Arabako Teknologia Parkearen Administrazio Kontseiluak bertan behera utzi du Stoa enpresari emandako kontratua, hark Miñaoko parke teknologikoa handitzeko hirigintza plana egin zezan adjudikatua. Ohar batean, parke teknologikoak jakinarazi du kontratua «baliorik gabe» utzi duela, Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzi eta gero legez kanpo adjudikatu ziotela lan hori Stoari. Akusatuek epaiaren aurkako helegitea jar dezakete, eta, beraz, ebazpena ez da irmoa izango Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ebatzi arte. Edozein moduz, «sententzia berretsiz gero», administrazio kontseiluak adierazi du kontratuak etenda jarraituko duela eta ez dela «beharrezkoa» izango beste erabakirik hartzea.
Iñaki Oiartzabal PPko Arabako presidenteak Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari leporatu dio «ezkutatuta» egotea epaia jakin zenetik, eta ustelkeria sareari lotutako enpresekin lanean jarraitzea. Hortaz, eskatu du Gonzalezek agerraldi bat egin dezala berehala Arabako Batzar Nagusietan: «Lotsagarria da diputazioko, udaletako eta Eusko Jaurlaritzako EAJko kargudunei eragiten dien ustelkeria kasu hain larri baten aurrean diputazioko agintari gorenak oraindik adierazpenik egin ez izana».
Bestalde, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ez duela ezagutzen Stoa enpresari emandako kontratuaren gisako beste adjudikaziorik, baina gaineratu du ezagutaraziko balira ziur dagoela administrazioak kontratu horiek ere etengo lituzkeela.
Stoa enpresari komisio bidez adjudikatutako kontratu bat eten dute
Miñaoko parke teknologikoa handitzeko hirigintza plana eman zioten Stoari, 'De Miguel auzian' ebatzi dutenez. PPk kontuak eskatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu