Konpontzeko dago oraindik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako irakasleen lan gatazka. Joan den astean, hiru egunetan egin zuten greba; asteon, biharko eta etzirako daude antolatuta lanuzteak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, hain zuzen, greba deialdiak bertan behera ez utzi izana deitoratu du. Are, horri egotzi dio negoziazioek aurrera ez egitea: «Eragotzi egiten du negoziazio mahaiari berriro ekitea eta gure hezkuntza sistema hobetuko duen akordio bat lortzeko aurrera egitea».
Grebak ez dituzte inolaz ere bertan behera utziko; hala ziurtatu dute Steilasek, LABek, ELAk eta CCOOk ohar batean: «Deitutako grebekin aurrera jarraituko dugu sindikatuok». Izan ere: «Pasa den astelehenetik Hezkuntza Sailak ez du proposamen berririk egin, ezta mahai negoziatzailerik deitu ere. Ez die erantzunik eman grebalarion aldarrikapenei, grebak bertan behera uztea beste asmorik ez du agertu». Gainera, gaur, greben bezperan, ez dute mahai negoziatzailea —bertan eztabaidatzen dute lan ituna berritzea— batzeko asmorik, eta, Steilasek eta LABek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak bertan behera laga du gaurko deituta zuten bilera teknikoa. Steilasen arabera, abisuarekin batera, grebak albo batera uzteko eskaera ere jaso dute. Hezkuntza Sailaren jarrera deitoratu du LABek: «Negoziazioak eten zituen, eta oraindik ez dugu beste proposamenik jaso. Ez dugu beste mahai negoziatzailerik aurreikusia bihar baino lehen». Gaurko bilkura teknikoa aurrez adostua zuten, eta ez ziren irakasleen lan hitzarmenaz propio arituko. Hezkuntza Sailak ohar batean jakinarazi du erabakiaren arrazoia: «Bilera teknikoa ezin izan da egin, foro horren edukia negoziazio mahai nagusian lantzen ari diren gai multzoaren parte delako».
Irakasleen lan hitzarmen berria izenpetzeko negoziazioak korapilatsuak izaten ari dira. Sindikatuak eta Hezkuntza Saileko ordezkariak lehengo asteko astelehenean bildu ziren azkenengoz; ez zuten lortu ados jartzea, eta grebei eustea erabaki zuten goizaldean. Hezkuntza Sailak ostiralean egin zuen auziaren inguruko agerraldia. Ziurtatu zuten negoziatzeko prest zeudela, eta, are, «akordio on bat lortzeko zorian» zeudela, baina, horretarako, grebak bertan behera uztea galdegin zien sindikatuei. Gaur berretsi du orduan esandakoa: «Hezkuntza Sailak adostasuna eta elkarrizketa lortu nahi ditu, eta sindikatuei berriz ere eskatu diegu elkarrizketa lehenesteko greba deialdiaren aurretik, ikasleek eta haien familiek ez ditzaten ondorioak pairatu beste astebetez».

Gaur gauean, kanpaldia
Horiek horrela, bihar eta etzi greba egingo dute eskola publikoetako irakasleek, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, «lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza publikoa indartzeko». Horiek horrela, zenbait irakaslek kanpaldia antolatu dute: gaur 19:30ean batu dira Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, eta bertan pasatuko dute gaua, lan hitzarmen duina orain! lelopean. Zera galdegingo diote Hezkuntza Sailari: lan itunerako «proposamen sendo bat» egitea.
Gainera, ohi bezala, bestelako protestarik ere izango da: bihar manifestazioak egingo dituzte Donostian, Gasteizen eta Bilbon, 11:30ean; etzi, berriz, deialdi bakarra izango da: Gasteizko Europa jauregian elkartuko dira, 11:30ean.