Subflubiala Ez plataformak manifestazio batera deitu du urriaren 18rako

Bilboko itsasadarraren azpiko autobide proiektua baztertzeko eskatu dute berrehun lagun inguruk asteburuan, Leioan egin duten kanpaldian. Salatu dute azpiegitura horrek arriskuan jarriko dituela herritarren osasuna eta ingurumena.

Subflubiala Ez plataformak Leioako Artatza parkean egin duen kanpaldiko irudi bat.
Subflubiala Ez plataformak joan den asteburuan Leioako Artatza parkean egin duen kanpaldiko irudi bat. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko ekainaren 16a
11:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko itsasadarraren azpian autobide bat egiteko proiektua salatu du Subflubiala Ez plataformak, asteburu honetan Leioan (Bizkaia) egin duen kanpaldian. Artatza parkean egin dute, autobidearen sarreretako bat eraiki asmo duten inguruan, eta, plataformak ohar bidez azaldu duenez, berrehun pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Kanpaldia amaitu ostean, beste mobilizazio bat iragarri dute: manifestazio bat egingo dute urriaren 18an.

Askotariko egitaraua prestatuta zeukaten kanpaldirako, eta euriak, zenbait ekintza baldintzatu baditu ere, ez ditu zapuztu. Zuzeneko musika emanaldiak, poesia errezitalak, haurrentzako jolasak eta Frantziako A-69 autobidearen aurkako borrokari buruzko hitzaldia izan dituzte, besteak beste. Kanpaldia kalejira batekin amaitu zuten, igande eguerdian. «Hori guztia jai giroan egin dugu, baina mezu argi batekin: osasuna eta ingurumena arriskuan jartzen dituen eta etorkizuna hipotekatzen duen proiektu jasanezin hori geldiarazteko eskatzea».

Autobidearen proiektuan zehaztutakoaren arabera, asmoa da tunela egiteko leherketak kanpaldia hartu duen parkearen ondoan egitea, hain justu. Plataformak salatu izan du leherketek kalte nabarmenak eragingo dizkietela herritarrei. Batetik, «bibrazio arriskutsuak» eragingo dituzte inguruko eraikinetan, besteak beste Artatza-Romo institutuan. Bestetik, herritarren osasunari kalte egingo diete, aireko partikulen kutsadura dela eta. Zaratak legezko mugak gaindituko dituela ere salatu dute.

Plataformak gogorarazi du Artatza inguruan egin asmo ziren leherketak baztertu egin zituztela proiektuaren ingurumen eraginari buruzko adierazpenean, baina aldundiak adierazpen hori moldatu egin duela gerora, eta, aldaketa horietan, hobekuntza tekniko gisa txertatu dira aurrez debekatuak zituzten jarduera batzuk.

«Proiektua geldiaraztea exijitzen dugu. Itsasadar azpiko autobidea ez da aurrerapen bat: atzerapauso bat da klima larrialdiaren kontrako borrokan»

SUBFLUBIALA EZ PLATAFORMA

Autobideak badu beste berritasunik ingurumen eraginari buruzko adierazpen moldatuan: 300 metro luzeko zubibide bat, Portugaleten, Ballonti ibaiaren ibarrean. Plataformak nabarmendu du ingurumen eraginari buruzko lehen adierazpenak baztertu egin zuela zubibide hori, ingurumenean sortuko lituzkeen kalteengatik. Salatu duenez, aldundiak «justifikaziorik gabe» gehitu du berriz proiektura, eta Galindo inguruko «azken eremu berdeak» suntsituko ditu.

Subflubiala Ez taldeak gaineratu du aldaketa horiek ez direla modu gardenean egin. «Ingurumen eraginari buruzko adierazpena aldatzeko eskaera ez zaie jakinarazi kaltedun guztiei, eta, beraz, legea urratu da».

Itsasadarraren azpiko autobidea «logika zaharkitu batekin» lotu du Subflubiala Ez taldeak: autoen joan-etorrietan ardaztutako garraio eredu batekin, eta ez pertsonen eta salgaien mugimendua ardatz duen batekin. Azterketa sakon bat egitea galdegin dio aldundiari. «Eskatzen dugu oinez, bizikletaz edo garraio kolektiboan zer ibilbide egin daitezkeen identifikatzeko, garraiobide horiek indartzeko, eta pixkanaka ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko». Gaineratu du norabide horretan pausoak ematea ez dela aukerakoa, betebeharra baizik.

«Horregatik guztiagatik, proiektua geldiaraztea exijitzen dugu. Itsasadar azpiko autobidea ez da aurrerapen bat: atzerapauso bat da klima larrialdiaren kontrako borrokan, eta mehatxu bat da gure bizi kalitaterako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.