Euskal presoak

Sorzabalek ukatu egin du leporatzen dizkioten atentatuetan parte hartu izana

Esan duenez, bere burua erruduntzat jo zuen torturetatik ihes egin ahal izateko.

gotzon hermosilla
2022ko otsailaren 7a
17:45
Entzun

Iratxe Sorzabal euskal presoak ukatu du fiskalak leporatzen dizkion atentatuetan parte hartu zuenik, haren kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan. 1996an Gijonen (Asturias, Espainia) ETAk leherkariz egindako bi atentatutan esku hartu izana egozten diote Sorzabali, baina akusatuak esan du inoiz ez dela Asturiasen egon, eta bere burua erruduntzat jo zuela Guardia Zibilak egin zizkion torturen ondorioz.

Fiskalak, Estatuaren Abokatutzak eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak 46 urteko espetxe zigorra eskatzen dute Sorzabalentzat. Leporatzen dizkioten atentatuak 1996ko azaroaren 2an gertatu ziren, Gijonen; lehenengoa Paz Fernandez Felgueroso Espetxe Auzietarako Estatu idazkariaren senarraren farmazian ezarri zuten, eta bigarrena, justizia jauregi berrian. Akusazioaren arabera, Sorzabal izan zen telefono deiak egin zituena lehergailuen berri emateko.

Sorzabalek, aldiz, esan du 1996tik 1997ko udara arte ETArekin izan zuen harreman bakarra izan zela Irun eta Hendaiaren arteko mugan ezarritako kontrolei buruzko informazioa ematea, baina ez zuela ezelako komandotan parte hartu eta, beraz, atentatuetan ere ez zuela esku hartu.

Sorzabal 2001ean atxilotu zuen Guardia Zibilak. Esan duenez, Intxaurrondoko kuarteletik pasatu ondoren Madrilera eraman zutenean hasi ziren torturak: «Autoan bertan hasi zen infernua. Han ezarri zizkidaten elektrodoak, han jo ninduten, iraindu, erre; han ito ninduten plastikozko poltsa batekin», azaldu du.

Madrilen, Guardia Zibilaren egoitza nagusian, tratua ez zen hobea izan, eta Sorzabalek esan duenez, deklarazioa buruz ikastera behartu zuten: han, bere burua erruduntzat jotzeaz gain, beste pertsona batzuk ere akusatu zituen; «batzuk ezagutzen nituen, beste batzuk ez; pasarazi zidaten infernu hartan ez nuen beste aukerarik izan. Guardia zibilei esan nien nahi izanez gero Carrero Blancoren hilketa ere nire gain hartzeko prest nengoela. Barre egin zuten, eta esan zidaten hori ez zela sinesgarria, baina lasai egoteko, beste asko egotziko zizkidatela eta haiek sinesgarri egingo zituztela».

Epailearen aurrean igaro zenean, leporatzen zizkioten delitu guztiak ukatu zituen, eta torturen berri eman zion Ismael Moreno epaileari. Gero, inkomunikazioa kendu ziotenean, haren abokatuak salaketa jarri zuen epaitegian. Fiskalak gogorarazi dio salaketa hura artxibatu egin zutela, baina Sorzabalek erantzun dio auzia berriro zabaltzekotan direla, froga eta agiri gehiago aurkeztuta.

Sorzabalek esan du bere salaketak oihartzun handia izan zuela nazioartean, eta, espetxean zegoela, Istanbulgo protokoloa ere ezarri zioten. Azterketa horretan ondorioztatu zuten Sorzabalen salaketa sinesgarria zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.