EHUko Psikologia Fakultateko eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko zenbait ikertzailek zortzi-hamar asteko terapia bat diseinatu dute, horretarako animaliak erabilita, gazteen artean suizidioak prebenitzeko. Proiektuaren bultzatzaileetako bat da Alexander Muela (Bergara, Gipuzkoa, 1974).
Zer da diseinatu duzuen terapia hau?
Suizidioak prebenitzeko animalia bidezko terapia fokal bat da. Bestelako esku hartze psikoterapeutikoek normalean ez dute arreta suizidioan jartzen, alegia, psikiatrarengana edo psikologo kliniko batengana joatean, litekeena da tratamenduaren ardatza ez izatea suizidioa, baizik eta depresioa edo trauma osteko estresa. Batzuek pentsatzen dute horiek sendatuz, suizidiorako joera murriztu dezaketela, baina, nire ustez, hori huts larria da. Jokabide suizidak bere fenomenologia propioa dauka—esperantzarik eza, karga bat zarela sentitzea, sufrimendu psikologikoa— eta fokua horietan jarriz, pazienteei irakats diezaiekegu prebenitzen. Hori da tratamenduaren gakoetako bat.
Zer-nolako pazienteak dira gazteak?
Gazteek normalean barnerako jarrera izaten dute. Ez dira gehiegi fidatzen adineko pertsonez, eta haien ikuspegitik helduak batzuetan oso paternalistak eta kontrolatzaileak dira. Horregatik ez dira fidatzen haiekin, baina, aldiz, fidatzen dira haien berdinkideekin. Kontua da jokabide suizidak dauzkaten gazteek orokorrean laguntza bilatzen dutela egoera zaurgarrian dauden beste gazte batzuengan, eta gurpil zoro bat sortzen da. Horregatik behar dute profesionalen laguntza.
Eta lortzen dute orokorrean?
Askotan, ikuspegi klinikoan pisuhandia hartzen du psikiatriak. Batzuetan, profesionalek ez dute arreta suizidioaren fenomenologian jartzen, eta ospitaleratzera jotzen dute. Pazienteei askotan gertatzen zaie aurrean daukatenak ez duela ondo ulertzen suizidioa.
Zuek zelan jarduten duzue?
Suizidioaren jokabidea ulertuz, pazienteei irakasten diegu zeintzuk diren haien alarma seinaleak. Gazte hauek hautematen dute suizidioa izan daitekeela sufrimendu guztia ekiditeko aukera bat, eta guk ematen dizkiegu suizidioa ez den beste aukera batzuk sufrimendu psikologikoa kudeatzeko. Guretzat, oso garrantzitsua da bizitzaren arrazoiak zerrendatzea eta oreka bat bilatzea. Askotan uste da suizidioan pentsatzen dutenek ez dauzkatela bizitzeko arrazoiak. Badauzkate. Kontua da batzuetan hiltzeko arrazoiaknagusitzen direla. Gure tratamenduan ikusarazi egiten diegu bizitzeko arrazoiak badaudela.
Zergatik erabiltzen dituzue animaliak?
Txakur bereziak dira, eta entrenatuta daude antsietatea eta ezinegona sentitzeko. Hori nabaritzen dutenean, babesa eskaintzen diete pazienteei. Besarkatuz eta miazkatuz, pertsona batek eman ezin dien babesa ematen diete txakurrek gazteei, ez dutelako epaitzen. Beti daude parte hartzeko prest. Honekin lortzen dugu gaztea lasaiago sentitzea bere esperientzia pertsonalei buruz hitz egiteko. Gainera, animaliek proiektatu egiten dute, eta gazteek hain garbi esaten ez dutena erakusten dute. Haien emozioak txakurretan nabaritu daitezke, eta aukera ematen digu elementu terapeutikoak lantzeko.
Askatasunez egiten dute berba?
Norbere buruaz beste egitea tabu bat da gure gizartean, eta suizidioari buruz hitz egiten duten pertsonak estigmatizatzen ditugu. Terapian, pazienteek sentitzen dute lehenengo aldiz daukatela leku segurua haien esperientziari buruz hitz egiteko. Hori oinarri-oinarrizkoa da gazteekin.
