MADRIL. Irailaren 9an, Frantziak Espainiaren esku utzi zuen Iratxe Sorzabal euskal presoa. Frantziako justizia administrazioak ezarritako zigorra bete ostean, Espainiara bidali zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalak ere 24 urte eta erdiko zigorra jarri baitzion joan den otsailean egindako epaiketan. Baina haren abokatuek epaiaren kontrako helegitea jarri dutenez, auzia ebatzi bitartean behin-behinean libre uzteko eskatu zuten haren abokatuek. Orain, Auzitegi Nazionalak erabaki du eskaera aintzat ez hartzea eta Sorzabalen behin-behineko espetxealdia luzatzea.
Auzitegi Nazionaleko epaileek uste dute bidezkoa dela erabakia , «egozten dizkioten delituen larritasuna» dela eta. ETAk Gijonen (Espainia) eginiko atentatu batean parte hartzea leporatzen diote. Presoak torturak salatu zituen epaiketan.
Haren abokatuek helegitea aurkeztu dute Espainiako Auzitegi Gorenean, uste baitute hari ere Atristain doktrina aplikatu ahal zaiola. Xabier Atristainen kasuan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak haren eskubideak urratu zituela, ez ziotelako konfiantzazko abokatua aukeratzen utzi.
Sorzabalen behin-behineko espetxealdia luzatuko dute
Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du abokatuek hura behin-behinean aske uzteko egindako eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu