Sukaldea eta logela: etxeko suteen sorgune ohikoenak

Suhiltzaileen esku hartze guztiei begira, suteak ez dira nagusi —%25 inguru Hego Euskal Herrian eta %6 Ipar Euskal Herrian—. Halere, funtzio oso garrantzitsua dute oraindik ere suhiltzaileek. Suteen prebentzioari garrantzi handia ematen diote.

Josu Mañarikua, Mikel Zubeldia eta beste bi lankide, Tolosako suhiltzaileen parkean (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Josu Mañarikua, Mikel Zubeldia eta beste bi lankide, Tolosako suhiltzaileen parkean (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Tolosa
2025eko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Urte berriarekin batera, suteen irudiak maiz agertzen ari dira hedabideetan. Nafarroan, egun bateko aldearekin, bi sute larri gertatu ziren. Urtarrilaren 13an, Noaingo etxebizitza batek hartu zuen sua. Ordu batzuk geroago, sugarrek hartu zuten Iruñeko Planetarioa. Hurrengo asteetan ere etengabeak izan dira suteen inguruko albisteak. Gipuzkoan, esaterako, bi izan dira Eibarren eta beste bat Donostian, denak etxebizitza blokeetan.

Aste honetan bertan, Amezketako (Gipuzkoa) baserri bat erabat erre dute sugarrek. Tximinian piztu zen sutea, Urkabustaizen (Araba) joan den astean gertatu zen bezala. Ostegun goizaldean bertan, Ermuan (Bizkaian) etxebizitza eraikin batean sortutako suteak guztiz kiskali du etxea. Etxeko sukaldean sortu dira su horietako asko, tximinian beste batzuetan, eta elektrizitate instalazioko hutsek edo berogailuek eragindakoak izan dira besteak.

Gertaera horietan guztietan hartu dute parte suhiltzaileek. Izan ere, zerbitzu horren jatorrizko funtzioa suak itzaltzea zen arren, urteen poderioz beste eginbehar batzuk gehitu zaizkio lanbideari. Egungo esku hartzeei begiratuz gero, jadanik suteak itzaltzea ez da zerbitzuaren funtzio nagusia. Suhiltzaileen esku hartze gehienak salbamenduarekin lotuta daude: laguntza teknikoa —liztor habiak; ur, gas eta elektrizitatearen instalazioak; errepidearen garbiketa...—, erreskateak, trafiko istripuak, prebentzio ekintzak eta merkantzia arriskutsuekin lotutakoak. Egunotako haizeteekin ere esku bete lan izaten dute suhiltzaileek.

Datuak datu, suteak itzaltzea oraindik ere funtzio oso garrantzitsua da. Euskal Herrian guztira 53 suhiltzaile parke edo kaserna daude. Araban zazpi, Bizkaian zortzi, Gipuzkoan bederatzi, Nafarroan hamaika, Lapurdin eta Nafarroa Beherean hamasei, eta Zuberoan bi. Hego Euskal Herriko suhiltzaileek plazaratu dituzten txostenen arabera, 2023an egindako esku hartzeetako %19tik %27ra bitartean izan dira suteek eragindakoak. Gasteizko suhiltzaileen kasuan, %19 —Arabako foru suhiltzaileen datuak ez daude oraindik eskuragarri—; Nafarroako suhiltzaileak, %20; Donostiakoak, %25,6; Gipuzkoakoak, %26; eta Bizkaikoak, %27. 2023an, 6.000 sute baino gehiago itzali dituzte Hego Euskal Herriko suhiltzaileek. Kontuan hartu dira etxebizitzetan sortutakoak, industrialdeetan, errepideetan eta basoan sortutakoak.

53

Suhiltzaile kaserna edo parke daude Euskal Herrian: Araban zazpi, Bizkaian zortzi, Gipuzkoan bederatzi, Nafarroan hamaika, Lapurdin eta Nafarroa Beherean hamasei eta Zuberoan bi.

Bestalde, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ematen du suhiltzaileen zerbitzua. Iazko datuen arabera, Lapurdin eta Nafarroa Beherean 21.170 esku hartze egin zituzten, eta horietako 1.090 suteak izan ziren. Zuberoari buruzko datu zehatzik ez dago, estatistikek Biarno eskualdea ere hartzen dutelako. Eremu horretan 5.323 esku hartze egin zituzten, eta horietako 340 suteak izan ziren. Esku hartze kopuru orokorretan, Ipar Euskal Herriko zerbitzuan suteek duten proportzioa Hego Euskal Herrian baino nabarmen txikiagoa da (%6 inguru).

Zaharra eta zikina, nahasketa arriskutsua

Josu Mañarikua eta Mikel Zubeldia suhiltzaileek Tolosako parkean (Gipuzkoa) hartu dute BERRIA; Tolosako suhiltzaileen parkea Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen zortzi parkeetako bat da. «Neguan, gehiago erabiltzen ditugu tresna elektrikoak eta berogailuak», azaldu du Mañarikuak. «Etxean denbora gehiago ematen dugu, gutxiago aireztatzen dugu, eta, beraz, sutea pizteko aukera gehiago dago», erantsi du Zubeldiak. Dena den, datuek adierazten dutenez, udakoak ez diren beste hilabeteetan ez dago gorabehera handirik suteengatik egiten dituzten esku hartze kopuruan.

Sute arriskua areagotzen duten faktore batzuk aipatu dituzte suhiltzaileek: «Instalazio elektriko, sukalde eta berogailu zaharrak, gas sukaldeak, sukaldeko kanpaia zikinak izatea, tximiniak ez garbitzea eta zartagina oharkabean sutan uztea, besteak beste», argitu dute.

