jarduera hori Sumar martxan zegoela egin duela nabarmendu du Elkarrekin Podemosek, bere «harridura» azaltzean.
Pilar Garrido idazkari nagusi duen koalizioan ez dute begi onez ikusi Sumarren mugimendu hori, eta ikusteko dago ezkerreko espazio horrek hautagaitza bakarra adosteko bidean oztopoa baizik ez ote den izango Garciaren proposamena. Gaurko bilerak segida izango du asteon bertan. Bitartean, primarioen prozesua aurrera doa Podemosen barruan eta Elkarrekin koalizioaren gainontzeko taldeetan.
Martinezen dimisioa
Duela lau urteko bozetan, Miren Gorrotxategi izan zen Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigaia, eta hilabete gutxi barru egingo diren hauteskundeetan ere rol hori betetzeko prest dagoela esana dauka egungo legebiltzarkideak. Rosa Martinez hautagaiarekin lehiatu ondoren lortu zuen garaipena Gorrotxategik 2020ko primarioetan, eta, gertaera haren ondorioz, Lander Martinezek eta haren taldeak dimisioa eman zuten Elkarrekin Podemosen idazkaritza nagusian.
Orain, Sumar Mugimendua taldeko buru da Martinez, eta diputatua Espainiako Kongresuan, eta, haren arabera, «belaunaldien erreleboa» egitea ezinbestekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ikusita EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk hautagai gazteen alde egin dutela.