Nafarroa Aldatzen ekimeneko partaideek, eta haiekin bat egin duten bertze hainbat herritarrek, bertze urrats bat egin dute, eta jendaurrean egindako agerraldian, maiatzeko hauteskundeetarako subjektu politiko berria eraikitzeko deia egin diete Nafarroako indar politiko, sindikal eta sozialei, bai eta gizabanakoei ere. Indar ezkertiar, aurrerakoi, abertzale eta euskaltzaleak batzea ezinbertzekoa dela azpimarratu dute, eta hagitz garrantzitsua dela, halaber, herritarren parte hartzea.
Iruñean agerraldia egin duten herritarrek, hain zuzen ere, Nafarroako gizartearen isla direla nabarmendu dute, eta izaera anitzeko taldea direla generoaren, adinaren, jatorriaren, lanbidearen eta ideologiaren aldetik.
Ezberdintasunen gainetik herritarrekin batera lan egiteko beharra azpimarratu dute. «Bestelako Nafarroa posible eta beharrezkoa dela sinesten dugu», erran du Bakartxo Ruiz bozeramaileak. Ruizek irakurri du herritarrek adostutako manifestua euskaraz, eta Nekane Garmendiak, berriz, gaztelaniaz.
Manifestu horretan nolako Nafarroa nahi duten jaso dute aldaketaren alde egin duten herritarrok: «Hizkuntza eskubideak herrialde osoan indarrean izanen dituen Nafarroa. Zerga politika zuzen eta gardena izanen duen Nafarroa. Hondakin, etxebizitza eta industria azpiegiturak herritarren behar objektiboen araberako dimentsio, plangintza eta adostutako prozeduren arabera jorratuko dituen Nafarroa, beti ere ingurumenean sor daitezkeen kalteak aintzat hartuz. Emakumeon bazterketaren, menpekotasunaren eta esplotazioaren aurrean, neurri zehatz eta eraginkorrak ezarriko dituen Nafarroa».
Nafarroaren egungo status politikoa erabat agortuta dagoela azaldu du Ruizek, eta ez diela erantzuten gizartearen gehiengoaren beharrei eta borondateari. «Frankismoaren amaieran nafarren iritzia jaso gabe ezarritako Foru Hobekuntza Nafarroak nazioartean historikoki izan duen aitortza politikoaren karikatura besterik ez da». Horregatik, Nafarroak behar duen aldaketaren gakoa ez da alderdien arteko alternantzia, Ruizen hitzetan, baizik eta markoaren beraren aldaketa baizik: «Nafarrok geure buruaren jabe izateko aukera demokratikoa ukatu, eta gainontzeko euskal lurraldeekiko urruntzea helburu bakar duen esparrua ez da zilegi».
Orain arte Nafarroa estatu auzi eta trukatzeko objektu izan dela gaineratu du Ruizek, baina garai hori amaitutzat eman du: «Nafarroak subjektu aktiboa izan behar du. Nafarroi dagokigu Euskal Herria era demokratikoan eraikitzeko eskubidea gauzatzea, XXI. mendean Europara itzuli ahal izateko».
Gernikarekin bat
Murrizketa sozialen kontra, eta eskubide zibil eta politikoen alde egin dute manifestua adostu duten herritarrek. Alde horretatik, egun gertatzen diren eskubide zibilen eta politikoen urraketak salatu ditu Ruizek, eta konpromisoa hartu du, herritarren hitzetan, urraketa horiek guztiak iraganeko gertaera izan daitezen behar dena egiteko. «Gernikan adostutako oinarriekin bat egiten dugu, bai eta han behin betiko konponbide demokratikoa lortzeko finkatutako bide orriarekin ere».
Nafarroan aldaketa politiko eta soziala gertatzeko baldintza nahikoa badela uste dute herritarrok. Bai, behintzat, aldaketa horri ekiteko nahiko baldintza. Helburuak betetzeko prest jende nahiko ere badela uste dute. Jende hori abiarazteko, indar ezkertiar, aurrerakoi, abertzale eta euskaltzaleen bat egitea funtsezkoa dela azpimarratu du Ruizek. Denen artean, eta datozen maiatzeko hauteskundeei begira, subjektu politiko berria eraiki ahal izateko.
Subjektu berria osatzeko eskatu diete Nafarroako abertzale eta ezkertiarrei
Maiatzeko hauteskundeetarako indarrak batzera deitu du Nafarroa Aldatzen ekimenak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu