«Agerian geratzen da Haurreskolak partzuergoa doakoa eta unibertsala izatea ez dela lehentasuna Hezkuntza Sailarentzat». Kritika irmoa egin du Steilas sindikatuak, Bilbon egin duen prentsaurrekoan. Irailetik, Haurreskolak partzuergoko zentroak doakoak dira familia ororentzat, baina, sindikatuaren irudiko, hori «ez da islatu» langile kopuruan: «Baliabide pertsonalak ezartzeko inbertsiorik ez bada egiten, eskaintza publikoa ahuldu egiten da, eta zerbitzuaren kalitatea, berriz, eskastu». Ezta haurrentzako lekuetan ere: «Batez ere hiriburuetan, ikaspostu publikoen eskaintza urria izan da, eta familia asko kanpoan geratu dira. Horregatik, hurrengo urteei begira, beharrezkoa da haur eskoletan ikaspostu gehiago eskaintzea, unibertsaltasuna bermatzeko».
Partzuergoko langileen behin-behinekotasunari egin diote erreferentzia bereziki. Steilasen esanetan, «onartezina» da Haurreskolak partzuergoko azken negoziazio mahaian egin zieten proposamena: «Araudiak dio behin-behineko kontratuak gehienez sei hilabetekoak izan daitezkeela. Enpresaren proposamena da behin-behineko kontratuak bederatzi hilabetekoak izan daitezela aurrerantzean, eta sindikatuon onarpena beharko luke horretarako». Horren harira, sindikatuak eskatu du kontratu mugagabeak egiteko. Baina «mehatxu» egin zietela ziurtatu dute: «Legez kanpo proposatutako prekaritate hau sindikatuok onartu ezean, Haurreskolak partzuergoa ahuldu eta ikaspostuak mugatuko zituen mehatxua bota zuen administrazioak».
Gainera, salatu dute Eusko Jaurlaritzak gutxienez 12.250.000 euro gastatu dituela 0 eta 3 urte arteko umeentzako haur eskola pribatuetan. Horiek horrela, Steilasek «benetako zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala» galdegin du.