Hausnarketa eguna izan da gaurkoa Steilas sindikatuarendako, 2023-2024ko ikasturteko lehenbiziko kontseilu nazionala egin baitu, Gasteizen. Goiz osorako egitaraua prestatu dute, eta, besteak beste, mahai inguru bat egin dute, Publikotasuna: Euskal Eskola Publiko bakarrerantz izenburupean. Nagore Iturrioz sindikatuko eleduna izan da parte hartzaileetako bat, eta azaldu du publifikazio progresiboari lotutako proposamen bat egin dutela: «Hezkuntza publikoaren eredua pribatura eraman dezakegu, ikastetxe horien publifikazioa helburu izanik».
Adierazi du Hezkuntza Legeak titulartasun ezberdinetako ikastetxeak «berdindu» egin dituela, eta, aldi berean, zerbitzu publikoa pribatizatzen ari dela. Hala, titulartasun ezberdinekoak maila berean jartzean, ereduak ere berdintzea proposatzen dute. Zehazki, planteatu dutena da ikastetxe publikoen «funtzionamendu demokratikoa» eta kontratazio eredua pribatuetan aplikatu dadila.
Horrez gain, publifikazioa erdietsi bitartean itunpeko ikastetxeetan aplikatu ahal diren neurriak ere proposatu dituztela dio Iturriozek. «Betebehar batzuk dituzte, eta horietan gardentasuna izan behar dute: kontratazioan, ematen den zerbitzuan edo jantokian, adibidez. Itunak nahi badituzte, neurri horiek txertatu behar dituzte, baina errealitatean ez dago horrelako kontrol mekanismorik».
Ondorio horietara iritsi baino lehen, publifikazioari lotutako erreferenteak ekarri dituzte gogora: «Kokapen historikoa egin dugu lehenik, 1993an publifikazio prozesua nola izan zen oroitzeko. Eta kokapen geografikoa ondoren, Kataluniako publifikazio prozesuari erreparatuta».
Balorazioak
Hausnarketez harago, greba feminista orokorraren eta urrian eta azaroan egindako mobilizazioen balorazioak ere egin dituzte kontseiluan. Iturriozen erranetan, greba feminista orokorra «oso arrakastatsua» izan da, «historikoa»: «Uste dugu zaintza eredua irauli nahi dugun honetan zerbitzu publikoa indartzea ezinbestekoa dela, tartean hezkuntza, noski». Hala, uste du gizarteak «kaleak hartu» eta gero agintariei dagokiela «zerbitzu publikoen aldeko apustu irmoa» egitea.
Hezkuntzari lotutako mobilizazioei dagokienean, Iturriozek gogoratu du orduan kalera atera zituzten aldarrikapen berberak babesten dituztela orain ere: hezkuntza arloko langileek galdu duten erosahalmena berreskuratzea, erretiroa aurreratzeko neurriak hartzea, hezitzaileen lan zama aritzea, lan hitzarmen berria ezartzea, eta hezkuntza sistema publifikatzea. Hala, kontseilua bukatzeko, elkarretaratze bat egin dute, negoziazio kolektiboaren alde. «Lan hitzarmen berriak nahi ditugu sektore guztietan», borobildu du Iturriozek.