Politika

SPRIko zuzendari ohiak dagokion baimenik gabe dihardu arlo pribatuan

Eusko Jaurlaritzako bost goi kargudun ohi enpresa pribatuetan ari dira, arauzko bi urteak itxaron gabe. Horietako lauk baimen berezi bat lortu dute, baina ez SPRI agentziako zuzendari ohi Alexander Arriolak.

Alexander Arrlola SPRIko zuzendari ohia ( eskuinetik lehena) artxiboko argazki batean. JON URBE / FOKU
xabier martin
2023ko otsailaren 28a
13:18
Entzun

Ate birakarien eztabaida piztu da hauteskundeen atarian, hainbat enpresa pribatuk Eusko Jaurlaritzako bost goi kargudun ohi fitxatu dituztela eta. Euren kargu publikoak utzi eta bi urte igaro aurretik hasi dira arlo pribatuan, nahiz eta 2014ko bateraezintasunen legeak ez duen horretarako baimenik ematen. Lege horrek berak, ordea, aparteko baimen bat lortzeko aukera jasotzen du: interesatuak lanpostu berriaren informazio guztia helarazi behar dio administrazioari, eta Gobernantza Sailak erabaki behar du eskaera aintzat hartu ala ez. Bada, bost goi kargudun horien artean lauk aparteko baimena lortu zuten, baina bosgarrenak ez: SPRIko zuzendari ohi Alex Arriola.

Horrela onartu du Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, kazetarien galderei erantzunez. SPRIko zuzendari ohia arlo pribatuan aritzeko aparteko baimena eskatu zuen, haren lanpostu berriaren inguruko informazioa helarazita, «baina Gobernantza Sailak ez zion erantzun». Hori dela eta, Olatz Garamendiren sailak ikerketa bat abiaraziko du jakiteko «zergatik ez zen garaiz» erantzun.

Zupiriak ez du esan Arriolaren lan aldaketa bera ere ikertu behar den ala ez, baina garbi geratu da goi kargudun ohi horrek ez zuela legeak exijitzen duen bi urteko itxaronaldia egin arlo pribatuan hasi aurretik, eta SPRIko zuzendari izan ondoren enpresa baterako jauzia egin zuela legeak jasotzen duen aparteko baimena izan gabe.

Denera, bi sailburuorde ohi eta hiru zuzendari ohi dira berriki arlo pribatuan hasi direnak bi urte itxaron gabe, eta, hala, ate birakarien kasuetara gehitu direnak. Horietatik lauk lortu dute, EAJko ordezkari batek gidatzen duen sailak emandako baimen berezi bati esker, euren kasuak etikaren esparrura mugatzea. Gobernantza Sailak deliberatu zuelako kargudun horien zeregin publikoak ez direla bateraezinak beren lan berrien zereginekin. SPRIko zuzendari ohiaren auzia, aldiz, etikatik harago joan daiteke, baimen berezi hori eduki gabe hasi baitzen lan berrian, eskatu eskatu zuen arren.

Ansotegi eta Zarraonaindia

Fatima Ansotegi eta Javier Zarraonaindia dira arlo pribatura jauzi egindako bi sailburuordeak. Jon Darpon eta Nekane Murga Osasun sailburuen ondokoa izan zen Ansotegi. Keralty Health konpainian hasi zuen bere lan berria, ardura publikoa utzi eta 48 ordura, Darpon bera ari den enpresan. Zarraonaindia, berriz, Industria sailburuordea izan zen 2021eko abuztura arte, Ekonomiaren Garapeneko Sailean. Albia Capital Partners aholkularitzan ari da orain.

Alexander Arriola SPRIko zuzendari ohiaren lan aldatzea da, ordea, galderen jomugan jarri duena Zupiriak, onartu baitu hark ez zuela baimen berezirik arlo pribatuan hasteko, eta, beraz, 2014ko legea urratu ote den zalantza piztu da. Eurocybcar enpresak fitxatu du Arriola, zibersegurtasunaren alorrekoa. 2020ko irailaren 17an utzi zion SPRI zuzentzeari, eta Zupiriak berak onartu bezala, Jaurlaritzaren gardentasunaren atariak ez du jaso harentzako aparteko baimenik, ez baitago. Besteen kasuan atari horrek islatzen du Gobernantza Sailak eman zuela ezohiko baimena bi urteko itxaronaldia alboratzeko.

Ibon Etxeberria eta Aitor Zulueta dira ate birakarien kasuak ugaritu dituzten beste bi zuzendari ohiak. Gotzone Sagardui sailburuaren albokoa izan zen Etxeberria, harik eta 2021eko otsailean kargugabetu zuten arte, udal konfinamendua urratu zuelako golfean aritzeko. Bizkaiko Farmazialarien Kolegioan ari da orain; baita Serikat, Laubana eta Farmaconsulting Transacciones aholkularitza enpresetan ere. Zulueta, berriz, Iñaki Arriola sailburuaren albokoa izan zen Natur Ondareko zuzendari gisa, eta Versos enpresan ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.