Aspaldikoa da eskaria: unibertsitatean leku handiagoa eduki behar dutela soziolinguistikari buruzko ikasketek. Datorren ikasturtean urrats bat egiteko asmoa du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, BERRIAk jakin duenez: bi urteko master bat jarri du abian. Honako izenburu hau izango du: Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean. EHUko Euskara Institutuaren ardurapean sortu dute masterra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuta. Euskalgintzan aritzeko langileak trebatzea dute helburu, uste baitute «profesionalen gabezia» dagoela.
Martxan jartzeko pauso gehienak eman ditu masterrak. Ebaluazio guztiak gainditu ditu, eta azken onarpen formala soilik falta du, EHUren Gobernu Kontseiluarena. Ezusterik ezean, apirileko batzarrean jasoko du baiezkoa.
Belaunaldi aldaketa dator administraziora eta euskalgintzara, eta horri aurrea hartu nahi diote masterraren bidez. 1980ko urteetan martxan jarritako erakundeetan eta egitasmoetan erretiro asko izango da datozen urteetan. «Ordezkatuko dituztenek jakin egin behar dute nolako aldaketak gertatu diren 35 urte hauetan. Egindako bidearen berri izan behar dute arlo hauetan lanean hasi aurretik». Hori azaldu dute masterraren justifikazio memorian. Kontuan izatekoa da, adibidez, euskaltegietako irakasleen laurdenek 56 urtetik gora dituztela. Erakundeetan gisakoa da egoera.
Lau zati izango ditu masterrak, eta, finean, lau aditu tituluren batura da. Lehen zatia erakunde publikoei buruzkoa da: soziolinguistikaren inguruko oinarriak landuko dituzte, euskararen bilakaerari buruzko azterketak, eta administrazioan euskara sustatzeko proiektuen kudeaketa landuko dute. Bigarrenean eremu ez-formala landuko dute: erabileraren aktibazioa, haurren eta gazteen esparrua, eta kulturaren arloa. Hirugarren zatian, eremu sozioekonomikoa: enpresetako euskara planak, eremu sozioekonomikoak hizkuntzaren biziberritzean duen garrantzia eta hizkuntza kudeaketa. Eta laugarrenean, helduen euskalduntzea: helduaroko irakaskuntzaren oinarriak, curriculuma, metodologia eta didaktika. Amaierako ikerketa lana ere egin beharko da titulua jasotzeko.
Bi urte eta 3.000 euro
Bi urteko masterra izango da, eta erdipresentziala: hamabost egunean behin izango dituzte aurrez aurreko saioak, ostiral arratsaldean eta larunbat goizean. Eibarren emango dituzte eskolak (Gipuzkoa), EHUren Ingeniaritza Eskolan. Irakasle, unibertsitatekoak ez ezik, euskalgintzan arlo horietan dabiltzan eragileetako profesionalak izango dira: Soziolinguistika Klusterra, Elhuyar, Emun, Siadeco, AEK... Matrikularen kostua 3.000 ingurukoa izango dela uste dute unibertsitateko arduradunek —Jaurlaritzak dirua jarriko du prezioak hortik gora ez joateko—.
EHUn bertan badago soziolinguistikarekin lotutako beste graduondoko bat: Hiznet. Hizkuntza plangintzari buruzkoa da, EHUk eta Asmoz fundazioak ematen dutena. Eduki batzuetan antz handia izango dute bi ikasketek. Hizneteko arduradunek azaldu dutenez, aurrera egitea da haien asmoa, irailetik aurrera ere ematea: «Ikasle kopuruak erabakiko du». Gutxieneko ikasle kopurua lortu behar dute bi graduondoek.
Soziolinguistikari buruzko master bat ematen hasiko da EHU irailean
Lau aditu titulu izango dira: administrazioa, arlo ez-formala, sozioekonomikoa eta euskalduntzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu