Hauteskundeak

Sumar proiektu «autonomo» batekin aurkeztuko da Eusko Legebiltzarrerako bozetara

Lander Martinezen arabera, proiektuak gaitasuna izango du «demokrazian sinesten duen edozeinekin elkarrizketak izateko». Lehendakarigaia nor izango den ez dute zehaztu.

Lander Martinez Sumarren Bizkaiko diputatua, uztailean egindako agerraldi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko irailaren 11
11:50
Entzun

Datorren urterako aurreikusten diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko da Sumar. Hala adierazi du gaur goizean Lander Martinez Sumarren Bizkaiko diputatuak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Haren arabera, proiektu «autonomo» bat aurkeztuko dute, eta «harreman argia» izango du Sumarrekin, bera baita «bidea ezartzen» duena.

Martinezek azaldu duenez, oraindik ez dute proiektuaren izena adostu. Helburua ez da bakarrik hauteskunde batzuetara aurkeztea: ibilbide luzeko egitasmo politiko bat sortu nahi dute, «hamar edo hamabost urtekoa». Era berean, Martinezek adierazi du proiektuak gaitasuna izango duela «demokrazian eta gizarte eraldaketan sinesten duen edozeinekin elkarrizketak izateko».

Lehendakarigaia ez dute aukeratu, eta «barne sufragioa egiteko modua» ere ez. Martinezek esan du bi kontuak «bete beharreko ibilbidearen» parte direla; eta gehitu du «konplexua dela alderdi ugarirekin koalizio bat sortzea».

Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusia izan zen, duela lau urte dimisioa eman zuen arte. Hautagai izango ote den galdetuta, erantzun du «oraindik» ez duela erabaki.

Elkarrekin Podemos-IUk Sumarrekin hitz egingo du

Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusiak esan du Elkarrekin Podemos-IU koalizioko eragileak prest daudela Sumarrekin hitz egiteko. Nabarmendu duenez, «batasuna da hauteskundeei aurre egiteko» modurik onena. Sumarrekin bat egiteak «gizarte eraldaketarako tresna indartsuago bat» sortzea eragingo du.

Garridok agerraldia egin du gaur Bilbon, urte politikoari hasiera emateko bilera egin ostean. Eta bertan esan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «aldaketei» buruz hitz egiteko garaia dela: «Gero eta nabarmenagoa da Eusko Jaurlaritzaren gaitasun eza, euskal gizartearen erronkei aurre egiteko». Zerbitzu publikoak «ahultzen» ari direla gaineratu du. Eta adibide gisa jarri ditu Osakidetzaren eta eskola garraioaren auziak. Koalizioarentzat PSE-EEren eta EAJren eredua «iraungita» dago, eta ez ditu bermatzen «oso oinarrizkoak diren zerbitzuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.