«Bakearen, adiskidetzearen eta justizia trantsizionalaren garaia da, ez mendeku eta zigorraren garaia». Hori du izenburu nazioarteko zortzi ordezkariren sinadurek lagunduta argitara ateratako manifestu batek. Dokumentuan jasotako adierazpenek Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurkako epaiketa dute hizpide; bihar eta etzi epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hala, manifestuan eskatu dute epaileek aintzat har dezatela zein den gaur egungo jokaleku politikoa. Are, zehaztapena egin dute, hitz argiz: «Kartzelak husteko garaia da, ez betetzekoa».
Ikusi gehiago:Torturan oinarrituriko epaiketarik ez egiteko eskatu dute Irunen
Nazioarteko zortzi ordezkarik sinatu dute manifestua: tartean dira, esaterako, Nora Cortiñas Maiatzeko Plazako Amen elkarteko kidea, Brian Currin abokatu hegoafrikarra eta Gerry Kelly politikari irlandarra. Manifestuan, nabarmendu dute ezinbestekoa dela botere judizialak behar bezala errepara diezaiola egungo testuinguruari. «Epaiketa hau bakearen eta demokrazia inklusiboaren testuinguru politiko eraldatuan garatzen da», adierazi dute. Hain zuzen, gainera, gogora ekarri dute Sorzabalek «berebiziko garrantzia» izan zuela ETAren borroka armatua uzteko prozesuan: «Ausarta izan zen bakea eta indarkeriaren amaiera babestean».
Halaber, nazioarteko ordezkariek oroitarazi dute Iratxe Sorzabal torturatua izan dela. «Tortura eta tratu txarren salaketek zipriztindutako testigantzetan oinarritutako kondena luzeari egingo dio aurre epaiketan», ohartarazi dute. 2001ean torturapean eginiko deklarazioak izanen dira oinarri, zehazki.