Subiranistek eskatu dute «guztiz» argitu dadila O-23an gertatutakoa

Indar independentistentzat, estatu-kolpe saiakerak «78ko erregimena sendotzea» zuen xede. «Balio errepublikazaleak» aldarrikatu dituzte

Mertxe Aizpurua (EH Bildu), atzo egindako agerraldian. EMILIO NARANJO / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Indar independentistei iruditzen zaie 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakera «estatu operazio bat» izan zela, eta helburu zuela «78ko erregimena sendotzea». Horregatik, besteak beste, O-23a gogoratzeko asmoz Espainiako Kongresuan atzo egindako ekitaldi instituzionala kritikatu zuten. EH Bilduk, ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts per Cartalunyak, CUPek, PDeCATek eta BNGk agerraldi bateratua egin zuten Kongresuko prentsa aretoan, eta salatu 78ko erregimena «giltzarrapo bat» dela «aurrerapauso demokratikoak» emateko orduan. EAJk ez zuen parte hartu ekitaldi instituzionalean, eta ez zuen bat egin subiranisten adierazpenarekin.

Independentistek eskatu dute «guztiz» argitu dadila zer gertatu zen duela 40 urte, «egia ofizialetik haratago». Iruditzen zaie orduan gertatutakoak sendotu egin zuela «gaizki trantsizio demokratiko deiturikoa», eta Espainiako errege zena —Juan Carlos Borboikoa egungo errege emeritua, iazko abuztutik Espainiatik alde eginda dagoena— eta armada izan zirela kolpe saiakera hura «babestu» zutenak. Hain zuzen, Felipe VI.a Espainiako erregea Kongresuko hemizikloan mintzatu zen, atzo.

Subiranistek uste dute «zutabe antidemokratikoak» jarrita jaiotzen direla «errepresioa, berdintasunik eza, injustizia, ustelkeria edo askatasunen murrizketak». Nabarmendu dute horiek indarrean jarraitzen dutela egun ere. Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) euskaraz irakurri zituen manifestuaren pasarte batzuk, eta azpimarratu zuen «faltsukeria» zeriola Kongresuak efemeridea «ospatzeko» aukeratutako moldeari. «Saldu nahi digute Espainiako Estatuaren demokraziaren garaipen baten gisara, baina ez da horrela izan». Koalizio independentistaren eledunarentzat, atzoko eguna egokia izango zen zenbait dokumentu «desklasifikatzeko» eta 1981eko otsailaren 23an zer gertatu zen jakiteko. «Herritarrei zor zaien zerbait da».

EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen esanetan, independentistek eta subiranistek aldarrikatzen dituzte «askatasuna, berdintasuna eta demokrazia», hau da, «balioa errepublikazaleak», horien bidez «benetako demokratizazioa» emateko, eta «eskubideak eta askatasunak zein pluraltasun sozial eta nazionala errespetatzeko».

Dokumentua sinatu dutenek uste dute, Aizpuruaren arabera, «normaltasun demokratikorik» ez dela egongo eta Espainiako Estatua ezingo dela «erabateko demokrazia» bat kontsideratu, «Espainiako Estatuak duela 40 urteko estamentu politiko, judizial, polizial eta monarkikoekin jarraitzen badu, autodeterminazio eskubidea aitortzen ez bada, eta jarraitzen badugu preso politikoez, erbesteratuez eta errepresioaz hitz egiten».

Manifestua sinatu duten talde parlamentarioetako bozeramaile guztiek hartu zuten hitza —galegoz, katalanez eta espainolez—, eta, esaterako, Jaume Alonso-Cuevillasek (JxC) esan zuen «inpunitatea» nagusia den estatu batean «harrigarria» ez dela «gardentasuna gabezia» egotea.

EAJren azalpena

Kongresuak antolatutako ekitaldia «artifiziala» izan zen. Hori adierazi zuen Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarraren buruak, atzo, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa batean. Gogoratu zuen 40 urte pasatu direla estatu-kolpe saiakeratik eta «%100» ez dela argitu zer gertatu zen. «Abagunea kontuan hartuta, batzuen zein besteen irudia garbitzeko ekitaldi bat dirudi».

Aitor Esteban jeltzaleen Kongresuko bozeramaileak agerraldia egin zuen Madrilen, eta azaldu oraindik ez direla O-23an gertatutakoaren «detaileak» ezagutarazi. «Ez da aldatu nahi Sekretu Ofizialen Legea, eta garai hartako dokumentazioaren gainean dagoen estalkia ez altxatu nahi».

Kazetariek galdetu zioten Estebani ea EAJk zergatik ez duen bat egin alderdi subiranistek izenpetutako manifestuarekin. «Gu ez gara identifikatzen agirian erabiltzen den hizkerarekin, ezta egiten diren zenbait baieztapenekin ere», erantzun zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.