Iazko maiatzean PAI Ingelesez Ikasteko Programari buruzko araubidea aldatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta, horren arabera, PAI daukaten D ereduko ikastetxeek astean gutxienez ordubete gehiago eman beharko dute ingelesez. Steilas sindikatua ez dago ados, eta zera jakinarazi du gaur egin duen prentsaurrekoan: «eraso» hori gelditzeko asmoz, bi helegite aurkeztu dituztela.
Aldaketa ez da nolanahikoa, sindikatuaren esanetan. Gaur egun, PAI programa daukaten D ereduko ikastetxeek astean gutxienez sei orduan egin behar dute ingelesez; aurrerantzean, zazpi orduan. Ingelesez gehienez eskain dezaketen ordu kopurua ere handitu egin dute: bederatzi ordutik hamabira. Hots, ordu gutxiago izango dituzte ikasgaiak euskaraz lantzeko: «Ikastetxe batean sei ordu ingelesez ematen badituzte, bost erabiltzen dituzte ingeles hizkuntza ikasteko, eta ordu bat beste arlo bat ingelesez egiteko; aldiz, irailetik aurrera, zientzietako bi ordu eman beharko dituzte ingelesez, eta euskara eskolen denbora %60,1era jaitsiko da». Areago: ikastetxeak erabakiko balu legez baimendutako eskola ordu kopuru maximoa —hamabi saio— ingelesez egitea, eskola denboraren %42,8 izango litzateke euskaraz. «Ez litzateke izanen ezta B eredua ere».
Alegia, Steilasen irudiko, kalte egingo dio ikasleen euskara gaitasunari. Izan ere, azaldu duenez, PAI programan dauden D ereduko ikastetxe gehien-gehienetan euskararen presentzia «ahul samarra» da eskolatik kanpo. Eta araubide berriak muga gehiago jarriko dizkie: «Euskaraz ikastea are nekezagoa da ingelesezko ordu kopurua handitzen bada. Murgiltzea ataka larrian jartzen da». Eta euskara mailari ez ezik gainerako ikasgaietako ezagutzari ere kalte egiten diolakoan daude: «Ingelesez emandako arloetan, maila nabarmen apaldu da».
Aukeratzeko aukerarik gabe
Sindikatuak badu beste kexa bat ere: Nafarroako Gobernua hau guztia egiten ari dela gurasoei seme-alaben hizkuntza eredua hautatzeko aukerarik eman gabe. Steilasen arabera, 1988ko foru dekretu batek ezarri zituen hizkuntza ereduak, eta eredu horietan euskara eta gaztelera baino ez zituzten hartu kontuan. «Ingelesa ez zen aipatu ere egiten». Dioenez, jasota dago D eredua euskara hutsean izango dela, eta gaztelera irakasgai bat. Halaber, legediaren arabera, familiek hizkuntza eredua hautatzeko eskubidea izango dute: A, B edo D eremu eremu euskaldunean; A, B, D edo G eremu mistoan; eta A, D edo G eremu ez-euskaldunean. Steilasek nabarmendu duenez, PAIren bidez hizkuntza eredu horiek de facto aldatzen dira, baina familiei hitzik eman gabe: «Familiek ez dute modurik hizkuntza eredu berri horiek hautatzeko, batez ere landa eremuan bizi badira eta ikasleek garraioa behar badute».
Eta, areago, salatu dute zenbait familiaren eskeak ez direla kontuan hartu: «2022an Beriain, Tebas eta Muru Artederreta herrietako familiak elkartu ziren parlamentuaren aurrean, PAIrik gabeko D eredua eskatzeko; izan ere, eskola mapan Noiango eskola egokitzen zitzaien, hots, D-PAI, eta, horrenbestez, euskarazko ikaskuntzari kalte egiten zion horrek. Beste herri batzuetan, kexak planteatu dira Hezkuntza Departamentuko ikuskaritzan, baina orain arte ez dute deus lortu».
Horiek horrela, araubide berriaren aurkako bi helegite jarri ditu Steilasek. «Bidenabar, auzitegiari kautelazko neurriak eskatu dizkiogu, epaia iritsi arte sor daitezkeen kalteak ahalik eta gehien gelditzeko».