Epaitegiak

Suesan Sestaoko ama-semeak autoarekin harrapatu zituen gidariarentzat behin-behineko kartzela agindu dute

Sestaoko 42 urteko emakumeaz eta haren 19 urteko semeaz gain, Errioxako 68 urteko emakumezko bat ere hil zen istripuan. Alkohola eta medikamentuak kontsumituak zituen gidariak.

Irudian, istripua izan den tokia, CA-433 errepidean. PEDRO PUENTE HOYOS/EFE
2023ko abuztuaren 8a
13:11
Entzun

Bermerik gabeko behin-behineko kartzela agindu du Kantabriako Audientzia Probintzialak Aste Santuan Suesan (Kantabria) autoarekin hiru pertsona harrapatu zituen gidariarentzat. Hirurak hor bertan hil ziren istripuaren ondorioz: Sestaoko (Bizkaia) ama-semeak, 42 eta 19 urtekoak, eta Santo Domingo de la Calzadako (Errioxa) emakume bat, 68 urtekoa.

Efe berri agentziak azaldu duenez, «akohola eta medikamentuak» hartuak zituen gidariak. Autoaren kontrola galdu, eta errepidetik atera zen ibilgailua, eta bi emakume eta mutil bat harrapatu zituen; bidearen ondoan dagoen oinezkoentzako bidean zebiltzan, familiarteko batzuekin paseoan. Ondoren, beste automobil bat ere jo zuen.

Audientzia Probintzialak behin-behineko kartzelaldia agindu du, gidariak «oinezkoen eta ibilgailuen trafikoaren segurtasuna» arriskuan jartzen duela iritzita. Izan ere, azaldu du frogatuta dagoela alkohola kontsumitu zuela, eta «oso azkar» gidatzen ari zela.

Horrez gain, zehaztu du Prozedura Kriminalen Legeak pertsona bat kartzelaratzeko eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla: gertakariek bi urteko edo gehiagoko zigorra ekar dezaketela aurreikustea, ikertutako pertsonaren erantzukizuna erakutsi dezaketen zantzuak egotea, edo antzerako ekintzak berriz egin ditzan saihestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.