Koronabirusa. Cristina Blanco. Soziologoa eta Aidatuko bozeramailea

«Suizidioen datuak eman ez den laguntzaren ondorioa izaten dira»

Hainbat lerroburu idatzi dira esanez izurriarekin batera suizidioak ugaritu direla. Blancok oroitarazi du suizidioen atzean faktore bat baino gehiago egoten direla, eta prebentzioan aurrera egin behar dela beti.

ARITZ LOIOLA /FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gazteen arteko suizidio datuek alarma piztu dute gizartean, gorakada izan dela kaleratu baitute zenbait hedabidek. Pandemiari lotuta daudela ondorioztatu dute askok; izan ere, datuek erakutsi dute buruko osasunak okerrera egin duela, batez ere gazteenen artean: Nafarroan, 2019arekin alderatuta, Osasunbideko osasun mentaleko sailean %17 gehitu dira laguntza eskatu dutenen kasuak aurten; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, %50 igo zen iaz buru osasuneko arazoengatik ospitaleratutako nerabeen kopurua, Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako txosten baten arabera. Buruko gaitzak eta suizidioa errazegi lotzera egiten dela uste du Cristina Blanco (Bilbo, 1961) EHUko soziologia irakasle eta Aidatu Euskal Suizidologia Elkarteko eledunak, eta zuhurtasuna eskatu du.

Zer irakurketa egiten duzue suizidioak ugaritu direla dioten albisteez?

Datu horiek ez dira ofizialak. Hego Euskal Herriko datu ofizialak INE Espainiako Estatistika Institutuak kaleratzen ditu, urte eta erdian behin, aurten lehen bost hilabeteen behin-behinekoak eman baditu ere. Datu horiek autonomia erkidegoetako Auzitegi Medikuntzako Institutuek bidaltzen dituzte; beraz, erkidegoetako gobernuek INEk publikatu aurretik ere izan ditzakete; hain zuzen ere, Eustatek eman ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak. Datu horietan ikusi da aurreko urtean baino suizidio gehiago egon direla, bai, baina ez da daturik handiena; ezta gutxiago ere. Gainera, gazteen harira piztu du kezka, baina 0 eta 19 urte bitartekoetan bi heriotza baino ez dira egon. Dena den, uste dut hildakoen datuena ez dela suizidioaz hitz egitean dagoen gauzarik garrantzitsuena; inportantea da, heriotza asko direlako, baina heriotza bakar bat balitz ere garrantzitsua izango litzateke. Ez dezagun begiratu zenbat dauden; datua ez da mitifikatu behar: garrantzitsuena da heriotza asko direla, eta asko eragotz zitezkeela. Gainera, urtez urteko aldaketak baino gehiago, kopuruaren bilakaera aztertu behar da, eta larriena zera da: ez duela beheranzko joerarik. Egin ez den lanaren, eman ez den laguntzaren ondorioa izaten dira suizidioen datuak.

Oro har, suizidioez aritzean, ikuspegi orokor hori aintzat hartzea da gakoa, beraz?

Hori da. Nik uste dut buruko osasuna larregi lotzen dugula suizidioarekin. Esan nahi dut: zer da buruko osasuna? Lana galdu duen eta etxetik bota duten batek bere buruaz beste egiten badu, hori buruko osasuneko arazo bat da? Beharbada, depresioan jaustea posiblea delako. Baina zerk eragin dio hori? Ez da psikosia edo beste buruko nahasmendu bat duelako: inguruko beste faktore batzuek eragin diote. Babesten zaituzten kanpo faktore gutxi izateak suizidiora eraman zaitzake; gizarte sareen edo familiaren babes faltak, lan arazoek... Faktore horien konbinazioek eragiten dituzte suizidioak. Garrantzitsuena, nire ustez, gizarteak horiek prebenitzeko eta esku hartzeko zer egin behar duen jakitea da.

Zer egin daiteke, bada, suizidioak prebenitzeko eta gai horretan behar bezala esku hartzeko?

Hiru esparru daude: prebentzioa, esku hartzea eta behin suizidioa gertatuta, ingurukoei arreta eskaintzea. Hiruretan egindako lana oso urria da. Prebentzioa oso eskasa da hemen, proiektu eta protokolo txikietan banatuta dago, eta ez dago, adibidez, Espainiako estatu mailako planik. OME Osasunaren Mundu Erakundeak urte luzez azpimarratu du suizidioaren prebentziorako planak sortu behar direla; baina plan horrek ez du izan behar buruko osasunaren planaren menpeko, ez duelako soilik hori biltzen. Prebentziorako agenteak askotarikoak dira: osasuna, oro har, batez ere lehen mailako arreta hor dago, baina baita hezkuntza ere; nire ustez, elementurik garrantzitsuenetakoa da. Seinaleak identifikatu behar ditugu, norbaitek suizidioa buruan darabilen jakiteko.

Estigma handia duen gaia denez, nolakoa izaten da suizidioaren osteko arreta familiako kideentzat?

Erakundeetatik jaso ohi duguna baino gehiago, gizarteak emandakoa izan da. Elkar laguntzeko taldeak eratu ditugu, adibidez, eta gertukoen suizidioak pairatu ditugunon elkarteak sortu dira. Erakundeek oso gutxi egin dute, baina badakit, adibidez, Foruzaingoak prestatu duela protokolo bat sendiei zuzendua, eta Ertzaintza prestaketa lanetan ari dela. Dolu prozesuak ere ez daude ondo planteatuta, dolu bera aurreikusten baitute edozein heriotzarako. Baina prozesuak ez dira berdinak. Hasteko, suizidioa gizarte arazo gisara ulertu behar da, ez norbanakoaren arazo gisara. Askotan jotzen da bere buruaz beste egin duenak hori nahi zuela argudiatzera, baina aztertu behar da erabaki hori libreki hartu zuen edo ez. Izan ere, beharbada ez zen bere erabakia izan, beharbada ez zuen inor izan laguntzeko. Serioski ulertu behar da suizidioa, gizarteko eta osasun publikoko arazo gisara.

Nola egin daiteke hori?

Agerian jarri behar da arazoa. Batetik, aldatu beharreko ideia horiek gizarteratu egin behar dira,eta tabuak desagerrarazi. Eta ikertu egin behar da; gizarte zientzietan oso ikerketa gutxi egin dira gaiaz. Bestetik, sekulako garrantzia du mota guztietako profesionalei formakuntza emateak, ez soilik psikologoei. Honetan ere, hezkuntza ezinbestekoa da. Kezka dugu gazteen buruko osasunagatik; baliteke horrek eragina izatea suizidio ahaleginetan. Ikusi dugu buruko osasunak okerrera egin duela, batez ere gazteen artean; zenbait ikerketak diote 18 eta 24 urte bitarteko gazteek izaten dituztela krisi egoera asko: antsietatea, desesperazioa... Hori zergatik den galdetu behar diogu geure buruari. Sinetsarazi diegu denak ondo irten behar duela, oso zoriontsu izaten ikasi behar dugula. Horregatik uste dut heziketa emozionala, frustrazioa lantzen erakustea, garrantzitsua dela. Hasi gara horretan, ikusi dugu gazteei beste mota bateko irakaspenak ere eman behar zaizkiela. Azkenik, baliabideak behar dira. Suizidioak prebenitzeko planak egotea ez da nahikoa; izan ere, horiek martxan jartzeko baliabide ekonomikoak behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.