Sozietate zerga gora, eta kenkari berriak alokairua, gazteak, alargunak eta zaintza laguntzeko

EAEko Ahal Dugu-k azaldu du zerga berrikuspenaren proiektuan 27 neurri sartu dituela. Besteak beste, errenta zerga aitortzeko betebeharra 20.000 eurora igo da, eta sozietate zergaren gutxieneko tasa %15etik %17ra handitu.

PSE-EEko eta Ahal Dugu-ko ordezkariak, negoziazioko bilera batean, astelehenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
PSE-EEko eta Ahal Dugu-ko ordezkariak, negoziazioko bilera batean, aurreko astean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2025eko martxoaren 13a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EAEko Ahal Dugu-k babestuko duen zerga proiektuan 27 neurri sartu dituzte alderdi moreak bultzatuta. Ahal Dugu-k azaldu du «errenta apalei eta ehun produktibo ahulenari mesede» egiten dietela neurriok, eta bilketaren galera lehengoratzen dela, «gehien dutenek gehiago ordainduz». Ezker konfederaleko indarrak zehaztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerga sistemetan egongo diren aldaketa horiek bultzatu egingo dutela etxebizitza gehiago alokairuaren merkatura ateratzea.

Era berean, aitortzeko betebeharra 20.000 eurora igoko da; aurreneko akordiorako oinarrian ere jasoa zegoen neurri hori, gerora moreen ezetza jaso zuen horretan. Batera edo bestera, 342.500 pertsonak ez dute errenta zerga ordaindu beharrik izango aurrerantzean. Horrek esan nahi du, Ahal Dugu-ren arabera, 138,5 milioi euro «errenta apalenak dituztenen poltsikoetan» geratuko direla.

Ekoizpen sare ahulenarentzat ere mesede izango dira 27 neurri horietako batzuk, moreen kalkuluen arabera. Guztira, 107.500 autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiren egoera hobetuko dela uste dute, «52,5 milioi euro baino gehiago» ahalbidetzen ei dituztelako haien aldeko neurriek.

«Gehien dutenek gehiago ordaindu»

Etxebizitza arloan ere azpimarra egin dute Ahal Dugu-ko agintariek, euren paktua defendatzean. «Etxebizitzen larrialdiari aurre egiteko fiskalitatea» jasotzen du akordioak, etxebizitza alokairuaren merkatua bultzatzeko, haien arabera. 111.000 pertsonari baino gehiagori eragingo die 21 milioi euroko neurri sorta batek.

Gainera, moreek nabarmendu dute zerga bilketaren galera iraultzea lortuko dutela euren neurriei esker. Hau da, aurreikuspena dela sistemak berriak gehiago bilduko duela. Nola? «Gehien dutenek gehiago ordainduz»: errenta handiek ezin izango dute kenkaririk eskuratu etxebizitzagatik, kasurako. Errentaren muga horrek hemezortzi milioi euroko susperraldia eragingo du, kalkulu horiei jarraikiz.

Era berean, %25etik %28ra igoko da aurrezpenaren zergapetzea, eta neurri horren ondorioz hamar milioi gehiago bilduko direla uste dute. BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen erreskatea garestiagoa izango da, gainera, eta horri esker lau milioi gehiago biltzea espero dute.

Neurri nagusiak

Errenta apalak
1. PFEZa aitortzeko betebeharra: 20.000 eurotik gora.
2. Ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkariaren itzulketa 20.000 eurotik beherako errententzat: %20ko kenketa 1.600 mugarekin; eta %35eko kenkaria, muga 2.800 izanik, familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat, 36 urtetik beherakoentzat, desgaitasuna edo mendekotasuna dutenentzat eta genero indarkeriaren biktimentzat.
3. Emakume alargunentzako kenkaria: 200 eurokoa, 20.000 eurotik beherako errententzat.

 

Berdintasuna, kontziliazioa eta famlia
1. Adingabeak zaintzeagatiko eta lan merkatura itzultzeagatiko kenkaria: 12 urtera arte.
2. Lan merkatura itzultzeagatiko kenkaria, emakumeentzat bakarrik: 1.500 eurokoa.
3. Adingabeak edo mendekoak zaintzeko lanaldi murrizketa edo eszedentzia hartzen duten gizonentzako kenkaria: 200 eurokoa.
4. Emakume eta gazteentzako enplegua sortzeagatiko kenkaria: %25etik %35era handituko da.

Etxebizitza
1. Ondare sozietateetan etxebizitza bereganatzeko pizgarriak kenduko dira, eta eskualdaketen gaineko zergaren tasa %50era igoko, bost etxebizitza baino gehiago eskuratzen dituztenentzat.

2. Ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria %35era igoko da, guraso bakarreko familientzat eta familia ugarientzat.

3. %150era igoko zaie etxebizitza hutsei OHZa.

4. Etxebizitza alokairuagatiko eta erosteagatiko kenkariak aplikatzeko errenta muga: 68.000 euro.

 

Progresibotasuna eta birbanaketa.
1. Gutxieneko tasa efektiboa sozietate zergan: egungo %17tik %19ra igoko da.


2. Sozietate zergaren igoera ezohiko mozkinengatik: %24tik % 28ra igoko da. Aurreko hiru ekitaldietako batez bestekoaren %35etik aurrerakoa izango da ezohiko irabazia enpresa handientzat.
3. BGAEak: erreskateetan zerga ordainketa handituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.