Iratxe Sorzabalen kontrako epaiketaren bigarren eta azken egunean, pairatutako torturen berri eman du berriz ere Sorzabalek: poltsa, elektrodoak, kolpeak... «Polizia deklarazioa egiten ez banuen, okerrago izango zen, eta ezin nuen gehiago», adierazi du, eta esan du hainbat delitu torturapean hartu zituela bere gain. Hain zuzen, horietako bat da 1995ean Alacanteko aireportuan (Herrialde Katalanak) lehergailu bat jarri izana. Gaur, ukatu egin du hori egin izana, baina fiskalak sei urteko espetxe zigor eskaerari eutsi dio. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du.
Atzo, lehergailua aurkitu zuen garbitzaileak eta ikerketan parte hartu zuten Espainiako zenbait poliziek eta guardia zibilek hartu zuten hitza. Sorzabalek 2001ean egindako polizia deklarazioak izan zituzten aipagai nagusi —ez dira froga gisa onartu—, eta ustez hark ETAko zuzendaritzari espetxetik bidalitako eskuizkribu bat; Sorzabalek ukatu egin du berak idatzi izana.
Fiskalaren esanetan, bi elementu dira, eta «bereizita» aztertu behar dira. Are gehiago, adierazi du idatzia aztertzeko ez direla kontuan hartu behar «atxiloketaren nondik norakoak». Nondik norako horiek, hain zuzen ere, torturak dira; Sorzabalek beste behin azaldu ditu epailearen aurrean.
Sorzabalek adierazi duenez, atxilotu eta Madrilera bidean zirela, harekin autoan zihoazen agenteek kolpeak eman zizkioten, poltsa jarri zioten buruan, eta deskargak eragin. Behin polizia etxean, besteak beste, poltsa jarri zioten, eta botaka aritu zen horregatik. Epaileak, baina, hor moztu egin dio deklarazioa. «Hamarnaka aldiz izan zen», gehitu du Sorzabalek.
Kontakizunari berrekin, eta adierazi du inkomunikazioko lehen egunean ez ziola utzi Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuari bera ikuskatzen, «beldurtuta» zegoelako, baina, torturek eragindako mina zela medio, hurrengo egunean baietz, utzi ziola ikuskatzen. «Auzitegi medikuak aztertu ninduenean jakin nuen [bizkarra] haragi bizitan nuela». Hark ospitalera bidaltzea erabaki zuen.
Hain zuzen, Benito Morentin auzitegi medikua arduratu zen gerora Sorzabalen tortura kasua aztertu eta hari Istanbulgo protokoloa aplikatzeaz. Haren esanetan, txostenean jasotzen diren askotariko elementuek, tartean, lesio fisiko —bizkarrezurreko patologiak, ondoeza, alopezia...— eta ondorio psikologikoek —trauma osteko estresa, psikoterapia beharra...—, bat egiten dute Sorzabalek torturez egindako adierazpenekin. Horien artean, azalean eragindako lesioak izan ziren argigarrienak, auzitegi medikuaren hitzetan. Izan ere, Sorzabali biopsia bat egin zioten, eta haren ondorioz diagnostika daiteke elektrizitate deskargak eman zizkiotela.
Tortura horien ostean, ospitaletik bueltan egin zuen lehen polizia deklarazioa Sorzabalek. «Ez nuen Guardia Zibilak esaten zidana egin beste aukerarik», lehen bi egunetan bizitakoa «sekulako infernua» izan baitzen. Azaldu duenez, adierazi beharrekoa «entseatzen» izan zuten, eta hiltzeko mehatxuak egin zizkioten. Ordurako Sorzabalek bi egun zeramatzan lorik egin gabe, esan duenez. Sorzabalek beste bi aldiz ere deklaratu zuen polizien aurrean, horiek ere «mehatxu» artean egin zituen: «Edozer egingo nuen. Gogoratzen naiz esan nuela nahi bazuten Carrero Blanco hil nuela ere sinatuko nuela, eta barre egin zidaten; hori ez zuela inork sinistuko, baina gainerakoa bai».
Beraz, Aiert Larrarte defentsa abokatuaren esanetan, ezin da aztertu gabe utzi Guardia Zibilak torturatu egin zuela inkomunikazio aldian. Hain zuzen, adierazi du ez dela erraza izaten torturen eragin fisikoak jasoak egotea epaiketetan, baina oraingoan badaudela. Hala, galdetu du ea nola den posible bere eskubideen berri duen norbaitek hasieran miaketa ez sinatzea, gero 22 delitu larri bere gain hartzea, eta ondoren hori ukatzea.
Narrazioa
Fiskalak, baina, hori kontuan ez hartzearen alde egin du bere azken adierazpenean. Argudiatu du ustez Sorzabalek ETAri bidali zion testuan polizien aurrean egindako deklarazioan baino xehetasun gehiago ematen dituela, baita akta hartan ez dauden zenbait ekintzen berri ere. Hala, bere ustez, Sorzabalek «egindakoen narrazio bat» da hura.
Eta Morentinek esandakoei erreparatuz, argudiatu du Sorzabali egindako ebaluazio psikologikoan zehazten dela atxiloaldiaren «oroitzapen nahasiak» zituela, eta horregatik idatzian jasotakoa ezin daitekeela izan poliziei esandakoaren narrazio bat.
Larrarte ez da iritzi berekoa. Hark zenbait argudio erabili ditu eskuizkribu hori froga gisa erabiltzearen kontra. Batetik, adierazi du ez dagoela hura Sorzabalekin lotzen duen azterketa grafologikorik, eta hari egotzita ere, ez dagoela esaterik egindakoen zerrenda bat dela, eta ez guardia zibilei kontatutakoena.
Izan ere, testuaren azterketa eginez, Iñigo Camino Euskal Filologian katedradunak adierazi du Sorzabalen idatziaren itzulpena «ona» bada ere, bost hutsune daudela. Horiek guztiek, filologoaren hitzetan, «hari semantiko bat» dute. Hau da, polizia etxean jasandakoei egiten diete erreferentzia. Besteak beste, hark dioenez, adierazitakoa «entseatzera» behartu zuten, eta galdekatu zuten agenteek «egurra emateko» nahia bazuten ere, uste zuela «egur fisiko gehiago» ez emateko agindu zietela. Gainera, testu hasieraren zati hau ere itzuli gabe utzi zuten: «Gero kontatuko dizuet nola atera zizkidaten gauzak, eta nola igaro ziren bost egun horiek. Hau da txakurrei esan nien guztia».
Beraz, Larrartek adierazi du testu hura Sorzabalek idatzi zuela onartuta ere, ea nola uler daitekeen hura eta jasandako torturak bereiztea: «Torturatua izan ez balitz hori idatziko luke?». Izan ere, Larrartek gogoratu du hura Sorzabalen bigarren atxiloketa izan zela, eta lehenengoan ez zuela halako ezer adierazi, nahiz eta epaiketa honetan egozten zaion ekintza ordurako egina zegoen: ekintza 1995ekoa da, baina Sorzabalek adierazi du 1996an sartu zela ETAn, eta 1997an atxilotu zutela lehen aldiz.