Steilasek lortu du boto gehien hezkuntzan; LABek ordezkari gehiago

Steilas lehen indarra izan da unibertsitatekoak ez diren irakasle funtzionarioen artean, eta LAB EHUn nagusitu da. ELAk gora egin du

Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Hauteskunde sindikalak izan zituzten ostegunean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Sindikatu handietako bakoitzak atseginez hartu ditu emaitzak, eta batean edo bestean alde positiboa azpimarratu. «Poztasun handiz adierazi nahi dugu hezkuntza publikoan gehien bozkaturiko sindikatua garela», adierazi du Steilasek. «LABek berretsi du lehen indarra dela EAEko hezkuntza publikoan», LABek. «ELA da hezkuntza publikoaren (EAE) esparru guztietan igo den sindikatu bakarra», ELAk.

Ikusi gehiago:Jaurlaritzak irailean eta urrian egingo ditu hezkuntzako oposizioak

Zaila da adierazpen horiek ezkontzea, baina bakoitzak adierazle batean ipini du arretagunea. Steilaseko Nagore Iturriozek berretsi du euren sindikatua dela gehien bozkatua, baina sektore batzuetan ez direla aurkezten: «Guk ez daukagu ordezkaritzarik sukaldean eta garbiketan, ezta erlijio irakasleen artean ere». Azaldu duenez, kategoria horietan ordezkari bat lortzeko boto gutxiago behar da, eta horregatik dauzka LABek ordezkari gehiago baina Steilasek boto gehiago.

29.029 irakasle funtzionario zeuden deituta hauteskundeetara, eta 11.234k bozkatu dute. Hautagaien %36 lortu ditu Steilasek; %28, LABek; %19,65, ELAk; eta %6, CCOOk. UGTk ez du hautagairik lortu, botoen %2 bakarrik izan duelako. Lehenengoz aurkeztu da Interinok taldea, eta hautagaien %10 lortu ditu. Behin-behinekoen eskubideak babesteko sortu zuten duela lau urte.

LAB eta Steilas, hurre EHUn

EHUn ere LABek lortu ditu ordezkari gehien, 23; baina hurre dauka Steilas, hogeirekin. Gainerakoak berdinduta daude: CCOO (hamasei), ELA (hamabost) eta UGT (hamalau). LABeko Irati Tobarrek «oso balorazio ona» egin du: «Jendeak berretsi du gure ildo politikoarekin bat egiten duela».

ELA, UGT eta LAB dira sukaldekoen eta garbitzaileen artean ordezkaritza duten bakarrak, eta oso parean daude: zortzi, zortzi eta zazpi delegatu dauzkate, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.