Steilaseko Raul Lopez eta Ane Apezetxearen arabera, PAI Ingelesez Ikasteko Programako 352 langile egonkortzeko prozesua «lardaskeria» izan da, eta horren erantzule egin du Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria. Berriki, Auzitegi Gorenak tramiterako onartu du 2023ko udan Steilasek aurkeztutako kasazio helegitea, eta, hori ikusita, Gimenok eskatu dio sindikatuari helegitea atzera bota dezala. Steilasek gaur erantzun dio ez duela hori egiteko asmorik, eta pilota Gimenoren teilatu gainean utzi du: «Helegitea kentzea omen da irtenbide bakarra. Zer irtenbide? Zergatik dago Gimeno hain urduri? Hain argi badu prozesua guztiz legezkoa izan dela, zeren beldur da?», galdetu dute.
Steilasek prentsaurrekoa egin du Gimenori erantzuteko, baina argi utzi die kazetariei ez direla erreakzio soka batean arituko. Gorenak kasazio helegitea onartu berri du, eta luze joko du epaia atera arte. Alta, tramiterako onartze hutsak ezinegona eragin du egonkortutako irakasle horien artean, eta hori baliatu du Gimenok Steilasi eta ELAri presio egiteko —ELAk ere aurkeztua du helegitea—. Steilasek argi utzi nahi izan du euren borroka ez dela langile horien aurkakoa. «Ez dakigu auzia zertan bukatuko den; auzitegi batek erabakiko du. Badakigu hezkuntza publikoan irakasle bikainak ditugula, eta ez dugu inoren lana zalantzan jartzen».
Ikusi gehiago
Dena den, Steilasen arabera, irakasle horien egoeraz gain bestelako egoerak ere kontuan hartu beharko lirateke, kaltetuen argazki osoa izateko: prekario jarraitzen dutenak, kalera joandakoak, espezialitatea galdutakoak, PAIren ondorioz kalitate akademikoa galdu duten ikasleak...
Hala, Lopezek eta Apezetxeak gogora ekarri dute 352 langileak egonkortzeko prozesua hasieratik egin zela gaizki. Bertan parte hartzen duten sindikatuen bitartez, jakin dute estatu arloko hezkuntzaren mahaian Gimeno ahalegindu zela 2019an Nafarroak atzerriko hizkuntzen titulazioaren eskumena lor zezan. Dena den, aho batez aurre egin zioten sindikatuek, eta Espainiako Hezkuntza Ministerioa bera ere aurka agertu zen.
Hori lortu ez zuenez, gero, langile horiek Nafarroako funtzionario bihurtzeko bide juridikoa hartu zuen. Nafarroako Parlamentuan Navarra Sumaren babesa lortu zuen. Bide hori «asmakizun bat» da, Steilasen ikuspegitik, eta horregatik jo dute auzitara. Steilasek azpimarratu du ez dutela Nafarroako eskumena auzitan jartzen inondik ere, baina irmo kritikatu dute kasu honetan eskumena oker erabili nahi izan dela langileen eskubideei kalte egiteko.
Aukerak, zabalik
Tramiterako onartuta, ikusteko dago Gorenak zer egiten duen. «Aukera guztiak irekirik» daudela uste du sindikatuak, baina, Gimeno zein urduri dagoen ikusirik, galtzeko arriskua duela uste dute. Lopezen arabera, horrek ez du esan nahi 352 langileek funtzionario izaera galduko luketenik. «Guretzat hoberena litzateke estatuko kidegoetako funtzionario bihurtzea». Beste aukeretako bat da beste egonkortze deialdi bat egitea, atzerriko hizkuntza profilik gabeko lanpostuak egonkortzekoa. «Horrela, irakasle guztiak irabazian aterako lirateke, eta ez litzateke biktimarik egongo».
Alta, hori Gorenak ebatzi beharko du. Nafarroako Gobernuaren presioaren aurrean, gogora ekarri dute duela hamarkada bat gertatutakoa. Hain zuzen ere, 2014an, Balear Uharteetako PPren gobernuak bultzatutako PAIren legeari aurre egin zion PSOEk. Helegitea aurkezteko ehun diputatu eta senatari behar zirenez, sinatzaileen artean izan zen orduko Senatuko eledun Maria Txibite. «Balearretarako txarra dena ona ote da Nafarroarako?», galdetu diote egungo lehendakariari. Gimenori galdegin diote ez diezaiela errurik bota haiei. «Azaldu ezazu zertara datorren zure urduritasuna. Agian, oraindik ez dakigun zerbait gordetzen duzu, eta bidean uste baino hanka sartze gehiago daude».