SOS Aiaraldeak salatu du Laudioko heriotza ez dela «gertaera puntual bat» izan

Mediku faltaren arazoa aspaldikoa dela gogorarazi du taldeak. «Osasun sistema publiko eta duina» eskatzeko, manifestaziora deitu dute ostegunerako; 19:00etan egingo dute, Laudion.

Osakidetzaren larrialdi zerbitzuetako mediku falta salatzeko elkarretaratzea, larunbatean, Laudion. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Osakidetzaren larrialdi zerbitzuetako mediku falta salatzeko elkarretaratzea, larunbatean, Laudion. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko abuztuaren 26a
18:20
Entzun

Asteburuan Laudion (Araba) gertatutako heriotza gaitzetsi du SOS Aiaraldea taldeak, eta salatu du jazotakoa ez dela izan «gertaera puntual bat». «Askotan salatu dugu medikuak falta direla Laudioko eta Amurrioko EAGetan [etengabeko arreta guneetan] eta ZIU [zainketa intentsiboetako unitate] mugikorretan», jakinarazi du Ludi Temiño SOS Aiaraldeko kideak. Udan mediku falta hori areagotu dela erantsi du.

Udalak larunbatean jakinarazi zuen herriko bizilagun bat hil zela «ZIU [zainketa intentsiboetako unitate] mugikorreko mediku faltaren ondorioz». Herritarrari bihotzekoak eman zion ostegun gauean, etxean zela. Eskualdeko ZIU unitate ibiltariak ez zuen medikurik; beraz, ezin izan zuen artatu. Bilbotik bidali zuten beste unitate bat, eta arta ematea atzeratu egin zen. Gau horretan zendu zen. Beste herritar bati ere gau berean eman zion bihotzekoak. Egoera «jasanezina» dela nabarmendu du Temiñok. «Heriotza batez ari gara, baina bi izan zitezkeen; herritarrok ezin dugu horrelakorik onartu».

Urtarrilean, antzeko egoera bat gertatu zen Laudion. Herritar bat hil zen, Laudioko etengabeko arretagunera bihotzekoak emanda joan, eta medikurik ez zegoelako anbulantzia baten zain egon ostean. «Momentu horretan, mobilizazio handi bat egin genuen, horrelako egoera bat berriro ez gertatzeko esperantzarekin; zoritxarrez, ez zituzten herritarron eskaerak kontuan hartu». Uda honetan, gainera, egoerak okerrera egin du: «ohikoa» bihurtu da EAGetan eta ZIU mugikorretan medikurik ez egotea.

Horren guztiaren atzean «kudeaketa arazo bat» dagoela esan du Temiñok: «Planifikazioa falta da; ikusi behar dute zenbat langile behar diren EAG bakoitzean zein ZIU mugikor bakoitzean, ez dadin berriro horrelako egoerarik gerta». Era berean, haren ustez, «norbaitek gertatutakoaren erantzukizuna» hartu beharko luke bere gain. «Inpunitate osoz ari dira».

«Zenbat pertsonak hil behar dute, zerbait egin dezaten? Ezin dugu horrela jarraitu»

LUDI TEMIÑOSOS Aiaraldea taldeko kidea

Egoerari irtenbide bat bilatu arte, Temiñok argi utzi du mobilizazioekin jarraituko dutela. Larunbatean, albistea jakin bezain laster, etenaldia egin zuten herriko jaietan. Horrez gain, manifestaziora deitu dute ostegun honetarako. Laudioko Herriko Plazan bilduko dira, 19:00etan. Euskal herritar orori egin diote deia, protestan parte har dezan. «Osasun sistema publiko eta duina exijitzen jarraituko dugu».

Alderdi politiko guztiei ere dei egin die Temiñok, gaiarekin «serio joka» dezaten, eta «irtenbide egokiak bila ditzaten». Izan ere, gogoratu du osasun zentro bat eraikitzen ari direla eskualdean: «Zertarako eraiki azpiegitura gehiago, langilerik ez badugu gu artatzeko?». Are, larrialdietako lan baldintzak «prekarioak» direla salatu du, eta zerbitzu hori «indartsua» izan beharko litzatekeela erantsi. Izan ere, norbaitek EAG edo ZIU mugikor baten laguntza behar duenean, larri dagoelako izan ohi da, eta ospitalera ahalik eta azkarrena joan behar duelako. «Momentu honetan, hori ez da posible, ez Aiaraldean, ez eta Euskal Herriko beste toki batzuetan ere; hori onartezina da. Zenbat pertsonak hil behar dute, zerbait egin dezaten? Ezin dugu horrela jarraitu».

«Arriskua» gizartearentzat

LAB sindikatuak bat egin du osteguneko deialdiarekin. Laudion gertatutakoa gaitzetsi du ohar bidez, eta jakinarazi du horrek agerian uzten duela «biztanleria osoak» jasan behar duela «arriskua». Hain zuzen, sindikatuaren arabera, «ondoriorik zuzenena eta larriena bizilagun horrek eta haren senide eta lagunek jasan duten arren, gizarte osoak du antzeko ataka batetik igarotzeko arriskua». Doluminik «zintzoenak» adierazi dizkiete haren senide eta lagunei.

Hainbatetan adierazi duten bezala, LABek esan du Osakidetzako zuzendaritzak egungo egoerari «adabakiak» jartzen jarraitzen duela, besteak beste, aparteko orduen bidez. Adierazi dute neurriok ez direla onargarriak, eta arrisku egoerak areagotzen dituztela: «Langileek oso luzeak diren lanaldiak hartzen dituzte beren gain, eta horrek ere segurtasun gorabeherak eragiten ditu».

Zerbitzu askotan dauden hutsuneei eta, batez ere, larrialdietako egoerari konponbide bat emateko, «luze gabeko eta luzera begirako neurriak ezartzeko negoziazioa» eskatu du LABek. «Beharrezko neurriak egiturazkoak dira, eta urteak daramatzate alde batera uzten». Era berean, herritarrei dei egin diete, osteguneko elkarretaratzean parte har dezaten, «bermeak dituen osasun sistema publikoa defendatzeko eta horren ondorioak salatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.