Emozioetan eta entzumen aktiboan jartzen du arreta Besarkada elkarteko psikologo Jezabel Sierrak (Leon, Espainia, 1970). Inguruko norbaiten suizidioa gertuan izan dutenei babesa emateko elkartea da. Besteak beste, suizidioaz hitz egitearen beharraz ari da, bidean laguntza emateaz, identifikazio tresnez, doluaz, espezializazioaren garrantziaz eta gazteez.
Ikusi gehiago: Suizidioaren osteko bizitza
Suizidioaz hitz egiteak prebentzioan laguntzen du. Nola hitz egin daiteke suizidioaz?
Heriotzaz hitz egitea zaila da, baina suizidioak eragindako heriotzaz hitz egitea konplexuagoa da. Batzuetan esaldi soil batekin has gaitezke, eta ikusi nola sentitzen den beste pertsona. «Zer moduz zaude?», galdetu dezakegu. «Bai egun polita». Garrantzitsuena egotea da; suntsituta, bakarrik eta beste egoera batzuetan dauden pertsonen ondoan gaudela ikusaraztea. Zintzoa izan behar da, eta entzumen aktiboa da bidea. «Zer gogorra izan behar duen», esan behar da, gutxinaka istorioan arakatzeko.
Elkarrizketan suizidioaren asmoa ateratzen bada, zer egin?
Jendea sufritzen ari dela ikusten dugunean, oso garrantzitsua da entzutea, ez epaitzea, ez esatea betiko kontuekin ari dela eta horrelakoak. Norbait sufritzen ikusten dugunean, normalean, baztertu egiten dugu, eta suizidioaren osasun mentala tristezia da. Sarri tristeziari garrantzia kentzera jotzen da, eta, norbaitek esaten digunean bere buruaz beste egin nahi duela, ezin diogu erantzun pintxo bat jatera joango garela. Ezin diogu esan erlatibizatzera egingo dugula, zer eta kontatu diguna oso potentea delako eta ez dakigulako nola kudeatu.
Zer tresna daude kudeatzeko?
Abiapuntua entzutea da, behatzea, eta begietara begiratzea. Gaiaren inguruan ari bagara, agian zerbait deigarria egingo zait. Azkenean, seigarren zentzumena da. Gauza errazetatik hasita zailetara goaz; baina benetan, bihotzetik.
Gazteek zer tresna dituzte?
Usaimena. Badakizu lagun bat gaizki dagoen. Ondoan eseri eta: «Zertan lagun zaitzaket? Egoeraz jabetu naiz, eta kezkatuta nago». Laguna momentu txar bat pasatzen egoteak beldurra ematen didala onartzea eta zertan lagun dezakegun galdetzea ere zilegi da. Agian erantzuna da: «Deusetan ez». Baina jakin dezala hor zaudela. Emozioetatik adierazi behar dugu, ohitu garelako hoztasunez hitz egitera. Esan behar diogu: «Beldurra ematen dit zeure buruaz beste egitean pentsatzen ibiltzeak». Agian esango dizu zenbaitetan baduela pentsamendu hori. Eta erants diezaiokezu: «Eta askotan pentsatu duzu?». Hitz egingo dizu, entzuten duzulako.
Nerabezaroan aparteko arta behar da?
Nerabezaroaren gauza txarrez hitz egiten da soilik; nerabezaroa ez da tristea. Aldaketa neurofisiologiko bat da: neuronak konektatzeko eta deskonektatzeko potentzia handia dauka; dena zalantzan jartzen da. Gauzei izena jartzea, gauzei zentzua ematea, identitatea berreraikitzea... Nork ematen dio garrantzia horri? Antza denez, inork ez. Baina garrantzia eman behar diogu.
Zaila egiten da suizidioaz hitz egitea.
Hitz egitea kosta egiten da, eta inguruko baten suizidioa gertuan izan dutenek gehien esaten dutena da besteek ez dutela beren mina jasaten. Horregatik laguntzen dute dolu taldeek eta arreta profesionalak. Lagunak zer esan ez dakitela ikusteak edo familiako kide bat hil zaizulako beldurra emateak berekin ekartzen du suizidioaz ez hitz egitea. Ez hitz egitearen atzean, beldurra emateko beldurra, bakardadea eta frustrazioa daude.
