Iñigo Antsorregi. Gidoilaria

«Suizidioaren ideia hor zegoen, ia egunero, buruan»

Depresioaren ondorioz, suizidioaren ideia hoska izan zuen bolada batean Antsorregik; umorea lanabes eta babes, liburu bat ondu du gaiaz, tabuaren murruak apurtzeko.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Suizidioaren Prebentziorako Mundu Eguna da gaur, eta, horren harira, Biziraun elkarteak antolatuta, ekitaldi bat egingo da Donostian. 11:00etan izango da, Villa Marin. Iñigo Antsorregi gidoilari gazteak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1994), ondu berri duen liburua izango du bertan hizpide: Nire minaren etxean. Argitaratzeko lana da oraindik, prozesuan dago. Bertan depresioak jota egon zen boladaz dihardu, eta bere buruaz beste egiteko izan zituen ideiez. Umorea tresna eta arnasa gisara hartuta ondutako lana da, bi hitzaurre dituena. Telmo Irureta aktorearena da bat; elbarritasun handi bat du, eta umorea akuilu duela dihardu maiz berak ere egoeraz. Beste aktore batek idatzia da bestea, Aitziber Garmendiak; umorearen bidez errealitateari eta emozioei zoli begiratzeko gaitasuna du hark ere, eta argi eta adorez mintzatu izan da, besteak beste, suizidioaz. Gaiaren inguruko hainbat liburu «inspiragarri» leitu ostean hasi zen liburuarekin Antsorregi, aurrez murruak apurtuta: «2022 hasieran elkarrizketa bat eman nuen Biba zuek programan [ETBko saioa; bertan ari da lanean], nahiko oihartzun izan zuen. Jende askok orduan jakin zuen zer gertatu zitzaidan.

Nola idatzi zenuen liburua?

Justu langabezian geratu nintzen, eta horrekin okupatu nuen denbora. Hilabetean idatzi nuen. Maiatzaren hasieran hasi eta...

Hustu egin zinen...

Erabat. Oso azkar joan den gauza bat izan da. Ez dakit barneratzeko denborarik ere eman didan oraindik. Idatzi hilabetean, argitaletxera bidali, baiezko erantzuna ere oso azkar jaso nuen... Gero, gainera, ikaragarrizko suertea izan nuen gai hauetan niretzat erreferente diren Telmo Iruretak eta Aitziber Garmendiak berehala eman zidatelako hitzaurreak idazteko baiezkoa. Gorputzak eskatzen zidan liburua ez izatea neurea bakarrik; beraiek, era batera edo bestera, egotea nahi nuen... Horiek horrela, gustatzen zait brometan esatea hitzaurreak zoragarriak direla; gero liburua beheraka doa... [kar, kar, kar].

Depresioarekin egin zenuen boladako bizipenak? Horren gaineko gogoetak? Zer kontatzen ahalegindu zara liburuan?

Oso modu indartsuan hasten naiz... Hain zuzen ere, grabatu nuen agur bideo bat transkribatzen. Ezabatu nuen justu liburua idazten hasi nintzenean...

Agur bideo bat, zeure buruaz beste egitekotan zenbiltzalako?

Hori da, liburua horrekin hasten da, eta behin sarrera hori hartuta, bueltatzen naiz gero hasierara, pixka bat ikusteko horren guztiaren detonatzailea zein izan zen. Nik ere ez daukat batere argi. Badauzkat ideia batzuk: nola nengoen oso estresatuta, eta horrek nola eragin zidan, eta ahots bat nola azaltzen den, esaten didana: «Hil zaitez. Hemen sobera zaude. Ez duzu ezertarako balio». Halako gauza politak esaten zizkidan. Depresioarekin bizitako horren guztiaren kontakizuna da liburua. Niretzat ariketa bat izan da hori egitea ahalik eta umore handienarekin... Horretan oso pozik nago; lortu dudala uste dut. Irakurleek esan beharko dute. Baina ni pozik nago ariketarekin.

Zein izan ziren zure heldulekuak gaitza atzean uzteko?

Familiaz eta lagunez gain, izan ziren osasun mentaleko profesionalak. Psikologoak, psikiatrak... Medikamentuak ere hor daude. Nik ez dut esango gehien medikamentuek lagundu zidatenik; momentu askotan kalte ere egin zidaten... Baina, batik bat, terapia. Zer gertatzen da? Oso baliabide gutxi daude. Nik, adibidez, sare publikoan, Osakidetzan, hiru hilabetean behin nuen txanda. Eta gaur egun, sare sozialetan-eta, leitu diot jendeari, laguntza eskatzeko pausoa eman, eta txanda eman diotela sei hilabetera... Nik suertea izan dut; gertuan laguntza ematen jendea izan dut, eta terapia pribatua eskuratzeko modua ere bai. Baina egongo da jendea ez dituena ez bat eta ez bestea.

Alde horretatik, antzeko esperientziak izan dituen jendearen ahotsa ere lagungarria da, ezta?

Bai, niri ere, momentu jakin batean asko laguntzen zidan horrek. Ikustea beste batzuei zer gertatu zitzaien: zer ari zitzaien gertatzen. Pentsatzen nuen: «Ez nago bakarrik». Mezu hori oso indartsua da. Niri horrek lagundu zidan, hein batean, ur sakonetatik irteten.

Unerik zailenetan izan zenuen buruan suizidioaren ideia?

Suizidio ahalegin oso larririk nik ez nuen izan. Horren inguruko fantasiak, planak... Halakoak, bai. Depresioarekin egin nituen bi urteetan ia egunero: ideia hor zegoen, buruan. Egun askotan ikusten nuen pasatzen ari nintzenarentzat irtenbide bakarra horixe zela. Zorionez, suerte handia izan nuen: bai alor publikoan eta bai pribatuan izan dudan laguntza handia izan da, eta bizitza salbatu dit jende horrek. Gero, elkarrizketa leituko dute akaso, eta esango didate: «Ez, Iñigo, zu salbatu zinen, guk lagundu egin genizun». Eta, bai, badakit, baina: «Zuek ere bai».

Zuloan beherago ez joaten lagundu zizuten, ezta?

Bai, azkenean flotagailuak behar dituzu, eta haiek izan ziren giza flotagailu polit eta eder batzuk. Asko lagundu zidaten, asko.

Suizidioa hautu librea izan daitekeela nabarmentzera egiten da zenbaitetan. Zure esperientzian, eta beste askotan, gaitzaren ondorioa da...

Hori da. Suizidioak berak aurpegi asko ditu. Nire kasuan, buruko gaixotasun baten ondorioa zen. Ni gaixotasunak bultzatzen ninduen... Ni orain oso ondo nago, oso gauza politak gertatzen ari zaizkit, eta ilusio handiz nago. Egia da; iluntasuna bueltatzen da noizbehinka, eta zenbait egunetan asko babestu behar dut neure burua... Baina hemen egoteko gogoz nago, bizipozez, ilusio handiarekin, eta oso eskertuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.