Steilasek Jaurlaritzari eskatu dio itunpeko eskoletako langileak bere gain hartzeko

«Fede txarra» egotzi die ikastetxeen ardura duten patronalei, eta aterabide bakar bat dagoela adierazi du: «Itundutako langileak publifikatzea».

Itunpeko ikastetxeetako langileak protestan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Itunpeko ikastetxeetako langileak protestan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2025eko martxoaren 20a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Steilas sindikatuak Kristau Eskola eta IZEA patronalen ardurapean ari diren gizarte ekimeneko ikastetxeen inguruko ohar bat atera du gaur, eta gogora ekarri ditu «lan baldintza duinen» eske bertako langileek urteotan egin behar izan dituzten mobilizazio ugariak: denera sei urtean 43 greba egun egin behar izan dituzte. Egoera gatazkatsu hori errotik konpontze aldera, aterabide bakar bat dagoela adierazi du sindikatuak: «Itundutako langileak publifikatzea». Horretarako bidea egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

«Fede txarra» egotzi die Steilasek eskola horietako patronalei. Greben harira akordioak onartu badira ere, esan du horiek ez dituztela konplitzen: «Langileen eskubide asko urratzen dituzte; besteak beste, gela itxi izanagatik lanpostua galdu duten langileen birkokatzeko eskubidea». Sindikatuarentzat, jokabide horrek argi utzi du hitzarmenaren aldeko borroka ez dela «nahikoa» langileen eskubideak osoki bermatzeko.

Hortik eskaera: «Funtsezkoa da egiturazko konponbideak ezartzea ituntze ereduan». Eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari egindako eskabideak. Batetik, eskola horietako lanpostuak eta langileak «zuzenean» bere gain hartzeko eskea egin diote, eta eskola publikoetako langileen lan baldintzak ezartzeko. Bestetik, eskatu diote zentro horietan sortzen diren langile premiak hornitzeko «ardura» ere hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.