Statkraften parke eolikoaren aurkako helegite bateratua jarri dute Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalek

Eusko Jaurlaritzan erregistratu dute helegitea. Uste dute proiektuak ez dituela «baldintza guztiak» betetzen, hirigintza planekin ez delako bateragarria, besteak beste.

Koldo Arzallus Errezilgo alkatea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Mikel Arregi Zestoako alkatea, udalek zabaldutako irudian. BERRIA
Koldo Arzallus Errezilgo alkatea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Mikel Arregi Zestoako alkatea, udalek zabaldutako irudian. BERRIA
mikel p ansa
2024ko maiatzaren 22a
18:55
Entzun

Bada urte eta erdi baino gehiago Sañoa aldean, Gipuzkoan, parke eoliko bat eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zuela Statkraft enpresak, eta gaur bukatzen zen proiektu horren kontrako helegiteak aurkezteko epea. Hiru udalerritako lurrei eragiten die proiektuak —Azpeitiari, Errezili eta Zestoari—, eta hiruretako udalek helegite bat aurkeztu dute gaur, elkar hartuta: proiektuaren kontrako 26 argudio aurkeztu dituzte, eta eskatu dute baimenen tramitazioa gelditzeko edo aurretiazko baimen administratiboa ukatzeko.

Helegitea batera aurkeztu dute hiru udalek, eta prentsa ohar baten bidez eman dute horren berri Koldo Arzallus (Errezil), Nagore Alkorta (Azpeitia) eta Mikel Arregi (Zestoa) alkateek; EH Bildukoak dira hirurak. Eusko Jaurlaritzaren aurrean aurkeztu dute helegitea, hura ari baita tramitatzen aurretiazko baimen administratiboa eta ingurumen eraginaren baimena.

Herri bakoitzean proiektuari zer arazo urbanistiko ikusten dizkioten aletu dute helegitean: Azpeitian, udalaren hirigintza plan orokorrarekin bateragarria da proiektua, baina «ez da bateragarria korridore ekologiko eta paisaia intereseko baldintzatzaile gainjarriekin». Alegia, badirela planaren gainetik dauden ingurumen balioak. Errezilen, berriz, proiektua bideragarri egiteko, aldaketa jakin bat egin beharko liokete planari.

Zestoan sumatu dute arazo gehien. Herrian indarrean diren arau subsidiarioen arabera, parke eolikoarentzako bidea egiteko eta parkea bera eraikitzeko, eremu babestuei kalte egingo liekete: gailurrak babesteko eremu bat, landa inguruneko babes bereziko eremu bati, azaleko urak babesteko eremu bati eta landa lurzoru erkide bati eragingo lieke. «Ondorioz, aerosorgailuak erabiltzea bateraezina da Zestoan indarrean dagoen planteamenduarekin», ondorioztatu dute.

Gogora ekarri dute, indarrean den energia eolikoaren lurralde plan sektorialaren arabera, udalen hirigintza planek aukera ematen duten tokian eraiki behar direla halako azpiegiturak, eta, hortaz, parke eolikoaren proiektua ez dute bideragarria ikusten.

Hirigintza aldetik ikusten dituzten auziez gain, hiru udalek uste dute azterketa gehiago egin beharko liratekeela, argitzeko parke eolikoak zer eragin izan dezakeen ingurumenean, biodibertsitatean eta faunan. Eta gogora ekarri dute Natura 2000 sarean «kontserbazio bereziko» gisa izendatuta dauden gune batzuen artean egin asmo dela Piaspe proiektu eolikoa, nahiz egitasmoak berak ez okupatu eremu horiek: Pagoetako parke naturala, Izarraitz eta Hernio-Gazume.

Arrazoi horiek emanda, udalek uste dute ez direla betetzen «proiektua bideragarri izateko baldintza guztiak». Gainera, helegitean adierazi dute parkearen produkzio energetikoa justifikatzeko azterketak ere ez direla nahikoak, eta parkeak berak hartuko lukeen eremua ez dagoela argi kartografiatuta baimenak eskatzeko aurkeztutako agirietan. Beste zenbait hutsune tekniko ere atzeman dituzte udalek, eta 26 puntutan jaso dituzte alegazioak.

Trantsizio energetikoaren alde

Dena den, helegitearen berri emateko zabaldu duten prentsa oharrean, hiru udalek nabarmendu nahi izan dute energia berriztagarriak «ezinbestekoak» direla «trantsizio ekosoziala» egin ahal izateko, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote prozesu hori gidatzeko. «Izan ere, eskala horretako berriztagarrien proiektuak ordenatu ahal izateko, ezinbestekoa da berriztagarrien lurralde plan sektoriala onartzea. Eta, trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren legean adostutakoaren bidetik, deskarbonizazio prozesurako eta klima aldaketaren aurkako neurriak» ere zehaztu behar direla adierazi dute: «Eskala horretako trantsizioak eztabaida publikoa irekitzea eta adostasun zabalak lortzea eskatzen du».

Helegitearen ondorioetan hala zehaztu dute: «Hausnarketa sakon eta parte hartzaile bat beharrezkoa da dokumentuaren erredakzioari dagokionez, eta administrazio publiko guztiek beren ardurak hartu behar dituzte ingurumenari eta lurralde antolaketari buruzko auzietan».

2022ko irailean jakinarazi zuten Norvegiako Statkraft enpresa publikoak bi parke eoliko eraikitzeko asmoa zuela Euskal Herrian. Piaspe zen proiektu horietako bat: 32 milioi euro inguruko kostua luke, eta 2027an jarri nahiko lukete martxan, urtean 84,7 gigawatt-ordu sortzeko. Beste proiektua (Itsaraz) Araba, Bizkai eta Gipuzkoa arteko mugan eraiki nahi dute; Piaspekoak baino potentzia handiagoa luke, urtean 153,8 gigawatt-ordu sortzeko adina, eta 60 milioi euro kostatuko litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.