Speed eta estasi laborategi bat atzeman du Ertzaintzak Getxon, eta lau pertsona atxilotu ditu

39 eta 53 urte arteko bi gizon eta bi emakume dira atxilotuak, eta miaketan suzko armak, 31.000 euro, sei kilo marihuana eta beste droga batzuen bi kilo atzeman dituzte. Aske utzi zituen atzo epaileak, karguekin.

Ertzaintzak zabaldutako irudia: miaketetan aurkitutako materiala, droga eta armak. ERTZAINTZA
Ertzaintzak zabaldutako irudia: miaketetan aurkitutako materiala, droga eta armak. ERTZAINTZA
inaut matauko rada
2024ko uztailaren 25a
11:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazitakoaren arabera, Getxoko Algorta auzoan (Bizkaia) speed eta estasi laborategi bat desegin du Ertzaintzak, ikerketa baten ostean, eta lau pertsona atxilotu ditu. 46 eta 50 urteko bi gizon eta 39 eta 53 urteko bi emakume dira atxilotuak, eta osasun publikoaren aurka egitea, armak legez kontra edukitzea eta talde kriminal baten parte izatea egotzi diete.

Jakinarazi dutenez, apirilean hasi zuten ikerketa, eta deskubritu zuten Algortako etxebizitza batean droga fabrikatzen eta banatzen zutela, eta astelehenean egin zuten polizia operazioa, berriro droga fabrikatzen ari zirela susmatu zutenean. Etxean bi gizon eta emakume bat atxilotu zituzten, eta gero ustez haiekin harremana duen beste emakume bat atxilotu zuten.

Algortako etxe horretaz gain, Leioako (Bizkaia) etxe batean ere egin zuten miaketa ertzainek, eta, droga fabrikatzeko materiala aurkitzeaz gain, suzko armak, 31.140 euro, sei kilo marihuana eta ustez haiek fabrikatutako beste droga batzuen bi kilo ere atzeman zituzten. Astelehenean atxilotuak izan ostean, atzo epailearen aurrean deklaratu zuten, eta karguekin aske utzi zituzten laurak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.