elikadura

Spanghero Lur Berriren enpresak 42 tona zaldi okel erosi ditu

Informazioa 'Le Parisien' Frantziako hedabideak zabaldu du goiz honetan. Haragia Findus markako "idiki hutsez" egindako lasagnetan agertu zen.

2013ko otsailaren 14a
18:05
Entzun

Spanghero Lur berri kooperatibaren enpresak 42 tona zaldi okel erosi omen ditu Errumanian, goiz honetan LeParisien Frantziako hedabideak jakitera eman duenez. Egunkariak dio ikusi dituen hiru fakturek Spanghero eta Zipreko bitartekari batengana bideratzen dituztela susmoak, zaldi okelarekin egindako lasagnen aferan.

Fakturak Zipreko Draap salerosketa enpresaren izenean dira, bertan kode batek argi uzten omen du haragia zaldikia dela. Spanghero enpresak delako okel hori urtarrilean jaso zuen.

Lur Berriren adarrak salaketa horiek ukatu egin ditu azalduz "inoiz ez zuela Draap Trading enpresaren fakturarik jaso zaldikia aipatzen zuenik".

Zaldi okela, Findus markako idiki hutsez eginak izan behar zuten lasagnetan aurkitu zuten joan den astean. Jaki izoztuak Comigel enpresatik zetozen. Enpresa horri Spanghero enpresak saldu zion okela.

Ikerketa zabalik dago, eta joan den astelehenean ikertu zituzten Spanghero eta bertze enpresa batzuk Frantziako Iruzurraren kontrako agentziako kideek.

Europako Batzordeak jakinarazi du zaldi okela jateak ez duela arriskurik sortzen osasunarentzat. Halere hainbat neurri erabaki zituzten atzo Bruselan bildutako EBko Laborantza ministroek. Horien artean, haragiarekin prestatutako jakiei DNA frogak egitea.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.