27 urteko gizon bat kartzelan sartzeko agindu zuen atzo Iruñeko guardiako epaitegiak, Kayle Villar Pons iruindarra hiltzea leporatuta. Nafarroako SOS Arrazakeriak hilketa gaitzetsi du, eta elkartasun osoa helarazi die biktimaren senideei. Gainera, zenbait hedabidek gaiari emandako tratamendua salatu du: «Nekatuta eta nazkatuta gaude gorroto diskurtsoa eta desinformazioa nola sustatzen dituzten ikusteaz, akusatuak, atxilotuak edo biktimak migratzaileak edo arrazializatuak diren kasuetan». Azaldu dute akusatuaren nazionalitatearen berri emateak ez duela aparteko informaziorik ematen eta ez duela «albistea ulertzen laguntzen», eta, beraz, «diskriminatzailea» dela.
Indarkeria matxista «bortizkeria orokortuenetako bat» dela erran du elkarteak, «estrukturala»: «Ez da nazionalitateekin, klase sozialekin edo jatorriekin lotu behar, hori egitean estereotipoak betikotzen direlako, xenofobia sustatu eta arazoaren muinaz ahazten garelako: emakumeen eta nesken kontrako indarkeria sostengatzen duen sistema heteropatriarkal bat existitzen dela oraindik». Elkarteak arreta jarri du trans emakumeen kontrako indarkerian, eta gogoratu misoginiak eta LGTBIfobiak bat egiten dutela alor horretan: «Horrek bereziki zaurgarri bihurtzen du kolektibo hori».
Ildo horretatik, gogoratu dute estilo liburu anitzek jasotzen dutela delitu bat egin dutenen edo akusatuen jatorria aipatzeak «aurreiritziak eta estereotipoak elikatzen» dituela. «Iruditeria kolektibo bat eraikitzen du, non delituen egiletza eta jarrera desegokiak jatorri edo baldintza jakin batzuekin lotzen diren». Gizon arrazializatuekin alderatuta, gizon zuri eta zisheteroen «immunitatea» ere gogora ekarri dute: «Lehenbizikoek zalantzaren onura dute, baina gizon arrazializatua kriminalizatuta bizi da, susmopean dago beti».
Azpimarratu dute ez dutela utziko gertatutakoa erabiltzea «arrazakeria eta xenofobia sustatzeko». «Horregatik guztiagatik eskatzen dugu indarkeria matxista ez lotzeko pertsonen nazionalitatearekin edo jatorriarekin, eta arreta jar dezagula indarkeria hori betikotzen duten jarrerak eta sistemak erauzten».