Statkraften Itsaraz parke eolikoak ez du lortu aldeko ingurumen-inpaktu adierazpena

Espainiako Gobernuak ondorioztatu du parkeko zortzi haize errotek kalte egingo dietela eremu hartako hegaztiei, Natura 2000 Sareko eremuei eta kontserbazio bereziko eremuei. Ebazpena irmoa da, eta baimen hori gabe ezin da parkerik eraiki.

Oizko mendian, Bizkaian, Gamesak ekoitzitako haize errotak. MIGUEL TOÑA / EFE
Oizko mendian, Bizkaian, Gamesak ekoitzitako haize errotak. MIGUEL TOÑA / EFE
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 16a
11:30
Entzun

Statkraft energia berriztagarrien Norvegiako promotorearen Itsaraz proiektuak ezezkoa jaso du Espainiako Trantsizio Energetikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren partetik. Aramaio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean 60,4 megawatteko potentziako parke eoliko bat egiteko bide administratiboari ekin zion, baina ministerioko Kalitate eta Ingurumen Ebaluazio Zuzendaritza Nagusiak ondorioztatu du haize errotak eraikitzeko proposatutako lekuan neurriz kanpoko kalteak eragin ditzaketela haize errotek, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu dutenaren arabera. Ministerioaren erabaki horri ezin zaio helegiterik aurkeztu, eta erabakia irmoa da.

Promotoreak berak entregatu zion dokumentazioa ministerioari, 2024ko irailaren 5ean, eta, hura aztertu ostean, zera adierazi du zuzendaritzak: «Zuzendaritza Nagusi honek, Ingurumen Ebaluazioko Zuzendariordetza Nagusiaren proposamena ikusita, Itsaraz instalazio eolikoa, 60,4 megawattekoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako probintzietan egiteko proiektuaren aurkako ingurumen-inpaktu adierazpena egiten du, proiekturako hautatutako kokalekuan eta planteatutako neurriekin ezin baita baztertu eragin negatibo nabarmenak izatea hegazti fauna babestuan eta espazio babestuetan eta Natura 2000 Sarean, horien artean baitago proiektua, eta horrek kalte egin diezaioke Urkiolako kontserbazio bereziko eremuaren osotasunari».

50 megawattetik gorako proiektua izanda, Espainiako Gobernuaren esku dago haren tramitazioa. Ez da Statkraften proiektu bati kontrako ingurumen-inpaktu adierazpena ematen dion lehen aldia: duela bi urte, 172 megawatteko parke fotovoltaiko baten tramitazioa atzera bota zuen Alacanten (Herrialde Katalanak), eta 134,7 megawatteko beste bat Toledon (Espainia).

Statkraftek, ohar bidez, azaldu du «atsekabez» hartu duela ministerioaren erabakia, uste baitu proiektuak jasangarritasun ekonomikoaren, sozialaren eta ingurumen jasangarritasunaren printzipioak betetzen zituela. Enpresak azaldu du Gipuzkoako eta Arabako foru aldundien aldeko txostenak jaso dituela, Eusko Jaurlaritzarena neutrala zela, eta soilik Bizkaiko Foru Aldundiak igorri duela kontrako txostena, nahiz eta Bizkaitik soilik ebakuazio linea pasatzen den. Hala ere, ministerioak azaltzen duen moduan, hegaztiek muga biologikoak ezagutzen dituzte soilik, ez politikoak.

Enpresari arraroa iruditu zaio ezezkoa jaso izana, azaldu baitu antzeko eragina izango duten beste proiektu batzuek aldeko adierazpena jaso dutela. Hala ere, erabakia errespetatzen duela garbi utzi nahi izan du Statkraftek, eta gogorarazi du aurrera jarraitzen duela Gipuzkoako Piaspe proiektuarekin, Azpeitia, Errezil eta Zestoa artekoarekin.

