Dei hotzak edo spam deiak deitzen zaie erabiltzaileak eskatu ez dituen telefono bidezko dei komertzialei. Hotza baino gehiago, hotzikarak sorrarazten dituzte unerik ezegokienean ahots goxoko saltzaileek «baztertu ezin den pagotxa» eskaintzen duten bakoitzean. Dei horiek legez kanpokoak diren arren, etengabe ari dira eskuko telefonoak astintzen. Batzuk gogaikarriak dira, eta beste batzuk, iruzurrak. Mundu osoan gertatzen den fenomenoa da, baina Euskal Herriak modu bereziki bortitzean pairatzen du.
Horrela jasotzen du, behintzat, Deien Mehatxuari Buruzko Txosten Globalak. Interneteko segurtasunean diharduen Hiya enpresak plazaratutako txosten horren arabera, Espainiak eta Frantziak pairatzen dute spam deirik gehien Europan; hilean, batez beste, hamabi eta hamahiru dei, hurrenez hurren. Alemaniar batek, esaterako, hilean batez beste hiru dei jasotzen ditu, eta irlandar bakoitzak, dei bakarra. Urtarriletik ekainera bitarteko datuak jasotzen ditu txosten horrek.
Euskal Herrian indarrean dauden araudiek galarazten dituzte baimenik gabeko dei horiek. Ipar Euskal Herrian, 2020tik daude debekatuta. Indarrean dagoen legeak telekomunikazio operadoreak behartzen ditu telefono zenbakiak egiazkoak direla bermatzera. Hala ez bada, operadoreek dei horiek blokeatu behar dituzte erabiltzaileari iritsi aurretik. Legeak lege, iruzurgileek zirrikituak aurkitu dituzte eta deiak egiten jarraitzen dute.
Hori dela eta, Frantziako Gobernuak beste pauso bat eman berri du eta, berrehundik gora telefonia operadorerekin elkarlanean, datu base komun bat eratu du dei horien egiazkotasuna bermatzeko sistema eraginkorragoa izan dadin. Urriaren 1ean jarri zuen martxan.
Iruzurra gelditu ezinik
Hego Euskal Herrian ere, 2023ko ekainean onartu zen 11/2022 Telekomunikazioen Legea garatzen duen xedapena. Araudi horrek debekatzen ditu herritarrei berariaz baimendu ez dituzten dei komertzialak egitea. Nolanahi ere, Ipar Euskal Herrian bezala, debekuaren eragina ez da nahi bestekoa izaten ari.
Egoerari aurre egin nahian, legeak zorrozteko beste pauso batzuk iragarri zituen urrian Espainiako Gobernuak. Horien arabera, telefonia operadoreek merkataritza deiak blokeatu beharko dituzte honako kasu hauetan: Espainiatik kanpoko zenbakiak direnean; operadore, zerbitzu edo bezero jakin bati atxikita ez daudenetan; sortu nahi duten enpresen datu basean jasota ez dauden zenbakiak direnean; eta sakelako telefonoen zenbakiak direnean.
Enpresek legeari izkin egiten diotela ikusita, zigor ekonomikoak proposatzen ditu Facua kontsumitzaileen elkarteak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ordezkaritzak ditu Facuak, eta elkarte horretako bozeramaile da Ruben Sanchez; hark gogorarazi duenez, «dei komertzialak legezkoak dira baldin eta kontsumitzaileak zerbitzu baten inguruko informazioa jasotzeko, enpresaren webgunean sartu, telefonoa eman eta deitzea propio eskatzen badu». Lehen, beste enpresa baten zerbitzua kontratatzerakoan, maiz, oharkabean, beren datuak hirugarren enpresei erabiltzeko baimena ematen zuten askok. «Egungo legearekin hori ere legez kanpokoa da», ohartarazi du. Horren ondorioz, lehengo kasu haietarako balio zuen Robinson zerrendak, egun, datuen lagapen hori ere debekatuta egonda, «zentzua galdu du», argitu du Sanchezek.
«Enpresentzat errentagarriak»
Dei horiek guztiak legez kanpokoak baldin badira, zergatik ari dira herritar gehienak oraindik ere herritar gehienak? Facuak argi dauka: enpresentzat ekonomikoki errentagarria delako. «Enpresek badakite ia inoiz ez direla isunak jartzen eta, jartzekotan, ez dira horren handiak. Beraz, arriskuak merezi du», azaldu du Ruben Sanchezek.
«Dei komertzialak legezkoak dira, baldin eta kontsumitzaileak enpresaren webgunean sartu, telefonoa eman eta deitzea propio eskatzen badu»
RUBEN SANCHEZFacuako bozeramailea
Facua kontsumitzaileen elkarteak jazarpen horri aurre egiteko zenbait konponbide proposatzen ditu. Horietako bat da Espainiako Gobernuak gas eta argindar hornitzaileentzat udan iragarritako neurriak sektore guztietara zabaltzea. Izan ere, neurri horiek energia arloko enpresak behartzen dituzte frogatzera, telefonoz kontratu berri bat egiten dutenean, bezeroak berak eskatu duela dei hori. Froga hori, berriz, kontratua onartzeko asmoz bezeroari egiten zaion grabazioaren bidez lortzen da. «Baimen zehatz hori jasotzen ez bada, kontratua baliogabea da», jakinarazi du Sanchezek. Hala eta guztiz ere, «kontratu hori gauzatuko balitz, enpresak isuna jaso lezake».
Spam deien kopurua murrizteko beste bide bat jarri du mahai gainean Facuak. «Bezeroari, telefonoz onartutako kontratu berria bidaltzen zaionean, mezu bat azalduko balitzaio, non adierazten duen, berak eskatutako deia izan ez badak kalte ordaina jasotzeko eskubidea duela, nabarmen jaitsiko litzateke dei horien kopurua». Sanchezen iritziz, enpresa handientzat lan egiten duten komertzial horiek modu bidegabean lortutako kontratuak ez lituzkete onartuko enpresa hornitzaileek, kalte ekonomiko bat ekarriko liekeelako: «Erakundeen aldetik, isuna; kontsumitzaileen aldetik, kalte ordaina».
Bloctel, deiak blokeatzeko
Ipar Euskal Herrian, ostera, Bloctel zerbitzua balia dezakete herritarrek. Frantziako Gobernuak eskaintzen duen zerbitzu horretan izena emanez gero, sistemak iruzurrezko deietatik babesten ditu erabiltzaileak. Dena dela, lau dei mota salbuetsita daude: inkestak, irabazi asmorik gabeko elkarteak, prentsa saltzeko profesionalen deiak eta erabiltzailearekin kontraturen bat duten enpresak. Hala ere, horiek ere egun eta ordutegi mugak dituzte: astelehenetik ostiralera eta 10:00-13:00 eta 14:00-20:00 artean dei dezakete. 30 eguneko epean gehienez ere lau aldiz deitu dezake profesional berak eta, lehenengo deian uko eginez gero, ezin du berriro deitu hurrengo bi hilabeteetan.
SMSen kasuan, iruzurrezko SMS bat jasoz gero, 33700 zenbakira bidal daiteke mezua edo zenbakia. Hori ez ezik, mezu automatikoei STOP erantzunda, deia etetera ere behartuta daude. Irizpide horiek errespetatu ezean, 375.000 eurorainoko isunak aurreikusita daude.
Bestalde, Hego Euskal Herriko kontsumitzaileen elkarteetan kontsultak egin daitezke eta kanpainak egiten dira, baina salaketak egitera AEPD Datuen Babeserako Espainiako Agentziara bideratzen dituzte.