Zer gerta daiteke hitz egiten ez denean?
Emozioak kapsulatzen dira, eta trauma bilakatzen, eta traumak tormentu, eta tormentuak bizi gabeko bizitza bilakatzen dira. Pertsona horrek betetzen duen rolaren arabera, modu batean edo bestean izango da. Bikoteak eta adiskidetasunak apurtzen dira; inguruko baten suizidioa gertuan izan dutenen bakardadea existitu egiten da. Horregatik gaude ondoan. Lagun batek etxean dituen arazoak entzuteko eta jasateko prest egon behar dugu. Norbaiten mina toleratzea enpatia purua da. Konponbide bat izan daiteke mina besarkatu eta min hori maitasun bihurtzea.
Nola besarkatzen da mina?
Ez da utopia bat. Norbaitek eskutik heldu eta bi minutuz negar egiten entzutearekin nahikoa da, eta gerta daiteke ni ere negarrez hastea hunkitzen naizelako. Ikaragarria da, baina mina sentitzen dugun momentu bat babestuta sentitu garen momentu bat ere izan daiteke.
Nola lagundu daiteke pertsona bat doluan?
Suizidioak eragindako dolua konplexua da. Suizidioagatik norbait galtzeak guraso gisa, lagun gisa eta neba-arreba gisa dena zalantzan jartzea eragiten du. Profesionalok eta elkarteok hor egon behar dugu, eta kontuan hartu behar dugu denbora luzez pertsona hori ez dela ondo egonen. Beti espiral bat marrazten dut; barrutik hasten gara ateratzen, eta berriz egiten dugu atzera: urtemugak etortzen direlako, sasoiak aldatzen direlako, edo zerbait gertatzen delako... Dolu traumatikoa traumatik landu behar da. Dolua modu afektiboan egin behar da, besarkadekin, batzuetan isiltasunez, laguntasunez. Dolua pasatzen ari denak zer nahi duen entzun behar dugu, eta ez esaten ibili zer behar duen berak gure ustez.
Baliabiderik ez dutenengan ere jartzen duzue arreta?
Psikologoarengana joan ezin den jende asko dago, eta askotan profesionalek bi hilabetean behin ikusten dituzte, eta, gainera, aldi bakoitzean aldatu egiten da artatzen dituen psikologoa. Adibide beldurgarri asko daude. Gertatu izan da suizidio arriskuan dagoen pertsona bat psikologoarengana joatea, bere barruko ideiak argitzeko testu bat idaztea, eta psikologoak esatea: «Hil baino lehen, erakutsi beharko zenioke norbaiti hori». Nola ateratzen da pazientea kontsultatik hori entzunda? Edo esaldi hau ere esan izan duten profesionalak badira: «Hainbestetan saiatu bazara, zergatik ez duzu zeure buruaz beste egin?». Surrealista da. Espezializatu beharra dugu.
Espezializaziorik ezak doluaren etapak ez errespetatzea eragin dezake?
Bai. Ni aritu naiteke doluan pertsona bat laguntzen, baina pertsona hori beste fase batera ez dela pasatzen ikusteak egonezina eragiten dit. Orduan, etsitzen hasten naiz, ez naizelako doluan aditua. Nik uste dut gai izanen naizela, baina agian ez naiz. Horiek horrela, onartu egin behar dut ez naizela gai, eta beste profesional baten eskuetan utzi behar dut pertsona hori.
Suizidioa. Jezabel Sierra. Psikologoa
«Suizidioagatik norbait galtzeak dena zalantzan jartzea eragiten du»
Suizidioak eragindako dolua lantzen du Sierrak; argi du sufritzen ari denaren ondo-ondoan egotea dela gakoa, begietara begira, sentitzen duena inoiz hutsaldu gabe: «Tristeziari garrantzia kentzera jotzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu