Sumar Mugimenduak hasi du bere I. Batzar Nazionala, «bide orri anbiziotsu bat» osatzeko asmoz

Lander Martinezek espero du zuzendaritza osatzeko zerrenda bakarra aurkeztea, eta haren parte izateko asmoa du. Prozesuaren xedea da Sumar «subjektu politiko propio bat» bilakatzea.

Sumarreko kideak, gaur eguerdiko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sumarreko kideak, gaur eguerdiko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 23a
13:30
Entzun

Begirada jada 2027ko udal eta foru hauteskundeetan jarria du Sumar Mugimenduak, eta haietara indartsu iristeko bidearen hasiera gisa irudikatu du bere I. Batzar Nazionala. Bilbon egindako aurkezpen agerraldian azaldu dutenez, mugimendua «ideologikoki berrantolatzeko» eta «Euskadin sustraitzeko» xedea dute. Horrek «subjektu politiko propio bat» osatzeko eta «euskal ezker eraldatzaileak» datozen urteetan izango duen rola finkatzeko ere balioko duela uste dute, «bide orri anbiziotsu bat» ezarrita.

«Ziklo politiko berri baten» atarian, Sumar Mugimenduak barne prozesua hasteko abagune aproposa topatu du urte politikoaren hasieran, azken hauteskunde zikloa amaituta. «Begi bistan hauteskunderik izan gabe, iritsi da eztabaidak irekitzeko eta geure buruari galderak egiteko garaia», esan du Azahara Botella alderdikideak. Azaldu duenez, mugimenduaren sorreratik hona unean uneko erronkei «abiada bizian» erantzutea izan da lehentasuna, eta horrek «errotzea» eta antolaketa ereduan sakontzea zaildu die.

Gaur hasi eta azaroaren 30eko eta abenduaren 1eko asteburuan amaituko da prozesua, Fundazio Batzarrarekin. Bidean, aparte landuko dituzte, batetik, ildo politikoa eta antolakuntza eredua zehazteko prozesua, eta, bestetik, mugimenduaren lidergoari dagokiona. Azken hori azaroaren 19an abiatuko da. Orduan irekiko dute Zuzendaritza Nazionala osatzeko hautagaitzak aurkezteko epea. Zerrenda bakoitzak gutxienez hamabost kide izan beharko ditu, eta gehienez ere 30. Gainera, hiru eledun ere zehaztu beharko dituzte. Hala, Sergitz Moreno kideak azaldu du zuzendaritza «koral» baten alde egitea dela xedea, «hiperlidergoetatik ihes eginda».

Oraingoz, ez da zuzendaritza berria gidatzeko hautagairik aurkeztu, baina Lander Martinez Espainiako Kongresuko diputatu eta mugimenduaren eledunak espero du zerrenda bateratu bat soilik aurkeztea, eta prozesua «lasaia» izatea: «Uste dut badaukagula ahalmena lehiarik ez egoteko». Euskadi Irratian egindako elkarrizketan azaldu duenez, «aukera eta formula» ugari aztertzen ari dira zerrenda hori hala izan dadin, baina ez du pistarik eman hartan egon daitezkeen kideen inguruan. Jakinarazi du, baina, berak zuzendaritzan egoteko asmoa duela: «Gogoa dut zuzendaritzan parte hartzeko eta alderdi politikan jarraitzeko».

Halere, Martinezek indar handiagoa egin nahi izan du batzarrean landuko den beste gaian, «bide politiko eta estrategikoa markatzeko» eta «erakundearen antolakuntzan sakontzeko» xedean. Hain zuzen, arlo horretan egingo dituzte lehen urratsak. Datorren astelehenean aurkeztuko dituzte ildo politikoa eta etikoa finkatzeko proposamenak, baita antolaketari dagozkionak ere. Behin hori egin eta gero, tokian tokiko bilkurak egingo dituzte militanteekin, eta haiek dokumentuei zuzenketak aurkezteko aukera izango dute azaroaren 10era arte.

Aldaketa

Aurkezpenean ez dute testuen inguruko xehetasunik eman, baina Botellak zehaztu du Sumar Mugimenduaren xedea dela beste zenbait «euskal erakunde aurrerakoirekin» batera «fronte zabal» bat ezartzea eta hura «kolektiboki gidatzea», baita hura ziklo politiko berriari erantzuteko «erabakigarri» bilakatzea ere, aurrez aurre dauden erronkak kontuan hartuta: «Etxebizitzaren drama, Osakidetzaren eta euskal hezkuntza publikoaren desegitea, gorroto diskurtsoen gorakada edo klima eta zaintza krisiak».

Izatez, Alda dezagun euskal politika leloa aukeratu dute batzarrerako. Hari erreferentzia eginez, Martinezek adierazi du euskal politikan badela «anbizio falta» aurrez aurre dauden erronkei erreparatzean. Zehazki, aldaketa ugari egin beharra dagoela esan arren, bi «zutabe handi» aipatu ditu: Osakidetza eta etxebizitza. Horiek ardatz hartuta, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agintaldi hasieraren balorazio «gazi-gozoa» egin du. Osakidetzari dagokionez, uste du elkarrizketarako bidea ireki den arren ez dela publikotasunaren aldeko apustu bat egin. Etxebizitza arloan, berriz, EAEko eta Espainiako etxebizitza legeak betetzeko eskatu du, eta gehitu du auzia prezioak merkatzeko «estrategia integral baten» pean kokatu behar dela; besteak beste, turismoaren gaia ere landuz.

Ezker konfederala deritzon esparruko gainerako alderdiekin dituzten harremanei dagokionez, berriz, Martinezek azaldu du luze gabe zera dutela helburu, jada bazkide dituzten indar politikoekin dituzten harremanak indartzea; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Ezker Anitza-IU eta Equo dira horiek. Hain zuzen, azaldu du «pozik» daudela Eusko Legebiltzarrean Jon Hernandezekin hasi duten bidearekin, nahiz eta «kontziente» diren zer ordezkaritza duten EAEko erakundeetan. «Lan egin behar dugu gure lekua egiteko Euskadin», zehaztu du, 2027ko udal eta foru hauteskundeei erreferentzia eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.