Aldundien arteko desadostasunak

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzak, aurretik, bi txosten igorri ditu, proiektuak ingurumenari kalte egingo diola diotenak. Erakundeak uste du azpiegituren eraikuntza eta funtzionamendu faseek sai arreari eta sai zuriari eragingo dietela; Urkiolako kontserbazio bereziko eremuko espezie funtsezkoak dira. Sai zuriarentzat ezinbestekoak diren eremuetatik hamar kilometro baino gutxiagora egonda, eraginak «onartezinak» izango direla dio aldundiak, baita eragin horiek ezin direla zuzendu ere ez neurri babesleekin ezta zuzentzaileekin ere.

Espainiako Trantsizio Energetikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak dio haize errotak Bizkaiko eremuan egon ez arren eraginik zuzenena Bizkaiko eremu babestuetan izango duela, eta, beraz, lurralde horretako foru gobernua «guztiz gaitua» dagoela proiektuari buruz bere iritzia emateko. Urkiolako kontserbazio bereziko eremuaren %85 Bizkaian dago, eta gainontzekoa Araban, baina ministerioak dio bi herrialdeetako foru aldundiak ez datozela bat proiektuak izan dezakeen inpaktuan.

Izan ere, Arabako Foru Aldundiaren ingurumen inpaktuaren txostena ez da aurkakoa; hori bai, aitortu du beharrezkoak direla korridore ekologikoak leheneratzeko konpentsazio neurriak. Horri buruz, hau esan du ministerioak: «Horrek esan nahi du aurreikusi dela hondar inpaktuak izango direla konpentsatu beharreko beste espazio batzuekiko konektibitatean». Arabako eta Bizkaiko foru aldundien arteko desadostasunak direla eta, ministerioak dio «zuhurtasun printzipioa» lehenetsi behar dela.

Ekologistak Martxan-eko Andres Illanak azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak «urrats garrantzitsua egin» duela hegazti nekrofagoen kudeaketa plana lehenetsita; parke eolikoa geratzeko «funtsezkoa» izan dela uste du: «Arabako Foru Aldundiaren esku balego, ingurumen-inpaktu adierazpena aldekoa izango litzateke». Hala ere, nabarmendu du energia berriztagarrien lurralde plan sektorialak halako aferak «gutxiesten» dituela, modua ematen duelako espezie batzuen kontserbaziorako eremuetatik horren gertu dauden lekuetan berriztagarriak egiteko.

Azkenik, esan du bi foru aldundien arteko desadostasunek agerian uzten dutela gaur egungo «irizpide teknikoen» sendotasuna, eta amaitu du esanez Arabako erakunde batzuk larrituta daudela Arabako Foru Aldundiaren txostenak ikusita, «funtsezkoak diren espezieen kontserbazio beharrekin kontraesanean» daudela dirudielako.

Jaurlaritzaren postura

Eusko Jaurlaritzak, berriz, uste du argindarraren ebakuazio linea, Abadiñoraino (Bizkaia) joatekoa zena, partzialki edo guztiz lurperatu behar dela, Udalatxen eta Urkiolaren arteko korridore ekologikoaren jarraitutasuna ez oztopatzeko. Ministerioaren arabera, promotoreak hori onartu du, baina ez dute baloratu lurperatzearen lanek zer-nolako eragina izango luketen lurreko faunan eta landaredian. Eusko Jaurlaritzak ere konpentsazio neurriak proposatu ditu, baina zera dio ministerioak horri buruz: «Natura 2000 Sareko espazioak eta espezie mehatxatuak direnez, arintzearen hierarkia aplikatu behar da, nabarmenak izan daitezkeen inpaktuak saihestu, murriztu edo konpentsatu baino lehen».

Parke eolikoaren zortzi haize errotak Araban eta Gipuzkoan egongo dira, Araban zazpi eta Gipuzkoan bat, baina Bizkaiari ere eragiten dio, Abadiñoko azpiestazio elektrikoraino garraiatu nahi baitute argindarra, ia hamalau kilometroko linea batekin, zeina Udalatx eta Urkiola artetik joatekoa baitzen. Haize errota bakoitzak 201 metroko gehienezko altuera izango du pala gorenean denean; 782 hektarea zen hartzekoa parkea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.