Steilasek lorpentzat dauka Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eskola jardunaldiaz emandako epaia

Sindikatuaren esanetan, Hezkuntza Departamentuak nahi zuen irakasleei eskola jardunaldiaz egiten zaien kontsulta ez izatea loteslea. Pozik agertu dira epailearen erabakiarekin: «Klaustroari berea zen hitza eta erabakitze ahalmena aitortu dizkiogu».

Steilaseko ordezkarien agerraldia, gaur, Iruñean. STEILAS
Steilaseko ordezkarien agerraldia, gaur, Iruñean. STEILAS
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urriaren 7a
11:00
Entzun

Hezkuntzan eztabaidagai izan ohi da eskola jardunaldia; alegia, eskolak goizez soilik edo goizez eta arratsaldez eman. Steilasek prentsaurreko batean adierazi duenez, iaz sindikatuek behin baino gehiagotan salatu zuten Nafarroan jardunaldiak arautzen dituen foru agindua «egiazko negoziaziorik» gabe «inposatu» zietela. Hortaz, Steilasek esku hartzea erabaki zuen: «Iazko abenduan, artikulu batzuei helegitea jartzea erabaki genuen, ikusita artikulu batzuek ez zutela bat egiten indarrean dauden hezkuntza legeekin eta araudiekin».

Orain bi aste iritsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena: hiru artikulu eta xedapen gehigarri bat baliogabetu ditu, «ez datozelako bat dauden hezkuntza legeekin». Sindikatuak lorpentzat jo du epaia, hiru arrazoirengatik. Bat: «Eskola jardunaldiari buruzko araudietan ezkutuko murrizketak geldiaraztea lortu dugu». Bi: «Klaustroari berea zen hitza eta erabakitze ahalmena aitortu dizkiogu». Eta hiru: «Onartu dute ikastetxeetako Eskola Kontseiluak direla, azken batean, hezkuntza komunitatearen organo gorena, garrantzi bereziko prozesuak bertan jorratu behar direlako».

Steilasek azaldu duenez, epaitegiaren erabakiak hiru gairi eragiten die. Batetik, haien hitzetan, orain baliorik gabe utzi duten xedapen gehigarriak egunean zuzeneko irakaskuntza ordu bat gehiago izatea ahalbidetzen zuen, «baliabide ekonomikorik eta pertsonalik gehitu gabe». «Argi ikusten dugu irakasleen aurkako murrizketa bat geldiarazi dugula», nabarmendu dute. Bestetik, artikuluetako batek adierazten zuen ordutegia erabakitzeko irakasleei egin ohi zaien kontsulta ez zela loteslea izango. «Epaiaren arabera, organo horrek erabakitzeko eskumena izan behar du ikastetxeari eta ordutegiari buruzko gai garrantzitsuetan». Azkenik, Steilasek adierazi duenez, foru aginduak jasotzen zuen ordutegiaz erabakitzeko bozketan jardunaldi zatitua ez beste jardunaldi baten aldeko botoak 3/5 baino gutxiago zirenean prozesua bukatu egingo zela. «Horrela, hainbat Eskola Kontseiluri hezkuntza komunitatearentzat garrantzi handikoak diren gaietan erabakitzeko ahalmena ebatsi zitzaion. Beraz, Hezkuntza Departamentuak lege organiko bat urratu zuen, ikastetxe horietan bozketa prozesuak geldiarazi baitzituen».

Epaia, behin-behinekoa

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia ez da behin betikoa, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak aukera du helegitea jartzeko; Steilasen arabera, hala egingo dute. Horren aurrean, sindikatuak departamentuari eskatu dio Nafarroako irakasleen ordezkariekin negoziatzera esertzeko, familiekin «gutxieneko enpatia» edukitzeko eta ahalik eta azkarren «lardaskeria juridikoa» konpontzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.