EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretua baliogabetu duela jakinarazi zuten atzo; EHIGEk eta Steilasek dekretuari 2023an jarritako helegitea onartu du horrela. Gaur, prentsaurreko bat eman dute bi eragileek, balorazio bat plazaratzeko: nabarmendu dute positiboa iruditzen zaiela epaileen erabakia.
Dekretuak badu bere garrantzia; izan ere, bertan daude araututa ikastetxeetan zenbat ikaspostu dauden, ikasgela bakoitzean gehienez zenbat ikasle egongo diren eta familia zaurgarrietako ikasleentzat zenbat leku gorde behar diren, besteak beste. Hala azaldu dute Steilasek eta EHIGEk: «Dekretu hori funtsezkoa da hezkuntza sistema antolatzeko, haren mende baitaude, adibidez, hezkuntza sistemaren plangintza, hezkuntza eskaintza eta ikasleen ratioak».
Horiek horrela, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak «segurtasun juridiko falta» sortzen duela iruditzen zaie, «dekretu horretan oinarritzen baita hezkuntza sistema osoaren plangintza». Eusko Jaurlaritzak esana du epaia ez dela irmoa, eta, beraz, dekretuak indarrean jarraituko duela. Orobat, iragarria du helegitea jarriko diotela. Hori ikusita, zera esan dute Steilasek eta EHIGEk: «Azkenean hala egiten badu, aztertuko dugu epaia behin-behinean betetzeko eskatzeko aukera». Halaber, Hezkuntza Sailari eskatu diote epaileen ebazpena onartzeko, ez ibiltzeko luzamendutan «errekurtso antzuekin», eta prestatzeko «euskal eskola publikoa lehenetsiko duen» beste plangintza dekretu bat.
Forman bai, muinean ez
Erabakia hartzean, epaileek ez dute aztertu dekretuaren edukia, forma arazoei baizik ez diete erreparatu. Steilasek eta EHIGEk xehatu dute: «[Epaitegiak] Adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez zituela bete arauak ezarritako gutxienekoak, hala nola dekretu proiektuaren txostenaren justifikazioa, Euskadiko Eskola Kontseiluaren partaidetza prozedura errespetatzea edo Eusko Legebiltzarrera bidaltzea». Gainera, nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzako bi erakundek, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Aholku Batzorde Juridikoak ohartarazi zutela proposamena ez zegoela justifikatuta. «Hala ere, dekretua argitaratzea erabaki zuen Hezkuntza Sailak. Presaka zihoan».
Forman bai, baina epaileak ez dira muinean sartu. Dekretuari helegitea jarri ziotenean, edukiari lotutako hainbat arrazoi eman zituzten EHIGEk eta Steilasek. Bat: ikaspostu publikoak aipatu beharrean, funts publikoekin eutsitako postuak aipatzen dira dekretuan. «Hori ez da gauza bera». Bi: Steilasen eta EHIGEren esanetan, titulartasun publikoko ikastetxeak titulartasun pribatukoekin parekatu nahi zituzten, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren bidez. «Ikastetxe publikoak eta zentro pribatuak parekatzea ezinezkoa da, besteak beste, administrazio publikoak ez duelako eskumenik zuzenbide pribatuak arautzen dituen enpresak zuzentzeko edo horietan esku hartzeko». Eta hiru: «Dekretu horrek hezkuntza komunitatearen parte hartzea baliogabetu zuen, eskola maparen jarraipena egiteko lurralde batzordeak kendu baitziren».