Pedro Sanchezen gobernuak bermatu ditu Espainiako aurrekontuentzako babesak. Atzo EH Bilduk jakinarazi zuen aldeko botoa emango duela, besteak beste, ETB3 2022a amaitu baino lehen Nafarroa osoan ematearen truke. Gaur ERCk lortu du hitzarmena gobernuarekin, eta, akordioa erdiesteko, haiek ere ikus-entzunezkoetan egin dute azpimarra. Madril osatzen ari den ikus-entzunezkoen lege berrian hizkuntza gutxituen aldeko neurri bat izatea bermatu dute subiranistek: legea onartutakoan, streaming plataformetako edukien %6k gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz egon beharko dute.
ERC azkenera arte jardun da negoziatzen, bazekielako bere hamahiru botoak ezinbestekoak zirela aurrekontuak onartzeko. Lortutakoa hala azaldu dute: «Netflixen egongo diren ehun filmetatik 30ek Europan ekoitziak izan beharko dute; horietatik, erdiak, Estatuko hizkuntzan (gazteleraz); horietatik %40, katalanez, euskaraz edo galegoz. Hau da, Europako pelikulen %20k gutxienez katalanez, euskaraz edo galegoz eskuragarri egon beharko dute. Eskaintzen den edukia hizkuntza koofizial batean eskuragarri badago, itzulita edo azpidatzita, eskaintzan gehitu beharko da derrigorrez».
Iaz ere hizkuntza jarri zuen ERCk aurrekontuak onartzeko baldintza gisa. Orduan, hezkuntza legean, eta, orain, ikus-entzunezkoenean.Aurtengo akordioan adostu dituzte azpiegiturei eta inbertsioei buruzko puntu gehiago ere.
«Plataforma handiak ez uxatzeko», Madrilek pizgarri fiskalak eskainiko dizkie edukiak hizkuntza gutxituetan izateagatik. Sanchezen gobernuak apustu indartsua egin du ikus-entzunezkoen industriaren alde, eta kuotak ekoizle handiak beldurtuko zituen susmoa zuen.
ETB3 eta eskariak
Ikusteko dago ERCk eskuratutakoak zer eragin izango duen Hego Euskal Herrian. Izan ere, legeak hizkuntza gutxien alde egiten du, bai, baina haietatik hiztun gehien dituena katalana da. Eta, gainera, legea onartzeko presio egin dutenak ere katalanak dira. Beraz, aurreikus liteke plataformek hizkuntza horri emango diotela lehentasuna, eta ez euskarari edo galegoari.
Euskal Herrian, Pantailak Euskaraz plataforma da euskarak streaming plataformetan lekua izan dezan lanean dabilen eragile nagusia. Joan den azaroaren 8an Eusko Legebiltzarrean egin zuten agerraldian eman zituzten egoerari buruzko hainbat datu: euskaldunen %47k kontsumitzen dituzte streaming bidezko plataformak, eta 20-24 urte arteko gazteen %75ek. Baina plataforma horietan zenbat film daude euskaraz? Netflixen, hiru; Disney Plusen, bat ere ez; HBO Maxen, bat ere ez; eta Amazon Prime Videon, bi. Telesailik euskaraz ezin da ikusi horietan guztietan.
Horregatik, ondorioa argia da taldeko ordezkarien arabera: «Gazteen erreferenteak erdaldunak dira. Zinema aretoetan ere egoera larria da, emanaldien %1 baino ez baitira euskaraz». EITBk sortuko duen plataforma berriak euskara hutsean behar lukeela ere galdegin zuen Pantailak Euskarazek.
Ikusi gehiago: Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz mugimenduaren bozeramailea: «Ezinbestekoa da aisialdian euskara sendo egotea»