Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Nafarroa. Bixente Serrano Izko. Geroa Bairen hautagaia Kongresurako

«Subjektu gisa, Nafarroan zentratu behar dugu apustua»

Ezkerrekotzat du bere burua Serrano Izkok. Ziur da Geroa Baik lortuko duela Kongresuko eserlekua mantentzea: «Entzun beharko dituzte nafarron ahotsak».

2015eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Uste al duzu Espainiako hurrengo gobernuak serio hartuko dituela Nafarroan erabakitzen diren neurriak? Nola berma dezake Geroa Baik nafarrok erabakitakoa Madrilen beteko dutela? Eskerrik asko, Bixente.

Zein den hurrengo gobernua. PP berriro ere sartzen bada, eta batik bat Ciudadanosekin sartzen bada, zailago izanen dugu nafarrok. Baina, edonola ere, entzun, entzun beharko dituzte nafarron ahotsak —horrela, pluralean—.

Zergatik Senatura beste indar batzuekin eta Kongresura bakarrik? Aukerarik egon al zen Kongresura beste koalizio batean joateko? Eneko

Botoa emateko sistema desberdina da. Zerrenda irekiak Senaturako, itxiak Kongresurako. Senatuan, aukera dugu aldaketaren aldekoek hiru eserleku lortzeko. Kongresurako, aldaketaren aldeko lau indarrek baditugu boto-emaile posible asko botoa emanen ez lioketenak hautagaitza bateratu bati. Bakoitzak bere boto-emaileei begira, guztira emaitza hobeak lor ditzakegula uste dut.

Geroa Bai izan da urteotan UPNren hizkuntza politikek izan duten oposizio nagusietakoa. Kanpainaren atarian Lesakan Geroa Baiko udal taldeak euskara planarekin eta Uemarekin egin duena ikusita, eta Geroa Baik Iruñetik adierazpenik egin ez duela ikusita, zer mezu helarazi die koalizioak Nafarroako herritarrei? Eta bereziki, aldaketarekin hain itxaropentsu agertu diren euskaltzaleei? Aritz

Ezin dut nik erantzunik eman horretaz. Udalerrietan daudenek jakinen dute zergatik erabaki duten hori, baina ez dut uste euskararen erabileraren eta garapenaren kontra daudelako denik.

Nik EAEko EAJ zentro-eskuinean kokatzen dut. Geroa Bai, berriz, zentro-ezkerrean. Badakit Geroa Bai ez dela bakarrik EAJ, baina Nafarroa Garaiko EAJ hor dago. Zein ideologiarekin identifikatzen duzu Geroa Bai? Nafarroako6merinaldeak

Inkesta guztietan jendeak ezkerrean kokatzen du. Nik neure burua ere bai, inolako dudarik gabe. EAJ baldin badago Geroa Bain ez da Geroa Bai EAJren halako marka zuri bat delako, baizik hor gaudenok akordio sendo batzuk egin genituelako Nafarroa Bai sortu zenean. Hor bazeuden bertze alderdi batzuk, gero erabaki zutenak joatea Ezker Batuarekin, EH Bildurekin, eta horietako batek ere ez zuen erran EAJ zegoelako alde egin zutenik. Gero, Nafarroa Bairen espiritu harekin jarraitzea erabaki genuen Geroa Baikook.

CISen inkestak zioen Geroa Baik galdu ahal zuela zuk izan duzun eserlekua. Zer sinesgarritasun ematen diozu? Etsigarria eginen litzaizuke? Graxi Ajona

Bi urtetik hona, horrelako inkestak egiten dituzten profesional serioenek aitortzen dute gauzak asko aldatu direla. Horrela, azkeneko bi urteetan inoiz baino gehiago huts egin dute. Are gehiago, ikertzeko eremua —Nafarroa kasu— zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta errore-marjin handiagoa. 2011n inork ez zigun eman eserlekurik euren pronostikoetan, eta lortu genuen. Aurten baino zailagoa genuen orduan.

Zer defendatu dezake Geroa Baik Madrilen EH Bilduk defendatuko ez duena? Izar Garces Olea

Gauza askotan ados egotea espero dut. Baina Nafarroari begira, nafarrok subjektu politiko gisa hartuta, nik uste askoz garbiago ikusten duela jendeak Geroa Bairen apustua. EH Bilduren apustua ez dago Nafarroan zentraturik; ez dut erraten kritika gisa, konstatazio gisa baizik. Ene ustez, gaur- gaurkoz, Nafarroan bertan zentratu behar dugu geure apustua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.