Nola hasi zineten hobia azaleratzeko lanean?
Duela bost bat urte hasi ginen. Herritarrek bazekiten hobiren bat bazegoela, baina memoria hori pixka bat estalita zegoen, iluntasunean gordeta. Jadanik hilda dagoen herritar bati esker zehatzago jakin genuen zer gertatu zen, eta poliki-poliki istorioa osatzen joan gara. Horri esker hasi ginen azkenik hobia azaleratzeko lanak egiten.
Lekua zein zen bazenekiten?
Ziur genekien han zegoela, baina ez toki zehatza. Zelai osoa altxatu ondoren, uste genuen ez genuela ezer aurkituko, baina agertu zen azkenik; errepidearen kontra, albo batean.
20 eta 25 urte bitarteko gazteak ziren, antza.
Oso gazteak ziren, bai, eta, dirudienez, Perezagua batailoikoak, Legutioko frontean aritutakoak, baina zaila da jakitea. Idatzitako lekukotasun batzuk ditugu, tartean Akostako bizilagun batena, baina oraindik arinegi da ziurtasunez zer aurkitu duten esateko.
Arkatzen bat agertu da, baita ere, gorpuzkien artean.
Bai, balioa zuen guztia kendu zieten, eta arkatzen bat eta metalezko elementuren bat baino ez da agertu. Baina niri beste gauza batek eman dit atentzioa: ahuspez zeuden denak. Iñaki Egaña historialariak esan zidan bezala, katoliko ez izateagatik agertu ziren hala, antza, frankistek lurperatu zituztelako. Datu interesgarria iruditzen zait niri, orduko errepresioarena, baita hilotzekin ere...
Apaiz izanik, herritarren gerra garaiko istorio ugari entzungo zenuen.
Bai, edadetuen istorio ugari entzun dut. Sufritu zuten guztia Legutioko fronte horretan. Etxeak hustu zituzten, familiek alde egin behar izan zuten... ondorio larriak izan ziren. Sufrimendu istorio bat dugu hemen, herriaren memoria historikoa, entzun eta jasotzea merezi duena. Nik arretaz entzuten nien, noski, eta hau guztia ateratzen joan da. Memoriaren zati bat baino ez da hau, oraindik ere asko dugulako ezagutzeko.
Familian ere gertu bizi izan zenuen gerraren errepresioa, ezta?
Bai, beste familia askotan bezala. Nire osaba bat, esate baterako, Jose Placer, Santa Isabelgo kanposantuan hil zuten EAE-ANVkoa zelako. Nire aita ere batailoi bateko komandantea zen, eta han hil zuten. Zalantzarik gabe horrek ere eragina izan zuen nigan, eta Etxaguengoaren moduko egitasmoetan parte hartzeko, memoriaren motibazio hori ere badut. Uste dut Etxaguenen egindako ekitaldia benetan hunkigarria izan dela herriarentzat, herritar guztiek zeukatelako hobi horren berri. Ez da enfretamendua sortu duen ekitaldi bat, alderantziz, zintzotasunez eta naturaltasun osoz egindakoa izan dela uste dut.
Eta, hala ere, ez ziren egon alderdi politiko guztietako ordezkariak.
Egia da, eta horrek harritu egin gintuen. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak egon ziren, Zigoitiko Udalekoak... eta PSE-EEko ordezkariak, esate baterako, ez ziren egon. Eta gogoratu behar dugu eurenak ere ibili zirela hemen borrokan. Mundu guztiak jaso zuen ekitaldian parte hartzeko gonbita, baina PP, UGT eta CNTko kideak ez ziren egon. Ez dakigu zergatik, eta beharbada azalpenen bat eman beharko lukete. Ez zaigu iruditzen oso jarrera duina izan dutenik.