Gipuzkoako suhiltzaileak
Gipuzkoako suhiltzaileak, sute baten simulakroa egiten, Tolosan. JON URBE / FOKU

Sukaldean ez ezik, logeletan ere piztu ohi dira suteak. «Gehienbat koltxoiak su hartuta pizten dira; manta elektrikoek, kandelek edo zigarroa erretzen ari direnen deskuiduak eraginda», adierazi dute. Halaber, arrisku handikoak dira lur azpiko aparkalekuetan sortzen diren suteak, aireztatze gutxiko espazioak izanik eta ibilgailu asko egonda, monoxidoa erraz pila daitekeelako, eta, gainera, ebakuatzeko leku zailak direlako. Instalazio elektrikoarekin lotutakoak ere aintzat hartzekoak dira: patinete elektrikoekin, gainkargarengatik, egon dira zenbait arazo.

«Instalazio elektriko, sukalde eta berogailu zaharrek, gas sukaldeek, sukaldeko kanpaia zikinek, tximiniak ez garbitzeak eta zartagina oharkabean sutan uzteak sute arriskua areagotzen dute»

MIKEL ZUBELDIAGipuzkoako suhiltzailea

Gipuzkoako suhiltzaileen esanetan, alde zaharretako eraikinetan sua zabaltzeko arriskua handiagoa da, elkarren ondoan daudelako. Oro har, etxebizitza zaharrek dute arrisku handiagoa, berriak suteen aurkako araudia kontuan hartuta eraikitzen baitira. Etxean erabiltzen den berotze sistemak ere zerikusi handia du: «Baserrietan, adibidez, tximinia daukate, eta, horiek behar bezala ez badira garbitzen, pilatzen den hondarrak sua sor dezake», adierazi du Mañarikuak.

Suhiltzaileen arabera, adinekoak izan daitezke arrisku talde bat, batez ere mugitzeko gaitasuna mugatua dutelako. Ebakuazioa egin behar denetan, «igogailua ezin badu erabili eta eskaileretatik lau edo bost solairu jaitsi behar baditu, arrisku handiagoa du edadetu batek, noski». Itzalgailua erabiltzeko garaian ere, oztopoa izan daiteke mugitzeko zailtasunak izatea. Gogorazi dutenez, bi solairu edo gehiagoko eraikinetan su itzalgailuak edukitzera behartzen du suteen aurkako araudiak. 1996tik aurrera egindako eraikin guztiek bete behar dute araudi hori.

Nola jokatu sute bat piztean

Josu Mañarikuak berretsi du larrialdi zerbitzuek askotan helarazi izan duten mezua: norberaren etxean sute txiki bat piztuz gero, lehenik eta behin 112ra deitzea komeni da. «Ondoren —nabarmendu du—, gertu daukazun itzalgailua hartu eta itzaltzen saiatu zaitezke».

Sutea hedatuz gero, egoeraren arabera jokatzeko bi modu aholkatzen dituzte. Sutea norberaren etxean bertan edo haren gaineko etxebizitza batean pizten bada, irtenbiderik egokiena atea itxi eta eskaileretatik jaitsita eraikina uztea da. «Sua eta kea, normalean, goiko solairuetara zabaltzen da», ohartarazi du Zubeldiak. 

Aldiz, norberaren etxearen azpiko etxebizitzan pizten bada, zentzuzkoena etxe barruan geratzea da. Atea itxi eta kanpoaldera ematen duen gela batera edo balkoira joatea da egokiena. 112 zenbakira deitu eta suhiltzaileen zain geratzea da onena, alegia. «Inondik inora, ez da kez betetako eskailera batzuetatik jaitsi behar, karbono monoxidoa arnasteagatik intoxikazioa gerta daitekeelako», ohartarazi du Mañarikuak. Suhiltzaileek gogorarazi dutenez, Gipuzkoan batez besteko erantzun denbora 15 minutura ez da iristen.

«Inondik inora, ez da kez betetako eskaileretatik jaitsi behar, karbono monoxidoa arnasteagatik intoxikazioa gerta daitekeelako»

JOSU MAÑARIKUAGipuzkoako suhiltzailea

Oinarrizko beste aholku bat ere eman dute: gela batean kea sortuz gero, makurtuta joatea eta ahoan zapi busti bat jartzea. «Keak gora egiten du, eta, zutik joanda, monoxidoa arnasteko aukera handiagoa da», azaldu du Zubeldiak.

Suhiltzaileek uste dute suteen prebentziorako formakuntza funtsezkoa dela. Parkeetan ordu mordoxka ematen dituzte horretan. Enpresentzako formakuntza saioak antolatzen dira Ordiziako su eskolan, eta beste parkeetan eskola ikasleentzat ere egiten dituzte. «Kontzeptu oinarrizkoak direnez, uste dugu egokia dela eskoletan ematea», adierazi du Mañarikuak. Urtero antolatzen dituzte saioak ume eta nerabeekin, bertatik bertara ikas dezaten nola jokatu behar duten sute, trafiko istripu edo bestelako larrialdi baten kasuan. Hedabideen eta sare sozialen bidez ere etengabe zabaltzen dituzte aholkuak. Formakuntza hori oso garrantzitsua iruditzen zaie suhiltzaileei; ohartarazi dutenez, larrialdi batean modu egokian jokatzea erabakigarria da bizia arriskuan ez jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.