Besarkada elkarteko presidentea

Elena Aisa: «Suizidioa porrota da, baina ez pertsonala, gizartearena baizik»

Suizidioari gizartean irtenbide bat aurkitzeko eskatzen dute profesionalek eta familien elkarteek. Atzo Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Eguna izan zen, eta Besarkada elkarteko kideek zenbait ekintza egin zituzten, suizidioa ikusgai egiteko.

Elena Aisa Besarkada elkarteko presidentea. IDOIA ZABALETA / FOKU
Elena Aisa Besarkada elkarteko presidentea. IDOIA ZABALETA / FOKU
nerea intxausti
2024ko irailaren 11
05:00
Entzun

Bizitzako «oso muturreko» egoera batez aritu da Elena Aisa (Iruñea, 1961): suizidioaz. Besarkada elkarteko presidentea da, eta gertuko baten suizidioak erasandakoei laguntza eta aholku ematen die elkarte honek, Nafarroan. Aisak adierazi du bere buruaz beste egin nahi dutenen ingurukoek estres maila «oso handia» jasaten dutela, baina, hala eta guztiz ere, lehentasuna dela haien ondoan mantentzea. 

Bere buruaz beste egiteko asmoa duten gertukoei nola laguntzen diezue?

Sostengu emozionala ematen diegu bizitzen ari diren horretan, izututa egoten baitira maite dutenak bere buruaz beste egin nahi duelako. Gehiegizko arretaren eta urruntze baten arteko oreka bilatzen laguntzen diegu, baliabideei eta aukerei buruzko informazioa eskaintzen diegu, eta zenbait estrategia irakasten dizkiegu euren egoera emozionalari aurre egiteko.

Eta suizidiorako asmoa duten pertsonak?

Suizidiorako asmoa dutenak profesional espezializatuek tratatzen dituzte: psikiatrek, baina baita psikologoek ere. Beharrezkoa da tratamendu psikologikoa. Itxaropenaren Telefonoa ere aukera bat izaten da askorentzat. 

Nola sentitu ohi dira haren gertukoak?

Larritasun eta estres oso handia izaten dute. Larritasun hori arlo askotara zabaldu daiteke, eta errudun ere sentitu daitezke. Estres emozionalak berak desoreka pertsonal batzuk eragin ditzake: lorik egin ezina, ondo ez jatea, nekatuta egotea… Eta hor ere bada arrisku bat: bere buruaz beste egiteko asmoa duenak pentsatzea bera paretik kenduta konponduko duela familiakoen egoera. Ez da horrela. Senideak ez dira ondoezik sentitzen hura bizirik dagoelako, baizik eta beldurra diotelako bere buruaz beste eginez gero hura gabe bizitzeari. Bitartean, gaizki pasatuko dute denek, baina pertsona horren falta baino nahiago izaten da nekea eta ezintasun hori sentitu; harenganako maitasunak ematen du horretarako modua. 

Zein da hurkoek bere burua hil nahi dutenei eman nahi dieten mezua?

«Bizirik egon zaitezen behar dut. Zu gabe ez naiz hobeto egongo. Utzi laguntzen».

Alternatiba gogorra baita…

Bere burua hiltzen duen familiako kide baten heriotza suntsitzailea da, gainditzeko zaila eta dolu bereziki gogorra izaten du. Ohi baino dolu luzeagoa da, askoz ere bortitzagoa, desgaitzaileagoa… Gainera, senideak oso bakarrik sentitu ohi dira, ezkutatu ere egiten baitute zergatik hil den, lotsagatik. Ulertzekoa da, bizitzako oso muturreko egoerez ari baikara. 

Suizidioa porrota da?

Bai, baina ez pertsonala, gizartearena baizik. Ez da familiaren arazo bat ere; gizartearen erantzukizun faltatik dator. Bakartzeko joera izaten du gaizki dagoen pertsonak; oro har, gizartean ez baitzaio lekurik egiten sufrimenduari. Sufrimendurako eremuak sortu beharko genituzke, alai egoteko sortzen ditugun bezala. Askok aipatzen dute bakarrik sentitzen direla, familia ondoan izanda ere. Horregatik da gizartearen porrota. 

Zein behar ikusten duzue?

Sektore anitz —hezkuntza, gizarte zerbitzuak, aisialdirako guneak, Polizia...— lotuko dituen plan bat eskatzen dugu. Hala, esku hartzaile guztiek izango dugu alarma seinaleen berri, kontuan hartu beharrekoen berri, jarraipenaren berri… Esku hartze kolektiboagoa eskatzen dugu. Profesionalek eta erasandakoen elkarteek urteak daramatzagu Espainia mailako suizidioaren kontrako prebentzio plan bat eskatzen. Orain arte uko egin diote halako zerbait egiteari: buru osasunerako plan bat egin dute, baina ez da nahikoa. Integrala izan behar du.  

Nola prebenitzen da suizidioa?

Ezin da ehuneko ehunean saihestu. Halere, ikusarazi nahi dugu espezializatuta ez dauden zerbitzuek ere esku har dezaketela, bai prebentzioan, bai pertsona horiei laguntzen. Saiakera horixe egin dugu Rosa Cruz Burlatako gizarte zerbitzuetako psikologoarekin eta Belen Perez eskola bateko zuzendariarekin. Agerian geratu da gizartean baliabide horiek suizidioaren prebentzioan inplikatzearen beharra. Gazteluko plazan ere izan ginen atzo, suizidioari ikusgaitasuna emateko, eta, bere burua hil nahi duenik balitz, gugana gertura zedin, laguntza bila. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.