Suari eta keari aurrea hartzen

Iragan martxotik Frantziako legediak derrigorrezko egin du etxebizitzetan ke detektagailuak izatea; agintariek oroitarazi dute etxeko ezbeharretan suteak direla bigarren heriotza eragilea.

2015eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Sua eta ura belaunetatik behera, dio esaera zahar batek, baina sarri belaunetatik gorago ere igo izan dira sugarrak ezbehar tamalgarrietan. Horren harira, Frantziako legediak derrigorrezkoa egin zuen etxebizitza pribatuetan ke detektagailuen instalazioa joan den martxoaren 8an; ondorioz, bete beharrekoa da Ipar Euskal Herrian. Lege aldaketaren alde argudiatu zuten Europan 4.000 hildako eragiten dituztela urtean suteek. Munduko beste zenbait herrialdek ere -Alemania, Australia, Erresuma Batua eta Estatu Batuak, adibidez- legez derrigortua dute halako aparatuen instalazioa aspaldidanik.

Suteen ondorioz gertatzen diren heriotza kopuruak zeresan handia du erabaki horren alde. Frantziako Etxebizitza Ministerioaren arabera, esaterako, urtean 600 eta 800 hildako artean zenbatzen dituzte suteetan, eta ezbehar gehienak gauez gertatzen dira —heriotzak eragiten dituztenen %70—, jendea lo dagoenean. Espainian gailu horien erabilera derrigortzen duen legerik ez dago, baina Tecnifuego-Aespi erakundea eta suhiltzaile eta profesionalen proposamen ezberdinen bitartez, kontzientziazio kanpainak martxan dira norbanakoek etxeetan aparatu horiek instala ditzaten.

Prebentzioaren kultura

Legeak deusetara derrigortzen ez duenez, Hego Euskal Herriko etxeetan hautazko erabakia da etxean horrelako gailuak ipintzea. Olatz Arruabarrena Suzai Babesa enpresako komunikazio arduradunak «kultura kontua» dela esan du, «bete beharreko gauzak egiten ditugu». Espainiako araudia Eraikuntza Teknikoko Kodeak erregulatzen du, baina gabeziak ditu. Araudia aldatzea eta osatzea Madrilgo Gobernuari dagokio; ez da autonomia erkidegoen edota probintzietako gobernuen eskumena. Soilik, udal ordenantzen bidez —kasu berezietan, gainera— har daitezke prebentzio neurriak. «Udal batzuek neurri batzuk hartu dituzte, esaterako, 65 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan ke detektagailuak ipintzeko», esan du Arruabarrenak. Baina horrelako neurrietara mugatzen dira aldaketak. Aseguru etxeak eta suhiltzaileen elkarteek araudia aldatzea eskatzen dute, batez ere detektagailuak derrigorrezkoak izateko. Baina oraindik, aldaketen inguruan argitaratzen dituzten zirriborroetan, ez dago gailu horien erabilera derrigortuko duen neurririk.

«Prebentzioaren kultura zabaldu behar da», azaldu du Arruabarrenak. Ez du balio behin istripua gertatu ostean prebentzioan pentsatzen hasteak. «Zure bizitza dago jokoan», argi utzi du, «arriskua ikusten duenean ohartzen da jendea. Ez da ezer kostatzen detektagailu autonomo bat ipintzea etxean, eta su itzalgailu txiki bat eskura izatea». Azken batean, ke detektagailua prebentzio neurri bat da; abisatu besterik ez du egiten.

Arriskuari aurre egiteko

Merkatuan bi motatako ke detektagailuak daude: optikoak eta termikoak. CO edo karbono monoxido detektagailuak ere badira, baina horiek garaje handietan ipintzeko izaten dira. Detektagailu ionikoak ere badaude, baina geroz eta gutxiago fabrikatzen eta saltzen dira erradioaktiboak direlako; Frantziako legedian, esaterako, debekatuta daude.

Detektagailu optikoek bi kamera dituzte, eta ke kantitate ezohikoa antzemate dute. Etxeetan jartzeko egokienak dira, sukaldean eta komunean izan ezik. Horietan termikoak dira egokienak, tenperatura aldaketa handiak atzematen baitituzte, baina ez dira optikoak bezain azkarrak. Eta horretan datza antzematearen printzipioak: ahal den bezain azkarren abisatzea.

Gainera, ezbehar gehienak oharkabetasunengatik gertatzen dira, eta adineko pertsonak izaten dira kaltetuenak. Batez ere, gauez gertatzen dira horrelako ezbeharrak, jendea lo dagoenean, etxean kea dagoenik edo sua piztu denik ohartu ezinik. Bestalde, eta jendeak pentsatzen duenaren kontra, suterik gehienak egongelan izaten dira, logela eta sukaldearen aurretik, hurrenez hurren. Gehiago etxe zaharretan, non arriskua handiagoa den instalazio elektrikoak akatsak izateko eta etxetresna elektriko zaharrak erabiltzera jotzen den. «Horrelako kasuak neguan ugaritzen dira», esan du Arruabarrenak, batez ere krisiaren ondorioz: «Berogailu zentrala ez jartzeagatik, berogailu autonomoak pizten dituzte, askotan gaizki daudenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.