Mugako kontrola

Sufrimendua besterik sortzen ez duen sistema

Zerk bultzatzen du igerian ez dakien norbait ibaia gurutzatuz bizia arriskatzera? Abdulaye Koulibaly gazte ginearraren heriotzak berriro ere agerian utzi du Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugako kontrolak, migratzaileek bizi duten babesgabetasun egoerarekin batera, ondoriorik latzenak ekar diezazkieketela.

Frantziako jendarmeen kontrola Bidasoa ibaia gurutzatzen duen Santiago zubian, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
Irun
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Aurten, dagoeneko 4.100 migratzaile baino gehiago iritsi dira Irunera muga gurutzatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak aste honetan jakinarazi duenez. Datu hori egunez egun handituz doa, aste barruan egunero 30 bat lagun gehiago iritsi ohi direlako Gipuzkoa eta Lapurdi artean dagoen hirira, gutxi gorabehera, eta asteburu partean kopuru hori bikoiztu edo hirukoiztu egiten delako. Gainera, Jaurlaritzaren datuak migratzaileen eskura jarritako baliabideak erabili dituzten pertsonak baino ez ditu hartzen kontuan; beraz, pentsa daiteke Frantziara heltzeko asmoz bertara etorritakoak are gehiago izan direla, zenbaitek uko egiten baitiote laguntza jasotzeari.

4.100 lagun horietatik ia denak Afrikatik datoz, baina gehienak ez daude Irunen. Frantziako Gobernuak mugan ezarritako kontrol hertsiak ez du eragozten migratzaileak igarotzea, ezta tapoirik sortzen ere, baina igarobidea oztopatu eta arriskutsu bilakatzeko efektu gordina du. Horren adibide dira maiatzean eta joan den igandean, hurrenez hurren, Bidasoa ibaian itotako Yaya Karamokoren eta Abdoulaye Koulibalyren heriotzak. Bolikostarra zen bata, eta ginearra bestea, eta haien jatorrizko herrialdeetatik Frantziara iristeko bide luze eta arriskutsua egin zuten biek, baina, zoritxarrez, haien etorkizuna ustez zirkulazio librekoa den Europako barne muga batean hondoratu zen.

Irungo Harrera Sareko Jon Arangurenek salatu du igarobide seguruen faltan bi migratzaileak ibaira jotzera bultzatu zituen kontrol polizialak sufrimendua sortzeko besterik ez duela balio. Haren ustetan, migrazioaren jarioa eteteko gai ez dela ikusita, Frantziako Gobernuak mugan egiten duen kontrolaren izateko arrazoi bakarra «itxurakeria hutsa» da: «Migrazio ilegalaren eta mafien aurka zerbait egiten dutela erakutsi nahi dute, Fronte Nazionala bakarrik ez uzteko diskurtso horrekin». Hala, adierazi du «terrorismoaren aitzakiarekin» lehenik eta koronabirusarenarekin gero poliziak «kontrol arrazistak» egiten dituela muga gurutzatzeko bide nagusietan.

Gainera, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak ohartarazi du Frantziak Schengengo Ituna betetzeari utzi diola, Europako hainbat herrialderen arteko mugetako kontrolak ezabatu zituen hitzarmena: «Frantzia ez da Schengengo Ituna betetzen ari; ez da susmo bat, ezta ateraldi bat ere, errealitate bat da». Hain zuzen, kontrol diskriminatzaileak egiteaz gain, Frantziako Poliziak legez kanpoko itzulketak ere egiten dituela onartu du Legarretak, eta jakinarazi du Jaurlaritzak dagoeneko «behar den lekura» helarazi duela gaiarekiko duen «kezka».

Iparraldera iritsitako pertsona migratzaileen eskubideen defentsan lan egiten duen Etorkinekin elkarteko Amaia Fontagneren arabera, itzultze horiek egunero gertatzen dira, baita mugatik urrun ere. Izan ere, Bordelen, Hendaiatik 200 kilometro baino gehiagora, agenteek atxiki eta auto batean sartuta Hegoaldera itzuli dituztenen kasuen berri ere izan dute. Eta baita hainbat aldiz itzuliak izan direnenak ere: «Pertsona bera modu ilegalean dozena bat aldiz itzularaztera heldu da Polizia. Haientzat errutina bilakatu da».

Alternatibak bilatu beharra

Muga oinez, autoz, autobusez, trenez edo barkuz igarotzeko zailtasun guztien aurrean, migratzaile ugarik Bidasoa ibaia uretatik zeharkatzeko apustua egiten dute, Harrera Sareko kideek hori ez egiteko eskatu arren. «Hona iritsi aurretik pasatu duten guztiarekin, muga hori gainditzea erraza dela iruditu daiteke, baina arriskutsua da oraindik ere, ibaiak korronte indartsuak dituelako», zehaztu du Arangurenek. Gainera, Harrera Sareko kideak gogorarazi du Irunera heldutako migratzaileei muga gurutzatzen laguntzeko zerbitzua eskaintzen dieten «oportunistak» hurbiltzen zaizkiela: «50 edo 100 euroren truke beste aldera pasatuko dituztela esaten diete, eta kasu batzuetan engainatu eta zubian bertan uzten dituzte, eta bestetan ibaira eramaten dituzte, horrek dakarrenarekin». Ertzaintzak eta Guardia Zibilak ibaiaren inguruko zainketa areagotu dute maiatzeko heriotzaz geroztik, baina Harrera Sarekoak eszeptikoak dira erabaki horrekin, eta azpimarratu dute migratzaileak ibaira eraman dituena, hain zuzen, kontrol poliziala dela, eta hura saihesteko bide arriskutsuak bilatzen jarraituko dutela.

Desesperazioak bultzatuta

Irungo Harrera Sarearen iritziz, Koulibalyren kasuan bezala igerian ez dakien pertsona bat ibaia gurutzatzera mugiarazteko erabakiaren atzean kontuan hartu beharreko hainbat aldagai daude, guztien artean desesperazioz beteriko koktel arriskutsu bat osatzen dutenak. Hala, mugako kontrol zorrotzaz, behin eta berriz itzularazia izanaz eta jasotako gomendio arriskutsuez gain, Irunen pasatzen duten denboran migratzaileek egoera latzak pairatu behar izaten dituztela ere nabarmendu du Arangurenek, hiriko aterpean lo egin ezinik geratzen direnei erreferentzia eginez: «Hiru edo lau egun pasatu eta gero, kalean uzten dituzte, eta beste askori ez diete sartzen ere uzten, lekua izan arren, baldintza jakin batzuk betetzen ez dituztelako. Horrek eragin zuzena du kalean dagoenaren desesperazioan, eta hori bertako erakundeen ardura ere bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.