Asteartean piztu zen sua Eguarats barrutian, Nafarroako Bardearen ipar-mendebaldeko naturgunean, eta ordutik ezin kontrolatu ibili dira suhiltzaileak, baina azken orduetan baikor agertu dira: sutea egonkortuta, itzaltzeko bidean dira. Suhiltzaileek atzo eguerdian adierazi zuten oraindik ezin zela sua kontrolatutzat jo, baina aurreikusten zutela baldintza klimatologikoek modua ematen bazuten hurrengo orduetan itzaltzea. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea ere ezbeharra gertatu den eremuan izan zen atzo, Bardeako presidente Jose Maria Agramonterekin batera. Kalteen inguruko behin betiko kalkuluen zain dauden arren, aurreratu zuten garrek naturgunearen %80-90ean eragin dutela; 1.225 hektarea ditu barrutiak.
Sutea astearte arratsean piztu zen, zereal zelai batean, eta Eguarasko saihesbidearen zuhaiztia izan da gunerik kaltetuena; batez ere mailarik baxuenetan, ia erabat erreta dago dena. Halere, sua ez da leku guztietan berdin hedatu. Horregatik, zaila da zehazten zenbatekoa izan den erre den gainazala. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak ohar bidez berretsi duenez, kalte «larriak» eragin ditu suteak, balio ekologiko handiko eremua delako.
Garrak itzaltzeko lanen inguruan, gobernuak «zuhurtzia» eskatu du, sua egonkortuta dagoen arren ez dagoelako erabat kontrolpean. Txibitek adierazi du suhiltzaileek «lanean» jarraitu behar dutela, eta haien jarduna zaildu dutela azken egunetako tenperatura beroek eta inguru horretan dauden lursail lehorrek.
Suhiltzaileek espero dute Eguarats barrutiko sutea datozen orduetan itzaltzea
Maria Txibite Nafarroako presidentea sutearen gunean izan da, eta, aurreratu duenez, suteak erreserbaren %80-90ean eragin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu