Ate birakarien eztabaida piztu da hauteskundeen atarian, hainbat enpresa pribatuk Eusko Jaurlaritzako bost goi kargudun ohi fitxatu dituztela eta. Euren ardura publikoak utzi eta bi urte igaro aurretik hasi dira arlo pribatuan, nahiz eta 2014ko bateraezintasunen legeak ez duen horretarako baimenik ematen. Lege horrek berak, ordea, aparteko baimen bat lortzeko aukera jasotzen du: interesatuak lanpostu berriaren informazio guztia helarazi behar dio administrazioari, eta Gobernantza Sailak erabaki behar du eskaera aintzat hartu ala ez. Bada, bost goi kargudun horien artean lauk aparteko baimena lortu zuten, baina beste batek, ez: SPRIko zuzendari ohi Alexander Arriola.
Horrela onartu zuen atzo Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, kazetarien galderei erantzunez. SPRIko zuzendari ohiak arlo pribatuan aritzeko aparteko baimena eskatu zuen, «garaiz»,bere lanpostu berriaren inguruko informazioa helarazita, «baina Gobernantza Sailak ez zion erantzun». Hori dela eta, Olatz Garamendiren sailak ikerketa bat abiaraziko du jakiteko «zergatik ez den erantzunik eman».
Zupiriak ez zuen esan Arriolaren lan aldaketa bera ere ikertu behar ote den, baina goi kargudun ohi horrek ez zuen legeak exijitzen duen bi urteko itxaronaldia egin arlo pribatuan hasi aurretik, eta SPRIko zuzendari izan ondoren legeak jasotzen duen aparteko baimenik izan gabe egin zuen enpresa pribatu baterako jauzia.
Denera, bi sailburuorde ohi eta hiru zuzendari ohi hasi dira berriki arlo pribatuan bi urte itxaron gabe, eta, hala, ate birakarien kasuetara gehitu. Horietatik lauk lortu dute, EAJko ordezkari batek gidatzen duen sailak emandako baimen berezi bati esker, euren kasuak etikaren esparrura mugatzea, Gobernantza Sailak deliberatu zuelako kargudun horien zeregin publikoak ez direla bateraezinak beren lan berrien zereginekin. SPRIko zuzendari ohiaren auzia, aldiz, etikatik harago joan daiteke, baimen berezi hori eduki gabe hasi baitzen lan berrian, hura eskatu zuen arren.
Ansotegi eta Zarraonaindia
Fatima Ansotegi eta Javier Zarraonaindia dira arlo pribatura salto egindako bi sailburuordeak. Ansotegi, esaterako, Jon Darpon eta Nekane Murga Osasun sailburuen ondokoa izan zen. Keralty Health konpainian hasi zuen bere lan berria, ardura publikoa utzi eta 48 ordura, Darpon bera ari den enpresan. Zarraonaindia, berriz, Industria sailburuordea izan zen 2021eko abuztura arte, Ekonomiaren Garapeneko Sailean. Albia Capital Partners aholkularitzan ari da orain.
Alexander Arriola SPRIko zuzendari ohiaren lanaldatzea da, ordea, galderen jomugan jarri duena Zupiriak, onartu baitu hark ez zuela baimen berezirik arlo pribatuan hasteko, eta, beraz, zalantza piztu da 2014ko legea urratu ote den. Eurocybcar enpresak fitxatu du Arriola, zibersegurtasunaren alorrekoa. 2020ko irailaren 17an utzi zion SPRI agentzia zuzentzeari, eta Zupiriak berak onartu bezala, Jaurlaritzaren gardentasunaren atariak ez du jaso harentzako aparteko baimenik, ez baitago. Besteei dagokienez, atari horrek islatzen du lortu zituztela ezohiko baimenak bi urteko itxaronaldia alboratzeko.
Ibon Etxeberria eta Aitor Zulueta dira ate birakarien kasuak ugaritu dituzten beste bi zuzendari ohiak. Gotzone Sagardui sailburuaren albokoa izan zen Etxeberria, harik eta 2021eko otsailean kargugabetu zuten arte, udal konfinamendua urratu zuelako golfean aritzeko. Bizkaiko Farmazialarien Kolegioan ari da orain; baita Serikat, Laubana eta Farmaconsulting Transacciones aholkularitza enpresetan ere. Zulueta, berriz, Iñaki Arriola sailburuaren albokoa izan zen Natur Ondareko zuzendari gisa, eta Versos enpresan ari da.
SPRIko zuzendari ohiak dagokion baimenik gabe dihardu arlo pribatuan
Jaurlaritzako bost goi kargudun ohi enpresa pribatuetan ari dira, arauzko bi urteak itxaron gabe. Baimen berezi bat lortu dute lauk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu