Suma kentzeko batu dira

Lizarrako Udalean zentsura mozioa aurkeztu dute EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNko bi zinegotzik. Koldo Leoz izanen da alkate 2022ra arte. PSNk ituna txarretsi du, eta sinatzaileak kanporatuko ditu

Koldo Leoz, aginte makila eskuan, karguaren zina egin zuen egunean, 2015eko hauteskundeen ostean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Batzeko sortu zen Navarra Suma, baina erdibidean gelditu da. Nafarroako Gobernuan, aurrekontuak adosteko negoziazioetan, Iruñerriko Mankomunitatean eta beste hainbat aginte gunetan, eskuinaren batuketak ez du fruiturik eman. Orain, Lizarrako Udalean, oposizioko udal taldeek—EH Bildu, Geroa Bai eta PSNko hiru zinegotzietatik bi— utzi dute agerian eskuin espainiazalearen bakardadea, Gonzalo Fuertes alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkeztuta. Batzea izanen da, hain zuzen, Navarra Suma kanpoan utziko duena.

Martxoaren 24ko osoko bilkuran bozkatuko dute mozioa, 12:00etan, eta egungo indar korrelazioa aldatzen ez bada, Koldo Leozek (EH Bildu) hartuko du Lizarrako aginte makila, 2015-2019ko legealdian egin zuen bezala. Atzo aurkeztutako itunari jarraikiz, ordea, EH Bilduk eta PSNren zerrendetan aurkeztutako zinegotziek txandaka hartuko dute alkatetza: lehenbizi, Leozek edukiko du makila, eta, 2022ko martxoaren 1etik aurrera, Jorge Crespo PSNren zerrendetan aurkeztutako zinegotziak.

«Joera autoritario eta diskriminatzailea» egotzi diote sinatzaileek Navarra Sumako alkateari. «UPNren, PPren eta Ciudadanosen eskuina Lizarrako alkatetzatik kanporatzeko beharretik sortu da zentsura mozio hau», adierazi dute sinatzaileek, ohar baten bidez. Fuertes alkateari eta haren taldeari udala kudeatzeko «ezintasuna eta erabateko egitasmo falta» leporatu diete, gainera.

Bederatzi zinegotzik sinatu dute zentsura mozioa: Koldo Leozek, Uxua Domblasek, Regino Etxabek, Edurne Ruizek, Maider Barbarinek, Unai Errazkinek, Jorge Crespok, Magdalena Hernandezek eta Pablo Ezkurrak. PSNren hirugarren zinegotziak —Ibai Crespok— ez du bat egin agirian azaldutako konpromisoekin, eta PSNren zuzendaritzarekin lerratu da.

Hain zuzen, Maria Txibiteren alderdiak atzo ohar bat argitaratu zuen zentsura mozioa txarresteko. «Ezkutuko operazio tranpati bat» dela esan zuen PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek. Ildo ofiziala alboratzea, sozialistei «traizio» egitea eta alderdia «interes pertsonalen mesedetan erabiltzea» leporatu zien zentsura mozioa sinatu zuten zinegotziei, eta de facto PSNtik kanpo daudela esan zuen.

Navarra Sumak, hala ere, PSNri egotzi zion egungo egoeraren erantzukizuna: «Txibitek ezin du onartu Barkosen alderdiak bi transfugekin itun bat sinatzea».

Akordio programatikoa

Zentsura mozioaz gain, legealdi osorako programa ere adostu dute oposizioko udal taldeek. Hainbat puntu jasotzen ditu itunak, eta euskara ere badago bultzatuko dituzten alorren artean. Esaterako, euskararen udal araudi bat sortuko dute, eskolatik kanpo ere euskara erabiltzea bultzatzeko egitasmoak garatuko dituzte, eta musika eskolan euskarazko lerro bat sortuko dute. Horrez gain, politika sozialak lehenetsiko dituzte akordioaren sinatzaileek: besteak beste, etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko urratsak eginen dituzte—etxeen zaharberritzea eta alokairu sozialeko politikak sustatzea—; enplegu sozial babestuko programa indartuko dute, eta gizarteratze politikak berrikusiko dituzte. Emakumearen Kontseilua sortzea, eta nekazarien Plazara azokaren aldeko apustua egitea ere hitzartu dute, eta «Eliza katolikoak matrikulaturiko ondasunak jabego publikora itzultzeko» lan egingo dute.

Urtarrilean hasi ziren zentsura mozioa adosteko lehen mugimenduak. Lizarrako PSNk bilera bat egin zuen, eta bi aukeraren artean erabakitzeko eskatu zien militanteei: maiatzeko hauteskundeez geroztik Navarra Sumarekin duten akordioari eustea, ala Fuentes alkatearen aurkako zentsura mozioa «aurrera ateratzeko beharko litzatekeen akordioa aztertzea». %70ek bigarrenaren alde bozkatu zuten. PSNko zuzendaritzak, baina, ez zuen errespetatu Lizarrako militantziaren erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.