Steilas sindikatuak Hezkuntza ez dago salgai II. Erreskatea txostenaren aurkezpena egin du gaur, Bilbon. «Dokumentu honetan ikastetxe pribatu itunduak sostengatzeko eta haien biziraupena ziurtatzeko hartu diren hainbat neurri azaltzen dira», esplikatu dute sindikatuko kideek. Gogora ekarri dute Eusko Legebiltzarrak 2023ko abenduan onartu zuela Hezkuntza Legea, lege horretan sare «publiko eta pribatua berdintzera» egiten dela, eta hainbat dekretu ondu direla hor ezarritakoak bideratzeko. Esan dute ezen, jaiotza tasa apaltzen ari den honetan, zenbait eskola ixteko «arriskuan» daudelarik, beren-beregi egin beharko litzatekeela eskola publikoak «babestera», baina ez dutela horren zantzurik ikusi. «Zoritxarrez, gobernuak kontrako norantzan hartu ditu erabakiak, eta ikastetxe itunduen neurrira ezarri ditu joko arauak».
Legeak ezarritako irizpideak betetzen ez dituzten itunpeko eskolen jarrera kritikatu dute. «Ikasle zaurgarriei ez diete arretarik ematen, ez dute euskaraz irakasten, ez dira doakoak, eta laikoak ere ez». Horietaz gainera, esan dute usu zentro horietan ikasleen onarpena ez dela «gardena» izaten, eta irakasleen kontratazioen gainekoak ere ilunak direla. Argi dute administrazioak irmoago jokatu behar lukeela halakoen aurrean. «Itunak berritzeko baldintza batzuk bete behar dira, eta, horiek bete ezean, ituna deuseztatu egiten da. Horretarako tresnak baditu Hezkuntza Sailak». Uste dute, ordea, ez direla behar bezala egin propio hor eragiteko «ikuskapen lanak», eta itunpekoen alde egiteko hartutako «erabaki politiko bat» izan dela hori.
Bereziki EAJri leporatu diote jardunbide okerra. Sare publikoarekiko «mespretxua» agerian utzi duela uste dute, eta lehendik martxan dituen «sare klientelarrak» indartzea dela haren estrategia. Bide horretan, besteak beste, itunpeko eskolen «erreskatea» egin izana salatu dute. Datuak eman dituzte horretarako: bi urtean, sare horretan 124 milioi euro baino gehiago jarri ditu Jaurlaritzak. Kritikoak dira iaz Hezkuntza Sailak segregazioari aurre egiteko asmoz abiarazi zituen neurriekin ere. Izan ere, ikaslerik zaurgarrienak sare guztietan banatzeko neurriak hartu badira ere, eraginkortasun handirik ez dutela ondorioztatu dute: «Banaketak ez du ia eraginik izan». Adibide bat ipini dute: Bizkaiko ikastetxe publikoetako 2 urtekoen geletan zaurgarritasun tasa %22,1etik %21,8ra bakarrik jaitsi da.
Aldaketarik ez
Ikasturte honetan ikasle zaurgarrientzat egin beharreko «erreserba» bi ikasletara mugatu dela esan dute, eta horrek ez dakarrela sakoneko aldaketarik ikasleen banaketan. «Egun, lehen eskarian, bi ikasle zaurgarri ez dituen itunpeko ikastetxerik ia ez dago». Arduratuta daude erabaki horren harira hartu diren neurriekin, eta «irregulartasun bat» gertatzen ari dela uste dute. Auzitara joko dute horren kontra egiteko.
Hurbiltasuneko eskolatzea bermatzeko neurriak ere jarri dira berriki indarrean, eta horien alde daudela gogoratu dute sindikatuko kideek, baina horien eragina ere urria dela: izan ere, egun oro har ikasle «denentzat» tokia dagoela esplikatu dute. «Zero kilometroko hezkuntza bermatzen duen bakarra sare publikoa da». Eragin eremuei begira hartu diren erabakietan ere eskola publikoa galtzaile atera dela uste dute; eragin eremu guztietan eskola publiko bat zabaldu beharrean eremuak handitzera egin dela deitoratu dute. Uste dute gaineskaintzaren aurka ezarri diren neurriek ere ez dutela ekarri aldaketa «errealik».