Sumarrek 755 milioi euroren zuzenketak aurkeztuko dizkio D'Anjouri

Errenta unibertsala ezartzeko plan pilotu bat abiatzea proposatu du Sumarrek, baita 2.000 etxebizitza publiko eraikitzea ere. Koalizioak adierazi du «paradigma aldaketa bat» behar dela.

Jon Hernandez, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Jon Hernandez, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 19a
13:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel D’Anjouren eta Sumarreko kideen arteko lehen bilkuran agerian geratu ziren bi aldeen arteko diferentziak, eta koalizioak ez du baztertu osoko zuzenketa bat aurkezteko aukera. Halere, oraingoz inor ez da altxatu negoziazio mahaitik, eta bihar beste bilera bat izango dute. Bada, Sumarrek gaur jakinarazi du zer proposamen aurkeztuko duen hartan: 755,5 milioi euroren zuzenketak egin nahi ditu Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontu proiektuan. Besteak beste, 2.000 etxebizitza publiko eraikitzea proposatu dute, eta gutxieneko errenta unibertsala ezartzeko plan pilotu bat osatzea.

Sumarrek zehaztu du koalizioaren asmoa ez dela soilik diru sailetan aldaketak egitea, lehentasunak aldatzea dutela xede, «XXI. mendeko erronken buru izango den herrialde bat eraikitzeko». Finean, zehaztu dute «paradigma aldaketa bat» nahi dutela, «justizia soziala eta erresilientzia klimatikoa» barne hartuta.

Halere, bihar goizean, Sumarreko ordezkari Jon Hernandezek eta Alba Garciak Ogasun sailburuarekin egingo dute bilkuran, diru sailak izango dira hizpide nagusia. Adierazi dutenez, «Euskadi bidezkoagoa eta gizarte eta klima erronketarako prestatuagoa» eraikitzeko xedea duen zuzenketa multzo bat aurkeztuko dute. Zehazki, zazpi arlotan eragin asmo dute horiekin: etxebizitza, osasungintza, hezkuntza, trantsizio energetikoa, garraio, zaintza eta desberdinkeria.

Proposamen zehatzetara jota, Sumarren eskaeren artean daude oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko plan pilotu bat osatzea eta oinarrizko produktuen prezioa kontrolatzeko mekanismoak ezartzea. Hala, 80 milioi euro jartzea proposatu du desberdinkeriari aurre egiteko eta gizarte ongizatea bermatzeko neurriak hartzeko.

Diru sail handiena, baina, osasun arloan inbertitu nahi du koalizioak. Arlo hartan, «Osakidetza erreskatatzeko» 250 milioi euroren balioa duten proposamenak egin ditu. Lehen arretan eta itxaron zerrendetan jarri dute begirada, nagusiki, baita zerbitzuen publikotasuna eta horiei dagozkien azpiegiturak indartzean ere.

Etxebizitzari dagokionez, 107,5 milioi euro baliatu nahi ditu, besteak beste, alokairurako parke publikoa handitzeko, hala nola 2.000 etxebizitza eraikita. Hezkuntzan, 85 milioi nahi ditu sektorearen «publifikazio unibertsalerantz» bide egiteko: besteak beste, jantokien doakotasuna bermatzeko eta ikasgeletako ratioak apaltzeko.

Trantsizio energetikoari heltzeko, berriz, 91 milioi eskatu ditu: «Berrindustrializazio berdea bultzatzeko, energiarako sarbidea demokratizatzeko eta parke fotovoltaiko eta eoliko publikoak sortzea sustatzeko».

Garraio publikoa indartzeko 52 milioi euroko diru sail bat ere nahi du Sumarrek. Flota hobetzeaz gain, xedeen artean dute irisgarritasuna hobetzea, baita zerbitzua «kolektibo kalteberentzat» doakoa izatea ere. Zaintzarako 90 milioien bitartez, berriz, sare publiko bat eratzea eta zaintza lanbidetzat ez daukaten zaintzaileei laguntzea da helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.