Hegoaldeko egunkari unionista salduenak egin dio elkarrizketa. Azalean, argazki eta guzti. Gizonak esan duenez, 61 urte ditu eta Lanbiden hamasei urtez jardun ondoan kalera joango da. «Euskaragatik». Zehaztu du lehen hizkuntza eskakizuna (1HE) lortu zuela 90eko urteetan. 1HEaren balioa iraungi egiten zen 2HEaz jabetzen ez bazen. Ez dirudi saiatu zenik. Ez da egoera gozoa, baina bilorik gabe galdetu beharra dago: zertan ibili da 30 urte honetan? Hau da fandango, biba Berango? Euskarari ezin izan dio denborarik eskaini 2HEa eskuratzeko?
Aldian behin iristen zaigu antzeko kasuen berri. Zenbait hedabidek ederki erabiltzen dute egoera. Inoiz hedatuko dute elkarrizketarik 2HEa gainditu duen pertsona batekin? Ingelesez ez jakiteagatik lan munduan dagoen diskriminazioa aipatuko? Inposatu, euskara baino ez da inposatzen. Medikuak lanik gabe uzten omen ditugu euskaraz ez dakitelako. Pentsa liteke sendagile guztiak euskaraz mintzatzeko gai direla. Ez da hala. Zenbat gurasok egin behar dituzte itzultzaile lanak bost urteko umearekin pediatrarenera doazenean, hark euskaraz baino ez dakielako? Sendagileek biziak salbatzen dituzte, suhiltzaileek legez. Nori bururatzen zaio suhiltzaile bati euskara eskatzea? Euskarak ez du bizirik salbatzen. Horixe argudiatzen dute.
Estatukidetasun espainiarra duen herritar frantses bat, itxuraz gaztelaniaz ondo moldatzen dena, besterik gabe hartuko lukete Madrilgo administrazio publikoan behar egiteko goi mailako gaztelaniaren jabe dela frogatu barik? Peluca eta peluco berbak bereizten jakingo luke madrildar jatorren aurrean? Eta acecinar zezeoz ahoskatutako asesinar dela pentsatuko balu? Oso zaila omen da euskarazko azterketak gainditzea. Bada maila jaitsi beharko luketela dioenik. Kexu dira oposiziogile gaixoak: azken deialdian Joanes Leizagarrak hil aurretik esan ez, baina pentsatu zituen azken hitzak lapurtera klasikoz idazteko eskatu omen zieten. Eta gero Miren jausi egin da eta Mirenek jauzi egin du eta Eñautek koska bat du eta Eñaut koska da bereizteko. Pentsa!
Oposizioetan ingelesezko azterketan huts eginez gero, inork ez du proba samurtzeko esaten. Lasai, hurrengorako gehiago ikasi eta gainditu egingo duzu. Horixe da mezua. Aztergaia euskara bada, orduan purrustada. Izan ere, euskarak ez du deus balio. Ingelesak, bai; merezi du ahaleginak. Esaiozu ingeles irakasleari see you later eta see you Leire bereizten dakizula, baina agurra East End-eko doinuaz entzun eta gustuko duzun neska bat etorri zaizula burura. Horregatik zozo aurpegia. Edo frantses bati poisson (arraina) eta poison (pozoia) nahastea ez dela larria. Zorionekoa zu, mahaian berdel pozoitsua ipintzen ez badizu. Ederrak dira frantsesak hizkuntza kontuetan.
Barkatu, baina espainola, frantsesa eta ingelesa politika dira hemen. Eta Madrilen, Parisen eta Londresen ere bai
Euskara politizatua dagoela diote. Beste hizkuntzak, ez. Barkatu, baina espainola, frantsesa eta ingelesa politika dira hemen. Eta Madrilen, Parisen eta Londresen ere bai. Inposizioa egozten digute. Mediku bati euskara exijitu nahi diogu. Suhiltzaile bati ere bai. Zergatik? Ez du ez bururik, ez hankarik. Egunen batean ezusteko mingotsa izango den arte. Sutea piztuko da eta suhiltzaileak ez du asmatuko euskaraz baino ez dakien bost urteko umearekin komunikatzen. Ama lanean dago. Aitak, guraso baimena zuenak, bihotza ahul zuen. Ziplo hilda gelditu da sukaldean lehen garrak ikustearekin bat. Eta semea bakarrik geratu.
Albistea argitaratuko du egunkari unionistak. Irakurleek negar egingo dute ume gaixoagatik eta guraso talibanak madarikatuko, euskaraz mintzo zirelako etxean. «Zergatik ez zioten lehen-lehenik gaztelania irakatsi haurrari?». Ez dute galdetuko zergatik Administrazioak ez zion euskara eskatu suhiltzaileari. Ez dute ulertu gura komunikatzeko unean euskaldun elebiduna beti izango dela askoz ere hobea erdaldun elebakarra baino. Zer uste zuten, ba? Suhiltzaile sasoikoak soilik 50 metro 6,50-7,50 segundoan eginez lortuko zuela bost urteko ume euskaldun baten bizia salbatzea?