Zer egiten duzue saioetan?
Suizidioan fokuratutako psikoterapia. Lehengo eta behin ulertu behar dugu nondik datorren suizidio ahalegina. Ez gara galtzen atzeko begirada bat eginez, jakiteko ea txikitan zelako bizitza izan zuten. Ez. Guk suizidio ahaleginaren jatorria aztertzen dugu, eta bizitzarekin lotura duten gauzak dira. Suizidioa ez dator barrutik, bizitzako esperientziek eragiten dute ezinegona.
Jokabide suizidak dituzten guztiek ez dute egiten.
Kontua da suizidiologia ez dela ondo ulertzen. Gauza bat da jokabide suizida, eta hori denbora luzez egoten da. Beste gauza bat da ahalegina egitea, hori krisi baten ondorioz egiten da. Suizida batek bere buruaz beste egiteko hautua denbora luzean pentsatzen du, baina erabakia normalean azkenengo orduan edo hamar minutuan hartzen du. Horregatik irakatsi behar zaie gazte hauei krisiak nola kudeatu. Azaldu egin behar diozu zer egin behar duen krisi batean dagoenean. Jendeak uste du bere buruaz beste egin nahi duenaren portaera eragoztea ezinezkoa dela; ez da egia. Suizidio ahalegin batetik ateratzen diren ia denak segundo gutxi barru damutzen dira. Horrek esan nahi du pertsonek asko sufritzen dutela, eta sufrimendu hori nahiko luzea dela, baina bizi nahi dutela.
Ikerketan jarrera aldaketa bat ikusi duzue. Erraza da neurtzea zenbat aldatzen den suizidiorako joera?
Hainbat adierazle daude jakiteko terapia batek arrakasta duen ala ez. Karga izatearen sentsazioa, esperantzarik eza, sufrimendu psikologikoa, autolesioak... Autolesioa adierazle ona da. Oso zabalduta dago gazteen artean; %15-20ek egiten dute. Emozio mingarriak erregulatzeko erabiltzen dute, batez ere nerabeek.
Karga izatearen sentipena aipatu duzu.
Suizida batek pentsatzen du ingurukoei sufriarazten ari dela den modukoa izateagatik, edo depresioa daukalako eta ezin dezakeelako lanik egin. Uste du bera egongo ez balitz ingurukoen sufrimendua arinduko lukeela. Sinesmen okerra da, azkenean ingurukoak jota geratzen dira gertatzen denean, ez dutelako ulertzen zelan ezin izan duten lagundu.
Proiektu pilotu bat egin duzue 30 neraberekin. Zer ikusi duzue?
Guk arreta suizidioan ipini dugu, eta ikusi dugu gazteen depresioa ez dela gutxitu, baina ikasi dute krisiak hobeto eramaten eta alarma seinaleak atzematen. Horrekin aukera gehiago daukate jakiteko krisialdi batean zer egin behar duten.
Terapiak laguntzen du suizidioak eta autolesioak murrizten, baina ez da ikusi depresioa gutxiagotzeko balio duenik, ezta?
Kontuan hartu behar da lagina txikia dela. Depresioa horrelako terapia batekin kentzea fantasia bat da, baina ulertarazi badiezaiekegu zein den suizidioaren fenomenologia eta plan bat egiten lagundu ahal badiegu, ezin dugu gehiago eskatu. Lehen uste zen depresioa tratatzea nahikoa zela suizidioa eragozteko. Ez da horrela. Horrelako esku hartzeek kasu batzuetan baizik ez dute lortu. Gure terapiak depresioa ez du gutxitzen, ados, baina gazte bat badaukagu gai dena bere krisiak bideratzeko eta laguntza eskatzeko, zer gehiago nahi dugu? Terapia honen helburua ez da pertsona baten gaitz guztiak kentzea.
Alexander Muela. Psikologian doktorea eta EHUko irakaslea
«Suizidio saiakeretatik ateratzen diren ia denak damutzen dira»
Gazteen suizidioa prebenitzeko terapia bat garatu dute EHUko zenbait ikertzailek, txakurrak erabilita egiteko; Muelaren arabera, suizidioa ez da ongi ulertzen sarri, baina terapia hau ona da gazteei krisietan laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu