Energia berriztagarriak

Statkraft enpresak parke eolikoaren proiektua aurkeztuko du Aramaion

«Herritarren zalantzak argitzeko» asmoarekin antolatu du enpresak aurkezpena.

Haizerrota baten argazkia. MAURITZ ANTIN/EFE
jone arruabarrena
2022ko azaroaren 9a
16:26
Entzun

Aramaio eta Eskoriatza artean parke eoliko bat eraikitzeko daukan proiektua aurkeztuko du Statkraft enpresak azaroaren 16an Aramaion, herritarren «zalantzak» argitzeko. Itsaraz deitu diote proiektuari, eta egun horretan herritarrei parkearen nondik norakoak azaltzeko asmoa duela ere iragarri du enpresak. Azaldu duenez, «energiaren sozializazioa, euskal industriarentzako zero kilometroko hornidura eta lankidetza publiko-pribatua» dira proiektuaren oinarriak.

Norvegiako Statkraft enpresak bi parke eoliko eraikitzeko asmoa du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean eraiki nahi du lehena, Piaspe izenekoa, eta 32 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du. 32 megawatteko potentzia izango du, eta urtean 84,7 gigawatt-ordu produzituko ditu. 24.000 etxe ingururi emango dio energia. Bigarren parkea da Aramaion aurkeztuko dutena, eta Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan eraiki nahi dute. Piaspe baino potentzia handiagoa izango du, 52,8 megawatt. Urtean 153,8 gigawatt-ordu sortuko ditu parke horrek, eta 44.000 etxe inguru hornituko ditu. 60 milioi euro inguruko inbertsioa beharko du, 92 milioi euro bi proiektuek.

Bi proiektuen nondik norakoak publiko egin zirenetik, aurka dauden herritarrak erantzuna antolatzen hasi ziren, eta irailaren 21ean egin zuten Piaspe parke eolikoaren aurkako lehen herri batzarra. Aramaioko udalak duela aste batzuk atera zuen idatzi baten bidez, adierazi zuen «informazio kontrastatua eta hausnarketa kolektibo sakona» behar dituela gaiak, udalak iritzi bat kaleratu aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.