Gaur goizean hartu dute mendean Hernio mendian (Gipuzkoa, 1.078 metro) atzo arratsean piztu zen sua. Etxerik ez da sua piztu zen inguru horretan, eta ez dute etxerik hustu, eta ez da inor zauritu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du gaur goizeko zortziak aldera lortu dutela kontrolatzea. Guztira hogei hektarea erre ditu Hernioko suteak.
Baina sute bat kontrolatzeko lanean ari zirela, beste bat sortu da: sua piztu da Izazpi mendian (Gipuzkoa, 973 metro), 01:20 aldera, Ezkio-Itsaso inguruan. Suhiltzaile kamioi ugari bidali dituzte bertara. Suak foku bat baino gehiago izan ditu hasieran; goizeko bederatzietan jakinarazi dutenez, foku bakarra zegoen indarrean, eta itzali dute dagoeneko. Hamabost hektarea erre dira sute horretan.
Ertzaintzak ikerketak abiatu ditu bi sute horien nondik norakoak ikertzeko, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Atzo arratsaldeko zazpiak aldera zabaldu zen berria, sua piztu zela Hernioko goiko magalean. Bi fokutan eta ia aldi berean piztu zen sua, Koldo Arzalluz Errezilgo alkateak Euskadi Irratiari adierazi zionez. Zelatundik gora zeuden hasierako bi foku horiek, elkarrengandik 200 bat metrora.
Sutea oraintxe Ernion, Zelatunetik gora, Paradoretik ikusita #sua#sutea#Ernio#Zelatunpic.twitter.com/nuBJQCfWsR
— Gotzon (@GotzonAr) February 20, 2025
Haize ufaden eraginez oso azkar zabaldu ziren garrak. Errezil eta Bidania-Goiatzeko lurretara ematen duen maldan piztu zen sua, eta iluntzerako nahiko zabaldua zen. Azpeititik ere argi ikusi ziren garrak.
Gaua sartu zen sua zabaldu eta berehala, eta larrialdi zerbitzuak eta suhiltzaileak bertara heldu zirenerako erabat ilunduta zegoen. Horrek ez die mesederik egiten itzaltzeko lanei. Tolosako eta Azpeitiko parkeetatik dozena pare bat suhiltzaile bidali zituzten sutearen lekura.
Sasia eta mendia da inguru horretan, eta horrek hartu du su, larrialdi zerbitzuek zabaldutako bideoetan ikusten denez. Malkarra da eremu hori, eta lanerako baldintza kaskarrak dituzte; ilunpean, gainera.
Ernio baso sutea #iiff
— Bomberos Euskadi (@BomberosEuskadi) February 20, 2025
Fuego Forestal monte Ernio pic.twitter.com/iAtFWu9GRV